Albisteak

HEMENDIK AURRERA INDARRAK BIKOIZTUKO DITUGU “ETXERAKO BIDEAN”

Gaurko prentsaurreko honen helburua da herritar guztiei deialdi zabal bat egitea urriaren 23an Donostiako kaleak zeharkatuko dituen manifestazioan parte har dezaten, “Ibilian Ibilian, etxerako bidean” lelopean, salbuespen-politika aplikatzeari utzi behar zaiola eta euskal presoak etxera itzultzeko prozesua martxan jarri behar dela aldarrikatzeko. Manifestazioa 17.00etan hasiko da, Antiguoko tunelean, eta Pio XII.aren plazan amaituko da ekitaldi berezi batekin.

Deialdiarekin batera, euskal presoen egoerari buruzko balorazio txiki bat egin nahi dugu.

2020ko udaren hasieran, euskal presoak mugitzeko-hurbiltzeko mugimendu txiki batzuk izan ziren. Harrez geroztik, Euskal Herritik urrunen dauden espetxeak euskal presorik ez dutela ekingo diogu udazken honi.

Zalantzarik gabe, egoera honek presoen senideen zama apur bat arintzea ekarri du, astero-astero bisitara hutsik ez egiteko hamarkada luzeetan egin behar izan dituzten bidaia luzeak laburtu direlako. Baina, halaber, alerta-egoera eragin behar digu guztioi, ez baitugu lagundu nahi egoera hau normalizatutzat jotzen.

Ez baitago normalizatuta. Oraindik ere luzea da egin beharreko bidea, eta oztopo ugari eta garrantzitsuak aurkituko ditugu, baina gu guztion esfortzuari esker gainditu ahal izango ditugu.

Datuek argi erakusten dute salbuespen-politika indarrean dagoela eta eskubideak urratzen jarraitzen dutela, eta kasu batzuetan urratze hori gero eta larriagoa dela.

  • Preso horietatik, soilik 64 daude Euskal Herrian, hau da % 32.

  • Aurten, ia guztiak pasatu dira lehen gradutik bigarrenera, baina soilik 10 pasatu dira bigarrenetik hirugarren espetxe-gradura, hau da, % 5.

  • Eta egoera hau mantentzen bada, euskal preso ia guztiek ez dute aukerarik izango espetxeko araudiaz baliatzeko, eta 40 urtera arteko espetxe-zigorrak osorik betetzera kondenatuta daude.

  • Egoera hori ohartarazpena izan behar da erakundeetatik eta sektore politikoetatik preso horiei oraingo espetxe-araudiak eskaintzen dituen tresnak erabili behar zituztela esan zieten horientzat.

Horregatik, orain, guk geuk eskatzen diegu erakunde horiei lan egin dezatela orain arte salbuespen-arauak baino jasan ez dituzten pertsona hauei benetan araudi arrunta aplika diezaieten.

Zer ekarri behar du aldaketa horrek?

  • Salbuespen-araubidea desagertzea

    • 2. gradutik 3. gradurako progresioa kondenaren ½ beteta dagoenean ezarri behar da, Espainiako estatuko espetxeetan dauden gainerako presoei aplikatzen zaien bezala.

    • Gogoratu behar da gainerako preso horien % 1ek baino ez duela amaitzen kondena bigarren graduan. Euskal presoen kasuan, berriz, ehuneko hori % 87koa da.

    • Fiskaltzaren edo epaileen blokeoa desagertu behar da. Izan ere, sistematikoki errekurtsoak aurkezten dituzte tratamendu-batzarrek, sarritan aho batez, gradu-progresioak edo baimenak emateko hartzen dituzten erabakien kontra.

Oztopoak jartzeko jarrera hori ez dator bat justizia ezartzeko irizpidearekin, justiziaren politizazioarekin baizik, eta, horren aurrean, berriro aldarrikatu behar dugu espetxe-zaintzako epaitegi zentralak Auzitegi Nazionalaren menpe egoteari utzi behar diotela eta hurbilekoek hartu behar dutela ardura hori, lehenago bezala.

  • BAIMENAK. Egoera bera gertatzen da tratamendu-batzarrek espetxe-baimenak emateko hartutako erabakien kontra jarritako errekurtsoekin. Ez dugu ahaztu behar baimen horiek izateko eskubidea dutela presoek kondenaren ¼ beteta dutenean.

HEMENDIK AURRERA, INDARRAK BIKOIZTUKO DITUGU ETXERAKO BIDEAN

Horregatik, urriaren 23an kaleak hartuko ditugu berriro. Oso argi daukagu bulegoetako aldarrikapenak kalean presentzia aktiboa izatearekin uztartu behar ditugula.

Ez delako ezer amaitu Andaluziako, Levanteko edo Galiziako espetxeetatik hurbilago dauden espetxeetara aldatzearekin.

