Oharrak

Izadik gurasoekin egon behar duela aldarrikatzeko kalejira eta ikuskizuna azaroaren 13an Burlatan

Izadik gurasoekin egon behar du, eta hain bortitza izan daitekeen bereizketa hori ekidin behar dugu. Hilabeteak daramagu hori zabaltzen lau haizetara. Dinamika honekin hasi ginenetik harreman dinamika zabala burutu dugu eta sindikatuak, alderdi politikoak, eragile eta norbanako ezberdinak… garbi adierazi diguten moduan, izadi gurasoengandik ez banatzeko kontsentsua garbia da. Legeak baditu neurri ezberdinak banaketa ekidin eta izadi eta gurasoen familia harremana ez erabat apurtzeko, hori da eskatzen duguna. Beharrezko neurriak hartzea izadik gurasoekin egoteko duen eskubidea bermatzeko.

Izadiren 3. urtebetetzea gainean dugu, atzera kontaketa bere azkenekoetan dago hiru hilabete baino gutxiago besterik ez direlako falta banaketa iristeko. Garrantzitsua da babesaz gain, gure aldarria irudikatzea eta hori da datorren hilabetean burutuko dugun kalejira eta ikuskizunaren helburua. Asko eta asko garela “Izadi gurasoekin etxera” leloa gure egiten dugunak. Eta hau ozen eta alai esan nahi dugu azaroaren 13an adin guztiei zuzendutako ikuskizun eta kalejiraren bidez. Musika, txarangak, pailazoak… denetarik izango dugu gure aldarrikapena doinuz, kolorez eta alaitasunez betetzeko. Kalejira 16:30etan abiatuko da Burlatako Udal plazatik txaranga, joaldun eta musikaz alaituta eta gerora 18:00etan Burlatako Kultur Etxean, beste askoren artean, Zirika Zirkuseko Pantxika Lamur, Porrotx eta Txapas eta Ene Kantakeko lagunak izanen ditugu gurekin.

Sarrerak Bibe bidez lortzen ahalko dira 4€ren truke. Azaroaren 13an Burlata kolorez eta musikaz beteko dugu, denon artean ozen esateko Izadi txikia etxera bere gurasoekin batera etortzea nahi dugula! Azaroaren 13an 16:30etan Burlatan ikusiko dugu elkar!

Sarrerak Biben salgai: https://labur.eus/Izadigurasoekin 


 


"Ibilian-ibilian etxerako bidean" Lelopean Manifestazioa egin da Donostian

Berriro ere eskerrak eman nahi dizkizuegu manifestazio honetan eman duzuen erantzun jendetsu eta irmoagatik. Mila mila esker, bihotzez!!

Halaber, eskerrak eman nahi dizkiegu, aukera politiko, sindikal eta sozial ezberdinetatik, beste pentsamendu bat dutenekiko errespetua oinarri hartuta, gure ondoan egon nahi izan duzuenoi, gurekin batera bizikidetzaren bidean aurrera egiteko beharra aldarrikatzeko.

Funtsezko gai batek batzen gaitu: giza eskubideen defentsak. Pertsona guztien eskubideak, salbuespenik gabe. Giza eskubideak ezin direlako partzelatan bereizi; ezin dira batzuk defendatu, eta beste batzuk baztertu.

Has zaitezte prestatzen urtarrilaren 8rako. Egun horretan berriro bete behar ditugu kaleak. Oihu isil edo zaratatsua bota behar dugu, euskal presoen eskubideak urratzeari utzi behar zaiola aldarrikatzeko. Ozen entzun behar gaituzte denbora luzez aplikatu den eta pertsona askori eta askori hainbeste sufrimendu eragin dien salbuespeneko espetxe-politika bertan behera uzteko ahalmena duten instantzietan.

Egia da azken urte honetan aurrerapausoak eman direla beste espetxe-politika baten bidean. Herri honetako emakumeen eta gizonen ahaleginari esker, gure herriko gehiengo politiko eta sindikalaren babesarekin, aurrera egin dugu. Atzean utzi ditugu Levante, Andaluzia edo Galiziako espetxeak, baina oraindik ehun preso inguru daude Espainiako espetxeetan, eta hogei bat, Frantzian. Orain, Gaztelako, Aragoiko, Kantabriako, Asturiaseko, Logroñoko edo Madrileko kartzelak hustu behar ditugu, eta Iparraldeko kideek gauza bera egin behar dute Frantziako kartzelekin.

Ez gara ari pribilegiorik eskatzen. Justizia eskatzen dugu. Legeria arrunta eskatzen ari gara, ezkutuko bizi osorako kartzela-zigorrak eragotziko dituen legeria, euskal presoen eskubide diren gradu-progresioa eta espetxeko baimenak ahalbidetuko dituena.

Espetxe-politika arrunta aplikatuta, preso horien heren bat baino gehiago etxean egongo litzateke.

Urriaren 1etik, garai berri batean gaude. Orain dela 23 egun EAEko Administrazioak beste esku du espetxe-politika humanista eta errepresiorik gabekoa garatzeko aukera; konfrontazioz eta sufrimenduz betetako hainbeste urteren ondoren, bizikidetza berreraikitzeko aukera emango digun politika bat garatzeko aukera dute.

Eta hori soilik gauzatu ahal izango da guztiok gai bagara konfrontazioa antzuak baztertzeko eta kartzeletako arazoari konponbide justu bat bilatzeko.
Hori bada, eta hala izatea espero dugu, espetxe-politika berri hori garatuko dutenen aukera, ondoan izango gaituzte, laguntzeko; baina, hala ez bada, hor jarraituko dugu bidezko bakea lortzeko, ausardia, justizia eta humanitatea behar direla gogorarazteko.

Helburu horretan, SARE batzeko baino ez dago. Gure xedea ez da lehian sartzea arlo politikoaren jardunean. Badakigu zein den gure jardun-eremua, eta hor beti izango dute gure laguntza, helburu hori lortzeko.

