Marilo Gorostiaga, Jon Kirru Iparragirre

Euskal presoen hainbat giza eskubide urratzen dira Kartzeletan, jakina. Osasun eskubidearen urraketa da guztien artean larriena, zalantzarik gabe. Giza Eskubideen arloan diharduten hainbat pertsonek, legelariek eta oro har, euskal jendarteak eta erakundeek, gaixorik dauden presoen egoera behin eta berriro salatu badute ere, Madrilgo eta Parisko agintariek ez dute jarreraz aldatzen, ez diete eskaerei jaramonik egiten eta kartzelan dauzkate bere ingurutik urruti etxekoen eta lagunen babesik gabe.

Gaixotasunak ez daude erritmo politikoei begira, okerrera egingo dute konponbiderik jartzen ez bada, azken finean, frantziar eta espainiar kartzelatako ziega ilunetan itzaltzen ari diren persona horien bizitza dago jokoan. Aipagarria da, beste presoei onartzen zaizkien neurririk ez eskubiderik ez dutela euskal presoek, soilik  eurei aplikatzen zaizkien legeek ahalbidetzen dutela egoera latz hori.

Salbuespen legediak ezarritako baldintza gogorrak eta xantaia dira egun kartzeletan eguneroko ogia. Justizia eta giza eskubideak baino gorrotoa eta mendekua dira darabilten jokabide horren ardatzak. Barne Ministeritzak diseinatzen du kartzelatako politika eta gero, epaitegiek aplikatu Europako Giza Eskubideen Tribunalaren erabaki eta irizpideei kasu zipitzik egin gabe. Duela 67 urte abenduaren 10ean Parisen aldarrikatutako Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala herren da hemen.

Gaixotasun larriak dituztenek behar duten tratamendu egokiarentzat traba da kartzela kasu batzutan eta eragozpen handia bestetan. Eritetxera trasladoak abentura beldurgarri bilakatzen dira sarri, gizatasun apurrik dutenei oilo ipurdia eragiteko moduko egoerak bizi ohi dituzte horietan.

Gaixotasun sendaezinak dituzten presoek baldintzapeko askatasuna jasotzeko eskubidea dute, legedian jasotako neurriak aplikatu behar zaizkie, gaixotasunak ez dezan okerrera egin, konfiantzako medikuek artatu ditzaten, etxetik hurbil den eritetxean etxekoen eta  lagunen goxotasun eta babesean.

Egun 12 dira gaixo dauden presoak, gehienak jaioterririk urruti, kilometro askotara kartzelan, zaintza egokirik gabe. Ibon Fernandez Iradi, Jose Ramon Lopez de Abetxuko Likiniano, Aitzol Gogorza Otaegi, Gorka Fraile Iturralde, Ibon Iparragirre Burgoa, Garikoitz Arruarte Santa Cruz, Txus Martin Hernando, Josetxo Arizkuren Ruiz eta Iñaki Etxeberria Martin, Lorentxa Guimon, Jagoba Codo Calleja eta Jose Miguel Etxeandia Meabe.

 

Euskal jendarteak pixkanaka zauriak itxi eta konponbidearen zein bakearen aldeko urratsak eman nahi ditugu, baina bi Gobernuen erantzuna eta jarrera ez da jendarteak espero zuena izan azken urteotan. Bidea oztopoz eta traba astunez beteta daukagu. Bideko harriak kentzeko denon ahalegina eta konpromisoa behar beharrezkoa dugu.

Gaixorik kartzelan daudenen egoera hain larria izanik ezinbestekoa da erantzun azkarra, bateratua eta indartsua, alperrik da Madril eta Parisen zain egotea; gure esku dago, gure ekarpena egin behar dugu; egoera irauli nahi dugun guztion indarrak batuta ekarriko ditugu gaixo dauden presoak etxera, gutako bakoitzaren ahalegina bestearenarekin elkartuta amaituko dugu sakabanaketarekin eta iheslari zein deportatuek jasaten duen jazarpenarekin, beti ere, erronka eta helburu handiagorik alboratu gabe: preso, iheslari eta deportatuak  etxean ikusi nahi ditugu.

Bideko harriak mugitu behar ditugu! Hasi gara piskanaka, hurrengo erronka “Aske eta bizirik SOS, larriki gaixorik dauden presoak etxera” leloarekin Durangon asteartean burutuko dugun manifestazioa izango da, Liburu eta Diska azokaren ataritik 12:30etan abiatuta. Eta indarrak batzen jarraituko dugu Bilbon eta Baionan urtarrilaren 9ko mobilizazioan. Gure indarra zurearekin batuz, denon artean lortuko dugu.