Urruntze- eta sakabanatze-politika ez delako amaitu; benetan desagertuko da preso guztiak EHn daudenean.

Gure itxaropena da urrian aldaketak errealitate bihurtzen hastea.

Eusko Jaurlaritzak espetxeen arloko eskumena bereganatzeak egoera aldatzea ekarri behar du. Euskal Administrazioak iragarri zuenez, espetxe-politika arrunta aplikatuko du, pribilegiorik gabe, baina bazterketa politikorik gabe. Berehala aplikatu behar da politika berri hori, baina ez soilik jada EHn dauden presoei. EZ. Oraindik Espainiako estatuko espetxeetan sakabanatuta dauden guztiei aplikatu behar zaie ere.

Inor ez da utzi behar iragarri zaigun espetxe-araudi berri honetatik kanpo. Premisa hori betetzen ez bada, eutsi egingo zaio eskubideen urraketari eta salbuespen-araubideari.

Ez dugu pribilegiorik eskatzen. Justizia eskatzen dugu. Eta hori aldarrikatuko dugu urriaren 23an Donostiako kaleetan.

Bakean eta bizikidetzan bizi den Euskal Herria lortzea guztion ardura da eta, horregatik, inor ez da geratu behar SAREk eta beste eragile politiko, sindikal eta sozial batzuek eskatzen dugun konponbidetik at.

 


Gaurko agerraldi honekin, sare herritarrak irailaren 29-tik urriaren 2-ra, gau eta egun atsedenik gabe, Nafarroa osoa zeharkatuko duen ekimen ibiltaria aurkeztu nahi du.

Sarri luzea da bidea, batzuetan malkartsua, bestetan bidegurutzez betea. Baina bidea da bide, norabait iristeko bide. Norberak egiten duena edota taldean. Izan ere, bidea egin egiten da. Urratsez urrats, ibilian-ibilian.
ETXERATZE PROZESUA, ETXERAKO BIDEA. Hori da gure helburua. Hori da gure bidea. Euskal preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidea. Urtetako sufrimendua atzean utzi eta elkarbizitza eta bakeari ekarpena egiteko beharrezkoa den urratsa da etxeratze prozesua.

Ibilian-ibilian eta pixkanaka bada ere euskal presoen egoera aldatzen ari da. Hiru hamarkada baino gehiago behar izan ditugu. Egoera berria pertsona askoren esfortzuei esker lortu da: Euskal Herriko hiritar, alderdi politiko, sindikatu, hainbat eta hainbat herri eragile, instituzio eta noski, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideei eta hainbat biktimen esfortzuari esker.

Hala ere ez dugu lortu oraindik presoen korapiloa erabat askatzea. Legea erabili zuten eskubideak ukatzeko, legearen interpretazio ankerrena egin zuten espetxe politika gizagabea abian jarri eta bideratzeko. Atzean utzi nahi ditugu legea eskubideak urratzeko erabiltzen ziren garaiak. Atzean utzi aurrera egin nahi dugulako, aurrera egin ahal izateko, baina noraino? Presoak etxean izateraino. Eta horretarako, denak behingoz, etxerako bidean jarri behar ditugu.

Finean, urteetan indarrean egon den salbuespeneko espetxe politikarekin amaitzera goazela esaten ari gara. Salbuespen-politika urratzaile horrekin amaitzeko bidean gaudela, urteetan zehar betikotu dutena, eta espetxean egonaldi eternalak eta senide eta lagunentzako sufrimendu-urteak gogortu dituena amaitzeko bidean dugula, eta behin betiko amaitu behar dugula espetxean dugun herritar bakoitza etxerako bidean jartzeko.

Ibilian-ibilian egin behar dugu hemendik aurrerako bidea ere. Argi izanda oraindik bide luzea dugula egiteko.

Nafarroan indartsu ekin nahi diogu bigarren fase honi eta ekimen esanguratsu bat aurkezteko bildu gara gaur Lesakan. Irailaren 29tik urriaren 2ra, Lesakatik Berriozarrera, gau eta egun, herrialde osoa zeharkatuko duen martxa ibiltaria izanen da presoen etxeratzea aldarrikatzeko Nafarroan eginen dugun erronka berria. Guztira 74 errelebo, 72 orduz atsedenik gabe, 352km pausoz-pauso, urratsez urrats, ibilian-ibilian. Hortaz, nafar jendartea ekimen honetan parte hartzera gonbidatu nahi dugu, herriz-herri, auzoz-auzo ekimena landuz eta babestuz. Esan bezala, irailaren 29an, asteazken arratsaldean Lesakatik abituko da eta urriaren 2an, arratsaldez, herrialdeko mobilizazio batekin amaituko da Berriozarren.

Presoak etxerako bidean jarri behar ditugu. Eta bide hori guztion artean egin behar dugu, Ibilian-ibilian, egin dezagun elkarrekin, preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidea!