Argi izanda posible dela aurrera egitea ahaztu gabe eta gorrotorik gabe, gure errespetua adierazi nahi diegu indarkeria-mota guztien biktimei, eta nabarmendu nahi dugu ez dela bidezkoa haien mina aurkariaren kontrako jaurtigai politiko gisa erabiltzea.

Eta errespetu hori adierazi nahi diegu bateragarria delako gure herrian jasandako edozein indarkeriaren biktimekiko errespetua askatasuna kendu zaien pertsonei dagozkien eskubideak errespetatzea eskatzearekin.

Hori da SARE sare herritarrak beti defendatu duen jarrera, eta hala egiten jarraituko dugu. Eta garrantzitsua da guztion artean egitea, azken bizpahiru urteetan gure herrian egin izan denaren baliorik garrantzitsuena gehiengo politiko, sindikal eta sozialaren adostasuna gauzatzea izan baita, seguruenik; erakundeetan eta kaleetan islatuta dagoen adostasuna, hain zuzen.

Eutsi diezaiogun adostasun horri, aukera emango baitigu Madrilgo eta Parisko gobernuen aurrean euskal gehiengo politikoaren % 80k eta euskal sindikatu guztien adostasunak emandako babesarekin aurkezteko. Argi izan behar dugu datu hori, hor baitago gure indarra.

Eta datu horri gehitzen badiogu kalean, bakez eta demokratikoki, milaka eta milaka herritar elkartu direla helburu hori defendatzeko, ibilia dugu bidearen zati handi bat.

Berriro ere, eskerrik asko hemen egoteagatik. Beti hor egoteagatik. Ez ahaztu utopiaz gure ametsak egitea.

Eta hasierakoarekin amaituko dugu: urtarrilaren 8an hitzordu garrantzitsua dugu. Bakearen, bizikidetzaren eta konponbidearen alde.


 

?[ARGAZKIAK] 2021.10.23 Donostia ibilian-iblian etxerako bidean https://photos.app.goo.gl/56F3oDdoWsPfk5Qf8


Urriaren 20aren testuinguruan bere irakurketa partekatu eta larunbatean deitutako manifestazioaren azken deia luzatu nahi du SAREk

Bihar hamar urte beteko dira ETAk bere jarduera bertan behera uzteko erabakia hartu zuenetik. Hamar urte, herri honen errealitatea aldatu zenetik, aukera paregabea zabalduz aurrera egiteko, bai bizikidetzan eta bakean, baita aurreko hamarkadetan metatutako sufrimenduarekiko eta pertsona guztien giza eskubideekiko errespetuan. Aukera hori ordea, neurri batean probestu dugula esan behar dugu, oraindik ere eskubideen urraketak baitaude, bai espetxe-politikan, bai biktima guztien aitortzan. Ondorio guztiei heldu behar diegu eta urraketa guztiei irtenbidea eman, benetan bizikidetzarako bidean aurrera egin nahi badugu.

Gaur, eskerrak eman nahi dizkiegu hamar urte hauetan, modu arduratsuan eta ahalegin handia eginez, aurrerapauso bat eman duten eta aurrera egiteko aukera hau aprobetxatu duten pertsona guztiei;
– Bere lan-esparrutik, ordezkaritza-erantzukizunetik edo militantzia-esparrutik.
– Kalean, gizarte-aktibaziotik
– Edo biktima askoren kasuan bezala, enpatia-ariketa sendoak eginez.

Esan bezala, aukera hau erdizka probestu dugu. Uste baitugu inork ez zuela espero, hamar urte hauek igaro ondoren, jada desagertuta dagoen erakunde horretako kide izan ziren euskal presoak oraindik ere bizi duten eskubideen urraketaren aurrean konponbide justurik gabe egotea, urraketa horrek Europako demokrazien parean kokatu nahi duen estatu demokratiko batean lekurik ez badu ere.

Egia da aurrerapen batzuk egon direla, eta Sarek behin baino gehiagotan onartu du. Espetxe politikaren aldaketaren hasieraz hitz egin dezakegu, aldaketa erreal baterako bidea zabaldu duena. Aldaketa honek ordea guztiok batera ibilian jarraituz gero baino ez du aurrera egingo.

Baina ETAren ekinbidearen amaiera, salbuespen legediaren amaierak ere ekarri behar zuen. Duela 10 urte esan izan baligute gaur egun presoen %56 Euskal Herritik kanpoko espetxeetan egongo zirela, haien etxeetatik batez beste 250 eta 600 km arteko distantziara, ez genukeen sinetsiko.

Galdera hau dugu buruan: zergatik egin behar dituzte preso horien senideek halako bidaia luzeak presoak hona ekartzeko aukera baldin badago?

Horrek esan nahi du, ETAk bere erabakia hartu zuenetik denbora asko pasatu bada ere, urruntzeari eutsi egin zaiola, 104 preso baitaude oraindik Euskal Herritik kanpoko espetxeetan.

Jakinarazi nahi dizuegu 104 preso horietako gehienek, hiruzpalau kenduta, Euskal Herriko espetxeetara aldatzeko eskatu dutela, edo eskaera hori izapidetzen ari direla. Espetxeetako araudiaren arabera, eskabide horiek Espainiako Gobernuak onartu eta ondoren Eusko Jaurlaritzak onartu behar du. Konfiantza dugu Eusko Jaurlaritzak ez dituela ukatuko. Edonola ere, adi egongo gara mugimendu horiei dagokienean.

Zoritxarrez, presoengan eta haien familiengan eragin negatiboa duten beste arlo batzuetan ere aplikatzen da salbuespeneko espetxe-politika.

• 10 preso baino ez daude espetxeko hirugarren graduan, eta hiru heren baino gehiago –70 preso inguru– egon beharko lirateke egoera horretan. Eta 52ri, baldintzapeko askatasuna eman beharko litzaieke. Horrek esan nahi du, Estatuko espetxeetan gainerako presoen % 93 lehen gradutik hirugarrenera normaltasun osoz pasatzen bada ere, euskal presoak salbuespena direla oraindik ere, eta soilik % 6k egin duela bide hori osorik.
• Horrez gainera, % 90ek espetxeko baimenak hartzeko eskubidea du, horretarako ezarritako kondenaren zatia betea baitute. Baina ez zaie baimenik ematen.
• Gainera, Audientzia Nazionalak ezartzen duen blokeoa jasaten ari gara, tratamendu-batzordeen erabakiak errekurrituz eta edozein aurrera pauso blokeatuz.
• Guzti honen aurrean, justizia eta bihozberatasuna eskatzen dugu, kasu honetan eta gainerakoetan.

Horregatik guztiagatik, gaur, urteurren honen bezperan, mezu argi bat zabaldu nahi dugu; espetxe-politikaren aldaketa hori sendotzeko premiaren aurrean gaude. Ezin dugu egoera hau gehiago luzatu. Izan ere, igarotzen den egun bakoitzean, 24 orduz gehiago urratzen dira eskubideak.

Eta, horretarako, ezinbestekoa da gizarte gisa kalera ateratzen jarraitzea aldarrikapen hauen baitan, eta alor sindikaleko, politikoko eta alor sozialeko kidegoa ere modu aktiboan inplikatzea.

Azken finean, nahikoa arrazoi dago esateko ezin dela jarraitu presoen eskubideak urratzen. Gure herrian bizikidetza lortzeko ezinbestekoa da konfrontazioz eta sufrimenduz betetako kapitulu hau ixtea. Eta egin daiteke, horretarako borondaterik badago.

Guztioi dagokigu, eskubideez ari garelako. Giza eskubideez. Bizikidetzaz. Konponbideaz. Bakeaz.

Horregatik, urriaren 23rako ez ditugu soilik gonbidatu herritarrak aldarrikapen horiekin bat egitera. Euskal Herriko ordezkari sindikal, politiko eta sozialei ere helarazi diegu gonbidapen hori. Oraindik ez dugu jaso guztien erantzuna, baina gaur aurreratu ahal dizuegu Kataluniako preso ohien ordezkaritza zabala izango dugula manifestazioan.

Hemendik eskerrak eman nahi dizkiegu espetxe-politikaren aldaketaren alde eta preso guztien giza eskubideen alde emandako babesagatik eta erakutsitako konpromisoagatik.

Halaber, jakinarazten dizuegu Gatibu taldeko kideak gurekin izango direla amaierako ekitaldian, zenbait abesti partekatuz.

Mila esker guztioi. Larunbatean elkartuko gara, 17:00etan, Antiguako tunelean.



 

LARUBATEAN DONOSTIARA AUTOBUSEZ JOATEKO: 

http://sare.eus/autobusak-u23donostiara/ 


Hiru eguneko ibilaldiaren eta 185 kilometroko ibilbidearen ondoren, larunbatean amaitu zen Arabako Itzulia

Hiru eguneko ibilaldiaren eta 195 kilometroko ibilbidearen ondoren, larunbatean amaitu zen Arabako itzulia. Ibilbide honetan, Agurain, Kanpezu, Argantzu edota Amurrio izan dira igaro ditugun herrietako batzuk.

Bide osoan zehar helarazitako aldarrikapena argia eta irmoa da: oraindik euskal presoen gehiengoari eta ondorioz euren senideei ezartzen zaien salbuespeneko espetxe-politikarekin amaitzea.

Behin eta berriz esaten gabiltza klabea den une baten aurrean gaudela. Une garrantzitsua. Hamarkada luzeetako immobilismoaren ondoren, espetxe politika norabide egokian urratsak ematen hasi da, euskal presoen etxeratze prozesurako bidea zabalduz. Hori dela eta, ibilaldi honekin eta “Ibilian-Ibilian etxerako bidean” leloarekin, lehen urratsak ematen ari den prozesu hau bultzatu nahi dugu.

Helburu honek arrakasta izan dezan, desberdinen arteko akordioak bultzatzen jarraitu behar da, baita euskal gizartearen gehiengoa aktibatzen ere. Helburuak merezi du: bizikidetza, konponbidea eta bakea. Zain dugun bidea luzea da, eta ez da izango zailtasunik gabea, baina ematen dugun pauso bakoitzean aurrera egiten ari gara. Horregatik, aprobetxa dezagun une hau eta amaitu dezagun eskubide urraketa guztiekin.

Hurrengo hitzordua urriaren 23an dugu. Arratsaldeko 17: 00etatik aurrera Donostiako kaleak zeharkatzen zituen manifestazio orokorrean. Helburu beraren baitan antolatu: bizikidetza, bakea eta konponbidea.


350 kilometro. 350.000 pausu inguru. 60 herri baino gehiago. Nafarroa, goitik behera.

350 kilometro.
350.000 pausu inguru.
40 herri baino gehiago.
Nafarroa, goitik behera.

Ibilian-Ibilian gatoz, gau eta egun, Lesakatik Berriozarreraino, Ezkabaren oinetara, etxerako bidea eginez. Euskal preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidea. Asteazkenean abiatutako martxa helmugara iritsi da. Eta zuoi esker izan da hori. Hemen zaudetenoi eta ekimenarekin bat eginez egun hauetan gurekin tipi-tapa aritu zareten guztioi esker. Mila esker. Eta mila esker, berriro ere, ez egun hauetan egindakoagatik, honaino iristen bidelagun izan zaretelako baizik. Urte hauetan, guztion artean, han eta hemen, emandako urrats horiengatik, erakutsitako ardura eta konpromisoagatik izan ez balitz, gaur ez ginatekeelako etxerako bidean urratsak ematen ariko.