Salbuespen legedia salatu eta bertan behera gera dadin eskatu dute Bilbon egin den manifestazioan

BILBO MANIFESTAZIOA: IRAKURKETA KONPARTSAK

Aurtengoan ere, Covid-19a dela eta, bilbotarrok ezin izan dugu gure Aste Nagusia nahi moduan ospatu. Mari Jaiak dakarzkigun poza eta alaitasuna pandemia egoera honek ilundu ditu, baina ez ditu itzali. Egun hauetan hala ikusi ahal izan dugu eta gaurkoa ere horren adibidea da.

Konpartsetako kideok buru-belarri aritu gara egun hauek ekimen eta kolorez betetzen, bilbotarrok eta baita inguruko guztiek ere egun berezi hauek gozatu ahal izateko. Eta gaurkoan ere, urtero moduan, hemen egon ezin duten horien eskubideak ekarri nahi izan ditugu erdigunera.

Euskal preso, iheslari eta deportatuen egoera, oraindik ere, aurtengo Aste Nagusia moduan, ezohikoa izaten jarraitzen baitu, salbuespen legediaren ondorioz. Konpartsetako kideok egoera hau salatzeko tartea hartu nahi izan dugu, egoera honekin amaitzeko ordua dela uste baitugu. Horretarako, herritarron aktibazioa behar-beharrezkoa da, gutako bakoitzaren konpromisoa eta elkartasuna egoera aldatzeko bultzada baita.

Konpartsetako kideok gaur kalera irtetea erabaki dugu euskal presoei oraindik aplikatzen zaien salbuespen-legedia desagertu egin behar dela aldarrikatzeko. Salbuespen-legedi horrek presoen oinarrizko eskubideak urratzen jarraitzen du eta oztopo bat da euskal preso guztiek egin behar duten etxera itzultzeko prozesua gauzatzeko. Horregatik, herritarrak animatu nahi ditugu bidea egitera egoera honi amaiera emateko, gu, herritarrak garelako aldaketarako bultzada.

Milesker guztioi hemen gurekin bat egiteagatik. Jarrai dezagun bidea egiten!

BILBO MANIFESTAZIOA: IRAKURKETA SARE

Lehenik eta behin, eskerrik asko guztioi; batetik, gaurkoan ere gurekin bat eginez hemen elkartzeagatik. Bestetik, mila esker urte hauetan izan duzuen konpromisoagatik, zuen elkartasunagatik eta zuen aktibazioagatik. Hori gabe ez ginatekeen sekula honaino iritsiko. Ekimen eta ekintza txiki bakoitzarekin, kalera irten den pertsona bakoitzari esker, antolatu garen herri eta auzo bakoitzean sortutako dinamikei esker, aldaketaren motorra garela erakusten ari gara; elkarbizitzan aurrera egin, eta bakea ipar duen motorra.

Ikasturte berezia izaten ari da 2021. urtekoa. Iaz hasi zen mundu mailako pandemiak ekarritako egoera honek gure bizimoduetan aldaketa nabarmenak eragin ditu, bai, baina esan beharra dugu, euskal presoen auziari dagokionean, etorri diren aldaketek argi izpi bat ere ekarri dutela urte zail honetan.

Hamarkada luzeen ostean, urruntze politikarekin amaitzeko urrats esanguratsuak eman dira eta hori bereziki senide eta lagunen zama arintzeko ezinbestekoa izaten ari da. Horrez gain, lehen urrats garrantzitsua da euskal presoek garatu beharreko etxeratze bidea aurrera eraman ahal izateko ere. Baina ez da nahikoa. Batetik, oraindik ere Euskal Herritik kanpoko espetxeetan jarraitzen duelako presoen gehiengoak, eta, bestetik, graduen progresioa preso guztiei era normalizatuan ezartzea prozesu hori garatzeko behar-beharrezko tresna delako. Salbuespen legedia bere horretan bertan behera geratu ezean, ordea, normalizazio hori, legedi arruntaren ezarpena alegia, ez baita emango.

Horregatik, egoera berri honek zabaldutako bidean urratsak ematen jarraitzeko, salbuespen legedia atzean utzi eta graduen progresioa gauzatu dadin, mobilizatzen jarraitu behar dugu. Gaur Bilbon batu gara, lehenago, udan zehar, Iruñean, Gasteizen eta Donostian egin diren mobilizazioei testigua hartuz. Ibilian-Ibilian etxerako bidean lelopean mobilizazio ugari antolatu ditugu eta antolaketa lan horretan jarraituko dugu datozen bi hilabeteetan ere; batetik, herrialdez herrialde egingo diren martxa ibiltariekin eta bestetik, urriaren 23an Donostian egingo dugun Manifestazio Orokorrarekin.

Ibilian jarraituko dugu, preso guztiak etxera ekartzeko, bizikidetza eta bakerako bidea egiten.

Jarrai dezagun Ibilian-Ibilian, etxerako bidean.