Etxerako bidean baikaude, eta ez da gutxi, nahiz eta ez izan nahikoa. Urte luzeetako murru itxietan arrakalak sortzen hasiak dira. Eguzki izpien goxoa eta ipar haizearen freskura nabari dira zirrikituen beste aldetik. Murrizten hasiak dira distantziak eta banan-banaka bestelako espetxe politika bati ateak zabaltzen hasi garela ere esan genezake. Ez da gutxi…

Baina ez da nahikoa. Badakigu. Bidearen hasiera baino ez da, baina martxan gaude, eta inork ez gaitu geldiaraziko. Oraindik ere preso nafarrak ditugu Iruñatik kanpo; duela urtebete baino hurbilago badaude ere, orain dauden espetxe horietan egotea ez da legeak berak jasotzen duena: presoak bere etxebizitzatik hurbilen dagoen espetxean bete behar du zigorra. Senideek jasan beharreko zama txikitu egin da, eta horrek poztu egiten gaitu. Orain, bidea egiten jarraitu behar dugu, legea osorik bete dadin. Bai urruntze-politikari dagokionez, bai euskal presoei aplikatzen zaizkien gainerako salbuespen-neurriei dagokienez. Horretan ari gara. Eta gaur esan dezakegu gure esfortzua, orain arte egindako lana, gizartearen konpromisoa eta aktibazioa emaitzak ematen hasiak direla, eta erantzunak ikusten ari garela.

Iraganeko zauriak ixteko eta etorkizuneko bideak jorratzeko garai historikoa iritsi da. Jakitun gaude desafio historiko baten aurrean gaudela, eta horrek gu guztioi eskatzen digu eskuzabaltasun handiz eta asmo are handiagoz jokatzea. Sufrimenduak ertz asko ditu eta guztiak kontuan izan eta erreparatu behar dira, baina, era berean, guztioi enpatia ariketa sendoa egitea ere badagokigu. Arduraz jokatzeko unea da, baldin eta herri hau elkarbizitzara bidean eta bakerako bidean ere kokatzea nahi badugu.

Horretarako eta askoz gehiagorako ere gai gara. Lau egun hauetan egindakoa horren adibide da. Eta prest gaude. Horixe da garrantzitsuena. Prest gaude aurrera egiteko, gau eta egun ibilian aritzeko. Hasitako bidea muturreraino gauzatzeko. Etenik gabe. Hori da gure bermea; Nafarroako jendartearen nahia kalean izatea eta Nafarroako bideak aldarriz eta urratsez betetzea.

Une historiko batean gaude, eta erantzukizunez eta abileziaz jokatu behar dugu. Bide berri bat zabaltzeko aukera dugu, beste etorkizun bat eraikitzeko. Aprobetxa dezagun. Bide honek ez daukalako misterio handirik: elkarrekin bidea egiten jarraitzea; gure artean, ezberdinen artean, bidexkak elkartzea, eztabaidaren bidez, akordioen bidez, batzuk besteena entzunda… Askotan esan dugu eta ez dugu horretan etsiko: bidea egiten jarraitzen badugu, ibilian jarraitzen badugu, lortuko dugu. Beti izan ditugun erantzukizuna, enpatia eta konpromisoa baliatuta, lortuko dugu.

Dudarik gabe, Lesaka eta Berriozar arteko ibilaldia mugarri bat izango da etorkizunerako. Bejondeigula! Eta mila, mila esker. Jarrai dezagun etxerako bidean urratsak ematen. Jarrai dezagun elkarrekin ibilian, elkarrekin bizitzen. Urratsez urrats, bakerako bidean, Konplizitateak ehuntzea da, adostasunak eraikitzea, hitz egitea, entzutea, eztabaidatzea, erabakitzea… denon artean eta denontzat. Lortuko dugu.


Nafarroako Itzulia herrialdeko manifestazio batekin amaituko da urriaren 2an

Irailaren 29tik urriaren 2ra, ibilaldi batek Nafarroa zeharkatuko du presoak etxeratzeko prozesuari bultzada emateko asmoz, ulertzen baitugu prozesu hori ezinbesteko ekarpena dela bizikidetza demokratikoaren esparru bat sendotzeko eta, horri esker, indarkeriak eta sufrimenduak markatutako ziklo historiko luze bat ixteko. 352 kilometroko ibilaldia izango da, 350.000 pauso inguru, milaka nafarren oinek emango dituztenak guztiontzat bakea eta askatasuna dakartzan helmugarantz aurrera egiteko helburuarekin. Ibiltzea, behingoagatik, ez ezertatik ez inorengandik ihes egiteko, elkartzeko baizik. Beharbada inork erreparatu ez badio ere, zer pentsatu ematen du Lesaka eta Berriozar izateak, hain zuzen ere, ibilaldi honen hasiera eta bukaera. Batetik, Lesaka, hurbil dituena mugaren pasabideak, nafarren hainbat belaunaldik, sufrimendutik ihesi, gurutzatu eta gurutzatzen lagundu behar izan dituztenak (gogoan dugu Comète Sarea, nazismotik ihesi zihoazenei lagundu ziena); bestetik, Berriozar, Ezkaba mendiaren oinetan, asmo bakarra aske bizitzea zuten ehunka presoren heriotza ekarri zuen ihesaldi tragikoaren lekukoa 1938an. Etxera itzultzeko ideia erabat ezinezkoa zen orduan.

Baina orain, aldiz, iritsi da gure ustez une historiko hori, presoek espetxea atzean utzi eta etxera itzultzeko prozesuari ekitekoa. Iraganeko zauriak ixteko eta etorkizuneko bideak jorratzeko garai historikoa iritsi da. Baina, salbuespen politika da nagusi oraindik, eta ez da legea modu proaktiboan aplikatzen behin betiko konponbideari begira.