Datorren ostiralean, hilak 27, SARE Bilboko kaleetan zehar mobilizatuko da «Ibilian-ibilian etxerako bidean» kanpainaren barruan.

Aurtengoan ere, Covid-19a dela eta, bilbotarrok ezingo dugu gure Aste Nagusia nahi moduan ospatu. Mari Jaiak dakarzkigun poza eta alaitasuna pandemia egoera honek ilundu ditu, baina ez ditu itzali.

Konpartsetako kideok aurtengoan ere, ezohiko egoeran izan arren, lanean jarraitzen dugu bilbotarrok eta baita euskal herritar guztiok data berezi hauek ahal den neurrian goza ditzagun. Baita urrun daudenek ere.

Aurreko urteetan egin moduan, aurtengoan ere Sare Herritarraren mobilizaziora batuko gara, jaiak eta aldarriak biak bat direla ulertzen baitugu, eta Bilbon ere hutsik diren aulkiak betetzeko ordua dela uste dugulako.

Ikasturte berezia izaten ari da 2021. urtekoa. Iaz hasi zen mundu mailako pandemiak ekarritako egoera honek gure bizimoduetan aldaketa nabarmenak eragin ditu, bai, baina esan beharra dugu, euskal presoen auziari dagokionean, etorri diren aldaketek argi izpi bat ere ekarri dutela urte zail honetan.

Hamarkada luzeen ostean, urruntze politikarekin amaitzeko urrats esanguratsuak eman dira eta hori bereziki senide eta lagunen zama arintzeko ezinbestekoa izaten ari da. Horrez gain, euskal presoek garatu beharreko etxeratze bidea aurrera eraman ahal izateko ere, lehen urrats garrantzitsua da. Baina ez da nahikoa. Batetik, oraindik ere Euskal Herritik kanpoko espetxeetan jarraitzen duelako presoen gehiengoak, eta, bestetik, graduen progresioa preso guztiei era normalizatuan ezartzea prozesu hori garatzeko behar-beharrezko tresna delako. Salbuespen legedia bere horretan bertan behera geratu ezean, ordea, normalizazio hori, legedi arruntaren ezarpena alegia, ez baita emango.

Horregatik, egoera berri honek zabaldutako bidean urratsak ematen jarraitzeko, salbuespen legedia atzean utzi eta graduen progresioa gauzatu dadin, mobilizatzen jarraitu behar dugu.

Dei egiten dizuegu, Bilboko eta Bizkaiko herritar guztiei, datorren abuztuaren 27an 19.30ean Eliptika plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera. Jarrai dezagun Ibilian-Ibilian, etxerako bidean.


Donostian egin den Manifestaziorekin amaitu da Gipuzkoako «Ibilian-ibilian etxerako bidean» dinamika

Sarri luzea da bidea, batzuetan malkartsua, besteetan bidegurutzez betea. Baina bidea da bide, nonbaitera iristeko bide. Norberak egiten duena edota taldean. Izan ere, bidea egin egiten da. Urratsez urrats, ibilian-ibilian.
Ibiltari, ez dago biderik; ibilian-ibilian egiten da bidea. Hala esan zuen Antonio Machadok. Eta hala erakutsi du urteen joanak. Gaur, eskerrak ematea dagokigu. Eskerrak eman behar dizkizuegu zuei guztioi zuen konpromisoagatik, zuen elkartasunagatik eta zuen aktibazioagatik. Zuek gabe inoiz ez ginen iritsiko orain gauden lekura. Denok espero genuen eta, batez ere, 30 urtetik gora milaka kilometrora urrunduta egon diren euskal presoen senideek eta lagunek espero zuten une honetara. Gaur, amaieraren hasieran gaude. Urruntze-politikaren amaieraren hasieran. Atzean utzi ditugu urrunen zeuden kartzelak. Orain, etapa berri bati ekin behar diogu. Orain, ibiltzen jarraitu behar dugu bidea egiten jarraitzeko: euskal preso guztiak etxera itzultzeko bidea.

Eskerrik asko. Mila esker zuen konpromisoagatik, zuen elkartasunagatik eta zuen aktibazioagatik. Hori gabe ez ginatekeen sekula honaino iritsiko. Ekimen eta ekintza txiki bakoitzarekin, kalera irten den pertsona bakoitzari esker, antolatu garen herri eta auzo bakoitzean sortutako dinamikei esker, aldaketaren motorra garela erakusten ari gara; elkarbizitzan aurrera egin eta bakea ipar duen motorra.