Urteetan indarrean egon den salbuespeneko espetxe politikarekin amaitzera goazela esaten ari gara. Salbuespen-politika urratzaile horrekin amaitzeko bidean gaudela, urteetan zehar betikotu dutena, eta espetxean egonaldi eternalak eta senide eta lagunentzako sufrimendu-urteak gogortu dituena amaitzeko bidean dugula, eta behin betiko amaitu behar dugula espetxean dugun herritar bakoitza etxerako bidean jartzeko. Ibilian-ibilian egin behar dugu hemendik aurrerako bidea ere. Argi izanda oraindik bide luzea dugula egiteko.

Baina bidean gaude, martxan gaude. Eta horren adierazle da preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidea aldarrikatzeko herrialde osoan pixkanaka hedatzen ari garen sarea, herriz-herri, auzoz-auzo antolatzen ari dena. Horrek eman digu Nafarroako Itzulia bezalako ekimen esanguratsu bat aurrera eramateko indarra. Goian aipatu bezala ekimen ibiltari honek 352km izanen ditu eta irailaren 29-tik urriaren 2-ra, gau eta egun atsedenik gabe, Nafarroa osoa zeharkatuko du. 74 herri eta auzo, zenbait eragilerekin batera izanen dira erronka hau aurrera eramanen dutenak, 5km-tako 74 errelebo, 72 orduz atsedenik gabe, urratsez urrats, ibilian-ibilian Bortziri, Malerreka, Basaburua-Imotz, Sakana, Lizarraldea, Goi Erribera, Tafalla aldea, Izagaondoa, Agoitz, Artzibar, Aezkoa, Erroibar, Esteribar eta Iruñerria eskualdeak zeharkatuz.

Hortaz, ekimen honetan parte hartzeko deia luzatu nahi dugu gaur hemen bildu garen herri, auzo zein eragile ezberdinetako ordezkariok. Batetik irailaren 29tik urriaren 2ra Itzulian parte hartzeko gonbidapena luzatuz, eta bestetik urriaren 2an, arratsaldeko 17:00tan “Cuatro Vientosetik” Berriozarrera, Itzuliko azken puskarako herrialde mailako manifestaziora deituz. Itzulia Berriozarrera iristean ekitaldia izanen da eta bertan dantzariak, abeslariak, bideo proiekzioak eta hitzartzeak izanen dira ekimenari amaiera emateko.

Presoak etxerako bidean jarri behar ditugu. Eta bide hori guztion artean egin behar dugu. Ezinbestekoa da, beraz, Nafarroako gizartearen nahia kalean ikusgai jartzea eta eraginkorra izatea. Ezinbestekoa da Nafarroako errepideak bakearen eta askatasunaren aldeko ibiltariz betetzea. Dudarik gabe, Lesaka eta Berriozar arteko ibilaldia mugarri bat izango da etorkizunerako.

Animo denoi eta aurrera!
Guztion artean lortuko dugu!

 

 

 


Ibilbide guztia hemen dago: https://labur.eus/Puskak_Itzulia  

Hurrengo zerrendan aurkituko  duzue  nori  dagokio  PUSKA  bakoitza.  Puska guztien geokokapena  mapa  interaktiboan  dago.

PUSKA ERRELEBOA EGINGO DUEN HERRIA EDO ERAGILEA ORDUA
  IRAILAK 29 DE SEPTIEMBRE  
1. LESAKA 18:00:00
2. BERA 19:00:00
3. IGANTZI – ETXALAR -ARANTZA 20:00:00
4. BAZTAN 21:00:00
5. MALERREKA 22:00:00
6. LEITZA 23:00:00
  IRAILA 30 DE SEPTIEMBRE  
7. GOIZUETA 00:00:00
8. ERNAI GAZTE ANTOLAKUNDEA 01:00:00
9. LARRAUN+LEKUNBERRI 02:00:00
10. ULTZAMA 03:00:00
11. BASABURUA+IMOTZ 04:00:00
12.   05:00:00
13. ARAITZ-BETELU 06:00:00
14. IRURTZUN 07:00:00
15. ARAKIL-IRAÑETA-HIRIBERRI 08:00:00
16. OLAZTI-ZIORDI 09:00:00
17. UHARTE ARAKIL 10:00:00
18. LAKUNTZA 11:00:00
19. ARBIZU 12:00:00
20. ETXARRI 13:00:00
21. BAKAIKU/ITURMENDI/URDIAIN 14:00:00
22. ALTSASU 15:00:00
23. LEZAUN 16:00:00
24. DEIERRI 17:00:00
25. LOKIZ-AMEZKOA 18:00:00
26. LIZARRA 19:00:00
27. BARAÑAIN 20:00:00
28. ARANGUREN-EGUESIBAR 21:00:00
29. SORTU ALDERDIA 22:00:00
30. ARROSADIA 23:00:00
  URRIAK 01 DE OCTUBRE  
31. MENDILLORRI 00:00:00
32. ZIZUR 01:00:00
33. LODOSA 02:00:00
34. MENDABIA-SARTAGUDA.KARKAR 03:00:00
35. LERIN 04:00:00
36. TUTERA 05:00:00
37. MENDIGORRIA-OTEITZA 06:00:00
38.   07:00:00
39.   08:00:00
40. LARRAGA 09:00:00
41. GARES+IZARBEIBAR 10:00:00
42. KAPARROTSU-AZKOIEN-MARTZILA GAZTEAK 11:00:00
43. TAFALLA 12:00:00
44. HATORTXU 13:00:00
45.   14:00:00
46. BURLATA 15:00:00
47. ATARRABIA 16:00:00
48. ETXAURI-OLTZA 17:00:00
49. BERRIOZAR 18:00:00
50. IZAGANDOA 19:00:00
51. IRUNBERRI 20:00:00
52. KASEDA 21:00:00
53. AGOITZ 22:00:00
54. ZANGOTZA-OIBAR 23:00:00
  URRIAK 02 DE OCTUBRE  
55. DONIBANE 00:00:00
56. ERRONKARI 01:00:00
57. ZARAITZU 02:00:00
58. ALDE ZAHARRA 03:00:00
59. ARROTXAPEA 04:00:00
60.   05:00:00
61. AUÑAMENDI-AEZKOA 06:00:00
62. ITURRAMA 07:00:00
63. LAB SINDIKATUA 08:00:00
64. OSPITALEKO LANGILEAK 09:00:00
65. ESTERIBAR 10:00:00
66. ANTSOAIN 11:00:00
67. SANDUZELAI 12:00:00
68. UHARTE 13:00:00
69. ATARRABIA 15:00:00
70. BURLATA 15:20:00
71. TXANTREA 15:40:00
72. ALDE ZAHARRA 16:05:00
73. ERAGILEAK SOZIALSINDIKAL ETA POLITIKOAK 16:25:00
74. DONIBANE 16:45:00
AZKEN PUSKA HERRIALDEKO MANIFESTAZIOA 17:00:00
   


Arabako Itzuliak bere ibilbidea aurkeztu du

Dakizuen moduan, azken asteetan eskuin muturraren manipulazio eta kriminalizazio saiakeraren objektu izan da euskal presoen eskubideen aldeko mugimendu herritarra. Guzti honen helburua garbia da; azken urte honetan espetxe politikaren baitan izan diren aldaketak oztopatu eta blokeatzea.

Etapa berri bati hasiera ematen ari gara; urruntze politika atzean utzi eta euskal preso eta iheslarien etxerako bidea egiteko etapari. Eta horretan ari gara arabarrok ere. Bi aldarri nagusiren baitan: euskal preso guztien euskalherriratzea eta graduen progresioa. Hori da datozen hilabeteetan ahalbidetu beharreko bidea. Horixe baita euskal presoak etxeratzeko jarraitu beharreko bidea. Legez, Euskal Herritarrak diren heinean, zigorra hemengo espetxeetan betetzea baitagokie. Eta gainontzeko presoei ezartzen zaien legedi arrunta jarraituz, 3/4ak beteak izatean, baimenak eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aukera izatea. Ez gara inolako pribilegio ez mesederik eskatzen ari. Preso den pertsona oro gisa, euren eskubideak errespetatu eta legea betetzeko eskatzen ari gara.

Finean, urteetan indarrean egon den salbuespeneko espetxe politikarekin amaitzera goazela esaten ari gara. Orain arte moduan, zuon guztion indar eta bultzadaz.

Horretarako, ibilian-ibilian etxerako bidean dinamikaren baitan Arabarrok ere abian gara. Datorren Urriaren 7an eguerdiko ordubietan Agurainen hasiko da Arabako Itzulia. Nafarrek aurreko astean egingo duten biraren erreleboa hartuta, oinez, gelditu gabe 190 kilometro egingo ditugu Araba osoan zehar. Lehen egunean Kanpezuraino abiatuko gara eta bertan afaldu ostean Arabako hegoaldea zeharkatuko dugu. Ostiral goizean Trebiñun gosaldu eta Zaballako espetxera zuzenduko gara, bertan gure aldarriak espetxe barnetik entzun ditzaten. Arratsaldean Amurrioraino zuzenduko gara eta bertan herriko plazan ekitaldi musikatu bat izango dugu. Gau horretan Gorbeialdea zeharkatuko dugu Gasteizera iritsi arte. Urriaren 9 larunbata goizean Gasteizen sartuko gara goizeko 9:30etan. Bertan eragile ezberdinek hartuko dute Arabako Itzuliaren lekukoa eta guztiok elkarrekin Foru Plazan amaituko dugu.

Totalean elkartasunez beteriko 190 kilometro izango dira, 45 urrats ezberdinetan banatuta eta 35 herri baino gehiagotik pasako gara. Horrela, ibilian ibilian presoak etxera ekartzen ditugun arte.

Presoak etxera!

Ibilbide interaktiboa: http://labur.eus/arabakoitzulia 


Sarek Arrasateko martxa bertan behera utzi eta biziarteko kartzela-zigorraren kontrako aldarrikapena Euskal Herriko plaza guztietara eramango du larunbat honetan

Sare Herritarrak salatu duenez, giza eskubideen aldeko mobilizazio hau hutsaltzeko eta, kasu batzuetan, kriminalizatzeko ahalegina egin da. Azpimarratu du, erantzukizunik gabeko jarrerak izan direla, eta indartu egin dituztela espetxe-politikan edozein aldaketa errefusatzen duten horien jarrerak, eman diren aurrerapausoak gerarazteko presioa eta manipulazioa darabilten horienak. Sarek gogorarazi nahi izan du Giza Eskubideak ezin direla bereizi eta ezin direla batzuk defendatu eta beste batzuk mespretxatu.

TESTUINGURUA

Duela aste batzuetatik hona, Sare Herritarrak eta, zehazki, Arrasaten arlo horretan lan egiten duten pertsonek presio izendaezina jasan dugu larunbat honetarako (irailak 18) egin dugun deialdia dela eta. Bere garaian esan genuen, astelehenean Donostian errepikatu genuen eta gaur berresten dugu: SARE-Arrasatek deitutako ekitaldi honen helburua da publikoki salatzea euskal presoei salbuespen-izaerarekin aplikatzen zaien legeria.

Orduan aipatu genuen eta berriro aipatu behar dugu 7/2003 Legea, zeina «ad hoc» onartuta baitzen euskal presoei aplikatzeko. Lege horrek ezkutuko bizi osorako kartzela-zigorrak ahalbidetzen ditu, eta halakotzat jo behar da, ezin baita bestela egin, espetxean 40 urteko zigor efektiboa betetzera kondenatuta dauden 15 preso ingururen egoera. Kondena horiek espetxeen arloko araudian ezarritakoaren kontrakoak dira, araudi horrek ezartzen baitu askatasunaz gabetutako pertsonak birgizarteratzea izan behar dela helburua.

Desimagina, Aramendi, Aretxabaleta, Badiola, Etxebarria, Castro, Larretxea, Parot, Troitiño edo Zapirain dira preso horietako batzuk.