Etapa berri bati hasiera ematen ari gara; urruntze politika atzean utzi eta euskal preso eta iheslarien etxerako bidea egiteko etapari. Eta horretan ari gara gaur ere. Bi aldarri nagusiren baitan: euskal preso guztien euskalherriratzea eta graduen progresioa. Hori da datozen hilabeteetan ahalbidetu beharreko bidea. Horixe baita euskal presoak etxeratzeko jarraitu beharreko bidea. Legez, Euskal Herritarrak diren heinean, zigorra hemengo espetxeetan betetzea baitagokie. Eta gainontzeko presoei ezartzen zaien legedi arrunta jarraituz, 3/4ak beteak izatean, baimenak eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aukera izatea. Ez gara inolako pribilegio ez mesederik eskatzen ari. Preso den pertsona oro gisa, euren eskubideak errespetatu eta legea betetzeko eskatzen ari gara.

Finean, urteetan indarrean egon den salbuespeneko espetxe politikarekin amaitzera goazela esaten ari gara. Orain arte moduan, zuon guztion indar eta bultzadaz.

Eta horretarako, gaur manifestazioan zehar batu ditugun aldarriak ere erreparatu behar ditugu. Izan ere, salbuespen legediak ertz asko ditu, eta oraindik ere, aipatutako urratsak eman diren arren, badira askatu beharreko korapiloak espetxe politikaren baitan:

Batetik, larriki gaixo diren presoen korapiloa askatzea dagokigu. Urte guzti hauek agerian utzi dute espetxea eta gaixotasuna ez direla uztargarriak, ez bada, berau heriotzara kondena bilakatzeko. Tamalez, behin baino gehiagotan bizi behar izan baitugu amaiera lazgarri hori. Legeak ere, hala dela adierazten digu, gaixo den presoak zigorra etxean, senideen babesean eta konfiantzazko medikuaren jarraipenarekin betetzeko aukera jasotzen baitu. 19 dira gaixotasun larria pairatuz oraindik espetxean mantentzen dituzten euskal presoak. Preso bakar batzuen kasuek, beharrezko zentroetara edo etxera eraman dituzten horienak, baldintza egokietan gaixotasunari aurre egin dakiokeela erakutsi digute. Heriotza gehiago bizi ez ditzagun, larriki gaixo diren presoak etxean egon behar dute.

Bestetik, preso diren emakumeen korapiloa askatu beharrean gaude. Espainiar zein Frantziar espetxeetan preso diren emakumezkoak oraindik urrunketa eta bakartze egoera jasaten ari baitira. Sarri esan izan dugu emakume presoek zigor bikoitza jaso dutela, batetik, epaiak ezarritakoa eta bestetik emakume izateagatik gehitzen zaiena. Salbuespen legediak ezartzen dituen ezohiko neurriez gain, emakumezkoak emakumeentzat prestatuta ez dauden espetxeetan igaro behar dute euren zigorraldia, eta sarri, sakabanaketaren ondorioz beste kiderik gabe egotea tokatu zaie, honek dakarren isolatze sentipena jada gogorra den egoerara gehituz. 29 dira guztira bi estatuetan preso diren emakumezkoak. Gaur ere, zigor bikoitz horrekin amaitzeko eskatzen ari gara, emakumezko preso guztiak lehentasunez euskalherriratu ditzaten, bakartze eta urruntze egoerarekin behingoz amaitzeko.

Emakumeen kasuan gertatu ohi den moduan, antzeko zerbait gertatzen da ere familia izatea erabaki duten presoekin ere, espetxea ez baitago eskubide hori duin bermatzeko pentsatua, are gutxiago salbuespen legedia ezartzen denean. Motxiladun haurrek, aita, ama edo biak espetxean dituzten haur, nerabe eta gazteek, urte guzti hauetan kilometroak egitera behartuak egon dira, euren gurasoen besarkada jaso ahal izateko. Oraindik ere, kilometro gehiegi daude batzuen zein besteen artean. Covid egoerak ez du hori samurtzen lagundu, kontrara, kontaktua ere etetea ekarri baitu, haur batzuen kasuen urte’terdi luzez. Haur hauek gurasoekin egoteko duten eskubidea eta preso diren pertsonak guraso izateko eta familiarteko bizitza izateko duten eskubidea da ezohiko espetxe politika honek birrintzen duena. Berriro ere, berehalako euskalherriratzea eskatzen dugu eta Euskal Herriko espetxeetan familia moduluak ahalbidetzea. Bestelako politika bat egin nahi bada, haurren eskubideak eta familiarako eskubidea erdigunera ekarri behar dugu.

Genion moduan, salbuespen legediak erpin asko ditu. Hala da ere, preso adinduen kasuan. Zigorraren zati handiena betea izan arren eta 65 urtetik gora izan arren, espetxean jarraitzen dute, Euskal Herritik kanpo dauden espetxeetan ere, baimenik eskuratu gabe eta hirugarren gradura igaro gabe, euren etxerako prozesuan aurrera egin ezinik.

Hauek dira gaur egin dugun ibilbidean zehar islatu nahi izan ditugun aldarriak. Baina gaurkoak, bereziki beste aldarri bat ere gehitu nahi dugu aipatutakoei; denbora da Sarek 7/2003 legea bertan behera geratzeko eskatzen duela, lege honek 60 preso ingururi eragiten die eta, finean, bizi osorako espetxe zigorra era kamuflatuan ezartzea dakar.

Amai dezagun egoera honekin. Jarrai dezagun urratsak ematen. Jarrai dezagun ibiltzen. Jarrai dezagun bidea egiten. Etxerako bidea. Elkarbizitzarako eta bakerako bidea.

Ez gaitezen geratu, segi dezagun mugimenduan. Horregatik, gaur, gurekin bidea egiten jarraitzeko eskatu nahi dizuegu, datozen hilabeteetan Euskal Herriko luze zabalean antolatzen ari garen mobilizazio eta ekimenetan parte hartuz, eta bereziki, datorren urriaren 23an Donostian egingo den mobilizazio orokorrean.


Euskal preso guztien euskalherriratzea eta graduen progresioa eskatu dute gaur Gasteizen

Sarri luzea da bidea, batzuetan malkartsua, besteetan bidegurutzez betea. Baina bidea da bide, nonbaitera iristeko bide. Norberak egiten duena edota taldean. Izan ere, bidea egin egiten da. Urratsez urrats, ibilian-ibilian.

Ibiltari, ez dago biderik; ibilian-ibilian egiten da bidea. Hala esan zuen Antonio Machadok. Eta hala erakutsi du urteen joanak. Gaur, eskerrak ematea dagokigu. Eskerrak eman behar dizkizuegu zuei guztioi zuen konpromisoagatik, zuen elkartasunagatik eta zuen aktibazioagatik. Zuek gabe inoiz ez ginen iritsiko orain gauden lekura. Denok espero genuen eta, batez ere, 30 urtetik gora milaka kilometrora urrunduta egon diren euskal presoen senideek eta lagunek espero zuten une honetara. Gaur, amaieraren hasieran gaude. Urruntze-politikaren amaieraren hasieran. Atzean utzi ditugu urrunen zeuden kartzelak. Orain, etapa berri bati ekin behar diogu. Orain, ibiltzen jarraitu behar dugu bidea egiten jarraitzeko: euskal preso guztiak etxera itzultzeko bidea.

Eskerrik asko. Mila esker zuen konpromisoagatik, zuen elkartasunagatik eta zuen aktibazioagatik. Hori gabe ez ginatekeen sekula honaino iritsiko. Ekimen eta ekintza txiki bakoitzarekin, kalera irten den pertsona bakoitzari esker, antolatu garen herri eta auzo bakoitzean sortutako dinamikei esker, aldaketaren motorra garela erakusten ari gara; elkarbizitzan aurrera egin eta bakea ipar duen motorra.

Etapa berri bati hasiera ematen ari gara; urruntze politika atzean utzi eta euskal preso eta iheslarien etxerako bidea egiteko etapari. Eta horretan ari gara gaur ere. Bi aldarri nagusiren baitan: euskal preso guztien euskalherriratzea eta graduen progresioa. Hori da datozen hilabeteetan ahalbidetu beharreko bidea. Horixe baita euskal presoak etxeratzeko jarraitu beharreko bidea. Legez, Euskal Herritarrak diren heinean, zigorra hemengo espetxeetan betetzea baitagokie. Eta gainontzeko presoei ezartzen zaien legedi arrunta jarraituz, 3/4ak beteak izatean, baimenak eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aukera izatea. Ez gara inolako pribilegio ez mesederik eskatzen ari. Preso den pertsona oro gisa, euren eskubideak errespetatu eta legea betetzeko eskatzen ari gara.

Finean, urteetan indarrean egon den salbuespeneko espetxe politikarekin amaitzera goazela esaten ari gara. Orain arte moduan, zuon guztion indar eta bultzadaz.

Esaten ari garena da bertan behera utzi behar dela salbuespen politika hau, urteetan eta urteetan mantendu dena eta eskubideak urratu dituena, espetxeko egonaldi amaigabeak gogortuz eta senide eta lagunei urte luzeetako sufrimendua ezarriz. Eta gaur ez ditugu ahazten gaixotasun larriak izan arren oraindik espetxean dauden presoak; haietako askok ez daukate sendatzeko aukerarik eta hiltzear daudenean baino ez diete uzten etxera bueltatzen. Bat gehiago ere ez. Gaixotasun larriak dituzten preso guztiak kartzelatik atera behar dituzte berehala. Pasatzen den egun bakoitza egun bat gutxiago da dituzten gaixotasunei aurre egiteko borrokan.

Amai dezagun horrekin. Jarrai dezagun urratsak ematen. Jarrai dezagun ibiltzen. Jarrai dezagun bidea egiten. Etxerako bidea. Elkarbizitzarako eta bakerako bidea.