Sektore mediatiko eta politiko batzuetatik, baita instituzional batzuetatik ere, giza eskubideen aldeko mobilizazio hau hutsaltzeko eta, kasu batzuetan, kriminalizatzeko ahalegina egin da, arrazoirik gabeko akusazioetan oinarrituta, eta behin eta berriro esan dute preso jakin bati egin nahi zitzaion omenaldia zela.

Inguruabar hori etengabe gezurtatu bada ere, horretan tematu dira. Deialdi hau egiteko gure egiari, gure arrazoiei entzungor egin zaie, eta maltzurkeriari, deskalifikazioari eta presioei eutsi zaie. Eta, larriagoa dena, alde batera utzi da, nahita, SAREk beti bakearen, bizikidetzaren eta konponbidearen alde egin duen apustua.

UNE HISTORIKOA

SAREk behin eta berriz nabarmendu du gure herrian bizitzen ari garen une historikoaren garrantzia. Arduraz jokatzeaz gainera, etorkizunaren aldeko apustua egitea eskatzen duen unea da. Bizikidetzan eta konponbidean oinarritutako etorkizunaren aldeko apustua.

Balorazio positiboa egin izan dugu, urteetako blokeo-egoeraren ondoren, urruntze-politika bertan behera uzteko eman diren urratsen inguruan, eta, gure aukeren barruan, urrats horietan lagundu dugu. Guztion artean, urratsez urrats, baina atzera begiratu gabe, euskal presoek eta haien senideek oraindik ere jasaten duten eta haien eskubideak urratzen dituen salbuespen-araubideari amaiera emateko bidea zabaltzea lortu dugu.

SALAKETA.

Horregatik, harridura osoz hartu ditugu arlo politiko, instituzional edo mediatikoan egun hauetan plazaratu diren jarrerak. Erantzukizunik gabeko jarrerak dira, eta indartu egin dituzte espetxe-politikan edozein aldaketa errefusatzen duten horien jarrerak, aurrerapauso horiek gerarazteko presioa eta manipulazioa –biktimen mina modu arbuiagarrian erabilita, kontrakoaren aurkako arma gisa erabiltzeraino– baliatu dituzten horien jarrerak. SARE sare herritara ez duzue inoiz aurkituko jarrera horietan.

GIZA ESKUBIDEAK

Indarkeriaren biktimak eta pertsona guztien giza eskubideen errespetua kontrajarri nahi izan dituzten horiei gogorarazi nahi diegu giza eskubideak ezin direla partzelatan bereizi. Ezin dira batzuk defendatu, eta beste batzuk mespretxatu.

SAREk ez dio utziko inoiz pertsona guztien giza eskubideak, eta, beraz, askatasunaz gabetutako pertsonenak ere, defendatzeari eta haien alde mobilizatzeari. Eta zehazki, demokratikoa eta zuzenbidezkoa dela dioen estatu batean herritar guztiei, salbuespenik gabe, dagozkien eskubideen alde.

Beti helarazi diegu gure begirunea indarkeriaren biktima guztiei. Lan egin dugu bizikidetza-espazioak sortzeko eta gure herrian sortutako indarkeria guztien biktima izan direnei gure enpatia helarazteko.

Eta horregatik aldarrikatzen dugu gure legitimotasuna eskubideak urratzen dituzten lege eta jarduketa guztien aurka egiten jarraitzeko, eta horren adibide bat da 7/2003 Legea, zeina euskal preso ugariri aplikatzen zaien.

Erabat bateragarriak dira biktimekiko gure errespetua eta giza eskubideen edozein urraketaren aurrean egiten dugun salaketa.

Mesede eskasa egingo genioke gure herriari eskubideen urraketa horren aurrean isilik geratuko bagina biktimei min handiago eragiten diela dioen argudio faltsua erabilita.
Elkar ulertzeko espazioak bilatzeko unea da, bizikidetzan aurrera egin ahal izateko, eta baztertu egin behar dira, xede politiko edo ideologikoak direla medio, etsaitzeko, hutsaltzeko eta manipulatzeko jarrerak. Arduraz jokatu behar dugu bizitzen ari garen une politikoa aintzat hartuta. Argi dugu posible dela, ahaztu gabe, aurrera egitea gorrotorik gabe.

KONFRONTAZIORIK EZA

Duela egun batzuk, Donostian, urriaren 23an hiriburu horretan egingo dugun manifestazioaren aurkezpenean, esan genuen ez genuela ikusten arrazoi objektiborik bertan behera uzteko larunbat honetarako Arrasaten programatutako martxa.

Egunek aurrera egin ahala, kezkaz ikusten ari gara nola zenbaitek ekitaldi hau bertan bakez parte hartu nahi dutenekiko konfrontaziorako erabili nahi duten.

Betidanik defendatu dugun erantzukizuna oinarritzat hartuta, gaur iragarri behar dugu ez dugula inolako konfrontazio espaziorik elikatuko. Iragarri behar dugu ultraeskuinaren aldarriak aintzat hartuta Arrasatera liskarrak eragitera etortzeko asmoa zutenei ez diegula konfrontazio horretarako aukerarik emango.

Horregatik erabaki dugu, Sare-Arrasateko kideekin batera aztertuta, martxa hori bertan behera uztea eta Arrasaten egitekoa zen aldarria Euskal Herriko plaza guztietara eramatea. Honela, larunbat goizerako kontzentrazioak deitzen ditugu Euskal Herriko plaza guztietan, «Bizi osorako zigorrik ez! Giza Eskubidea, elkarbizitza, konponbidea» lelopean.