Ez gaitezen geratu, segi dezagun mugimenduan. Horregatik, gaur, gurekin bidea egiten jarraitzeko eskatu nahi dizuegu, datorren urrirako antolatu dugun ekimenean. “Ibilian-Ibilian, etxerako bidean” lelopean, urriaren 7, 8 eta 9an gau eta egunez, geratu gabe, Araba zeharkatuko duen martxa ibiltarira gonbidatu nahi zaituztegu.

Hori da; berriro eskatzen dizuegu ez gelditzeko, gurekin bidea egiten jarraitzeko, eta, “Ibilian-Ibilian, etxerako bidean” lelopean, urriaren 7, 8 eta 9an gau eta egunez, geratu gabe, Araba zeharkatuko duen martxarekin bat egiteko.

Guztion artean lortuko dugu.

 


Urriaren7tik 9ra «Ibilian-ibilian etxerako bidean» Arabako itzulia burutuko da

Ibilian ibilian etxerako bidean, hori da, udaran antolatu ditugun manifestazioen leloa, eta baita hemen Gasteizen bihar ere arratsaldeko 18:30etan Bilbo Plazatik. Ibilian ibilian, presoen etxeratze prozesua martxan dagoelako, hiru elkartasun urrats irudikatuko ditugu bihar Gasteizko kaleetan zehar.

Atzean utzi ditugu urrunduen dauden kartzelak, lehen graduak edo isolamendua, eta honek fase zahar baten itxiera ekarri du, baina berri baten irekiera ere, eta fase berri honetan, bide luzea dugu egiteko denon artean.

Hamaika oztopo dituzte oraindik euskal presoak, legeak dioen ibilbideari ekiteko. Salbuespenezko neurri asko oraindik indarrean daude, eta guk, eta euskal jendartearen gehiengoaren nahiak bezela, neurri guzti hauek bertan behera geratzea nahi dugu. Salbuespenezko espetxe politika atzean utzi, eta lege arrunta aplikatzeko garaia da.

Ibilian ibilian jarraitu behar dugu, oraindik soilik presoen %33ª dagoelako Euskal Herriko espetxeetan, eta guztiak egon behar direlako. Gehiengoa oraindik 2. graduan dago, nahiz eta legeak esku artean izanda, 3. graduan, baimenekin edota baldintzapeko askatasunean egon beharko lirateke.

Beraz, hemendik, arabar guztioi biharko manifestazioan parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu, etxerako bidea azkartu eta bururaino eramateko kalean jarraitu behar dugulako.

Eta gaurkoan ere, urrian egingo dugun beste ekimen baten berri eman nahi dizuegu. Urriaren 7tik 9ra Araba zeharkatuko duen martxa bat egingo dugu, Arabako itzulia alegia. Agurainetik hasi eta hiru egunetan zehar, Arabako herri ezberdinetatik pasako gara gure aldarriak lau haizeetara zabalduz eta urratsez urrats presoen etxeratzea aldarrikatuz. Kanpezu, Bernedo, Trebiñu, Zaballako espetxea, Izarra, Amurrio eta Murgia izango dira besteak beste zeharkatuko ditugun herriak. Elkartasunez beteriko 185 kilometro izango dira, eta ekimena Gasteizen amaituko da urriaren 9an. Ibilian ibilian preso guztiak etxera ekartzeko garaia heldu delako. Beraz, data horiek gorde.

Pozik egon gaitezke eta bagaude, aurtengo urtea positiboa izan delako bai, baina ezin gara horretan geratu, lanean jarraitu behar dugu denak etxean izan arte.

 


Sare Herritarak positibotzat jotzen du atzo lau euskal presoak Euskal Herriratu izana

Uste dugu beharrezkoa dela prozesu horrekin jarraitzea, astiro bada ere, Eusko Jaurlaritzak urrian espetxeen transferentzia jaso arte itxaron gabe, eta presoak Euskal Herrian kokatzeko eskatzen hasi gabe. Jarraitu egin behar da.

Helburu horrekin, Sarek irekita mantenduko du euskal presoen eta haien familien eskubideak urratzen ari diren hamarkadei amaiera ematea beren esku duten instantzia politikoekin komunikatzeko bidea.

Era berean, Sarek positibotzat jo du tratamendu-batzorde batzuek espetxe-legeria aplikatzen jarraitzea, baimenak eta preso horiek dituzten beste neurri batzuk onartuz.

Ildo horretan, fiskaltzak eta zenbait epailek kartzeletako tratamendu-batzordeak onartutakoa aplikatu ez dadin aplikatzen duten etengabeko blokeoa salatzen dugu berriro.

Horrek inoiz baino premiazkoagoa egiten du, espetxeen transferentziarekin batera, Espetxe Zaintzako Epaile Zentralak (gaur egun Auzitegi Nazionalaren eskumenekoak direnak) hurbileko tokiko epaileengatik aldatzea, lehen ziren bezala.

Euskal erakundeei eskatzen diegu kontuan har dezatela eskaera hori, espetxe-politika arrunta aplikatzen lagunduko lukeena, eta, horrela, hainbeste sufrimendu eragiten ari den salbuespenezko legeria ordeztuko dugu.


Abuztuaren 21ean herrialdeko mobilizazioa deitu dugu Donostian

Ibilian-Ibilian etxerako bidean, badira dagoeneko hainbat aste Gipuzkoan barrena eskualdez eskualde dinamika martxan daukagula; Debaldeatik Buruntzara, Buruntzatik Goierrira, Goierritik Tolosaldeara, Tolosaldeatik Urolara, ondoren Oarsoaldera eta horrela abuztuaren 21ean Donostiara iritsi arte.

Gipuzkoako txoko guztietara zabaldu nahi dugu benetako elkarbizitza eta bakea eskuratzeko, presoen etxeratze prozesua azkartu eta helmugaraino eraman behar dela, presoak etxeratzeraino. Azken hilabeteetan pauso garrantzitsuak jorratu dira bide honetan. Horrek, besteak beste, fase zahar baten itxiera ekarri du, baita berri baten irekiera ekarri ere.

Isolamendua, lehen graduak eta urrutien dauden espetxeak atzean utzi ditugu behingoz, baina egoera berri honetan oraindik ere badira hamaika oztopo. Bigarren graduan egonik ere, orandik baimenak jasotzeko edota hirugarren edo baldintzapeko askatasunak lortzeko ateak ez daude guztiz zabalik. Gainera, beste hainbat salbuespen neurri bezala, euskal presoei dagokienez, oraindik ez zaie legeak dioen ibilbidea jorratzen uzten.

Hori da azken urteetan euskal jendartearen gehiengoak eskatzen duena, euskal presoei legeak berak dioen bidea irekitzea, neurri erantsirik gabe. Eta hori da, datorren abuztuaren 21ean Donostiako kaleetan aldarrikatuko duguna. Euskal presoak gerturatzea lortu badugu ere, argi dago EHra ekarri behar ditugula, larriki gaixoak etxean egon behar direla, emakumeei kartzela bikoitza jartzen zaiela, 85 motxiladun umek oraindik ezin dituztela besarkadak normaltasunez jaso…. Salbuespen neurri guztiak bertan behera geratzea ezinbestekoa dela aldarrikatuko dugu beste behin ere.

Horregatik guztiagatik, hemendik bertatik, Artzai onatik festa giroan aterako den manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen dugu. Abuztuaren 21ean arratsaldeko 17:30ean abiatuko dugu ekimena, zatozte!


Aurtengo Bizikleta Itzuliaren azken etapa Zumaian hasi eta Donostian amaitu da

Amaitu dugu aurtengo bizikleta itzulia. Ederra izan da. Milesker guztioi eta zorionak! 169Km egin ditugu guztira Garesen hasi eta Donostiaraino egindako hiru etapak batuz.

Hiru egun hauetan zehar, euskal preso eta iheslarien etxerako bidea izan dugu hizpide. Pedalkada bakoitzarekin, igarotako bide bakoitzarekin, etxerako bideari eman diogu bultzada. Demostratua baitago, egiten den ekintza eta ekimen txiki bakoitzarekin aldaketa bultzatzen ari garela, aurrera egiten goazela, murruak eta blokeoak eraisten gabiltzala, bide berriak zabaltzen ari garela.

Izan ere, azken hilabeteetan espetxe politikari dagokionean eman diren aldaketek, etapa berri bat zabaltzeko unea dela erakutsi dute. Urteetan ezarritako salbuespen legediaren oinarri nagusi izan den urruntze politika bere amaierara iristen hasia da.

Oraindik, euskalherriratzeak urriak badira ere, ematen ari diren gerturatzeak orain artean itxia zen bidea zabaldu dute eta guk bide hori amaieraraino egin dadin urratsak eman behar ditugu.

Orain arte egindakoari esker, Madrildik hegoaldera, urrunketaren alde ilunena izan diren espetxeak euskal herritarrez hustu daitezen lortu dugu. Orain Salbuespen legedia atzean utzi eta legedi arrunterako bidea egi bihurtu behar dugu, euskal presoek etxerako bidea egin dezaten.
• Preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara ekartzea
• Preso guztiei gradu progresiorako bidea ahalbidetzea eta bereziki zigorraren 3/4ak bete dituztenei 3.gradua ezartzea.
• Larriki gaixo diren eta 70 urtetik gorakoak diren presoen etxeratzea
• 7/2003 Lege Organikoaren baita zigortutako presoei legedi arrunta ezartzea.
• Zigorren batuketa egitea, aurrez betetako zigorrak birritan betearaztea ekidinez.

Jarrai dezagun norabide horretan pedalak astintzen, urratsak ematen eta kaleak betetzen. Euskal presoen etxerako bidea ahalbidetu eta elkarbizitzan eta bakean oinarritutako jendarte baten alde lanean jarraituko dugu.