HEMENDIK AURRERA INDARRAK BIKOIZTUKO DITUGU “ETXERAKO BIDEAN”

Gaurko prentsaurreko honen helburua da herritar guztiei deialdi zabal bat egitea urriaren 23an Donostiako kaleak zeharkatuko dituen manifestazioan parte har dezaten, “Ibilian Ibilian, etxerako bidean” lelopean, salbuespen-politika aplikatzeari utzi behar zaiola eta euskal presoak etxera itzultzeko prozesua martxan jarri behar dela aldarrikatzeko. Manifestazioa 17.00etan hasiko da, Antiguoko tunelean, eta Pio XII.aren plazan amaituko da ekitaldi berezi batekin.

Deialdiarekin batera, euskal presoen egoerari buruzko balorazio txiki bat egin nahi dugu.

2020ko udaren hasieran, euskal presoak mugitzeko-hurbiltzeko mugimendu txiki batzuk izan ziren. Harrez geroztik, Euskal Herritik urrunen dauden espetxeak euskal presorik ez dutela ekingo diogu udazken honi.

Zalantzarik gabe, egoera honek presoen senideen zama apur bat arintzea ekarri du, astero-astero bisitara hutsik ez egiteko hamarkada luzeetan egin behar izan dituzten bidaia luzeak laburtu direlako. Baina, halaber, alerta-egoera eragin behar digu guztioi, ez baitugu lagundu nahi egoera hau normalizatutzat jotzen.

Ez baitago normalizatuta. Oraindik ere luzea da egin beharreko bidea, eta oztopo ugari eta garrantzitsuak aurkituko ditugu, baina gu guztion esfortzuari esker gainditu ahal izango ditugu.

Datuek argi erakusten dute salbuespen-politika indarrean dagoela eta eskubideak urratzen jarraitzen dutela, eta kasu batzuetan urratze hori gero eta larriagoa dela.

  • Preso horietatik, soilik 64 daude Euskal Herrian, hau da % 32.

  • Aurten, ia guztiak pasatu dira lehen gradutik bigarrenera, baina soilik 10 pasatu dira bigarrenetik hirugarren espetxe-gradura, hau da, % 5.

  • Eta egoera hau mantentzen bada, euskal preso ia guztiek ez dute aukerarik izango espetxeko araudiaz baliatzeko, eta 40 urtera arteko espetxe-zigorrak osorik betetzera kondenatuta daude.

  • Egoera hori ohartarazpena izan behar da erakundeetatik eta sektore politikoetatik preso horiei oraingo espetxe-araudiak eskaintzen dituen tresnak erabili behar zituztela esan zieten horientzat.

Horregatik, orain, guk geuk eskatzen diegu erakunde horiei lan egin dezatela orain arte salbuespen-arauak baino jasan ez dituzten pertsona hauei benetan araudi arrunta aplika diezaieten.

Zer ekarri behar du aldaketa horrek?

  • Salbuespen-araubidea desagertzea

    • 2. gradutik 3. gradurako progresioa kondenaren ½ beteta dagoenean ezarri behar da, Espainiako estatuko espetxeetan dauden gainerako presoei aplikatzen zaien bezala.

    • Gogoratu behar da gainerako preso horien % 1ek baino ez duela amaitzen kondena bigarren graduan. Euskal presoen kasuan, berriz, ehuneko hori % 87koa da.

    • Fiskaltzaren edo epaileen blokeoa desagertu behar da. Izan ere, sistematikoki errekurtsoak aurkezten dituzte tratamendu-batzarrek, sarritan aho batez, gradu-progresioak edo baimenak emateko hartzen dituzten erabakien kontra.

Oztopoak jartzeko jarrera hori ez dator bat justizia ezartzeko irizpidearekin, justiziaren politizazioarekin baizik, eta, horren aurrean, berriro aldarrikatu behar dugu espetxe-zaintzako epaitegi zentralak Auzitegi Nazionalaren menpe egoteari utzi behar diotela eta hurbilekoek hartu behar dutela ardura hori, lehenago bezala.

  • BAIMENAK. Egoera bera gertatzen da tratamendu-batzarrek espetxe-baimenak emateko hartutako erabakien kontra jarritako errekurtsoekin. Ez dugu ahaztu behar baimen horiek izateko eskubidea dutela presoek kondenaren ¼ beteta dutenean.

HEMENDIK AURRERA, INDARRAK BIKOIZTUKO DITUGU ETXERAKO BIDEAN

Horregatik, urriaren 23an kaleak hartuko ditugu berriro. Oso argi daukagu bulegoetako aldarrikapenak kalean presentzia aktiboa izatearekin uztartu behar ditugula.

Ez delako ezer amaitu Andaluziako, Levanteko edo Galiziako espetxeetatik hurbilago dauden espetxeetara aldatzearekin.

Urruntze- eta sakabanatze-politika ez delako amaitu; benetan desagertuko da preso guztiak EHn daudenean.

Gure itxaropena da urrian aldaketak errealitate bihurtzen hastea.

Eusko Jaurlaritzak espetxeen arloko eskumena bereganatzeak egoera aldatzea ekarri behar du. Euskal Administrazioak iragarri zuenez, espetxe-politika arrunta aplikatuko du, pribilegiorik gabe, baina bazterketa politikorik gabe. Berehala aplikatu behar da politika berri hori, baina ez soilik jada EHn dauden presoei. EZ. Oraindik Espainiako estatuko espetxeetan sakabanatuta dauden guztiei aplikatu behar zaie ere.

Inor ez da utzi behar iragarri zaigun espetxe-araudi berri honetatik kanpo. Premisa hori betetzen ez bada, eutsi egingo zaio eskubideen urraketari eta salbuespen-araubideari.

Ez dugu pribilegiorik eskatzen. Justizia eskatzen dugu. Eta hori aldarrikatuko dugu urriaren 23an Donostiako kaleetan.

Bakean eta bizikidetzan bizi den Euskal Herria lortzea guztion ardura da eta, horregatik, inor ez da geratu behar SAREk eta beste eragile politiko, sindikal eta sozial batzuek eskatzen dugun konponbidetik at.

 


Gaurko agerraldi honekin, sare herritarrak irailaren 29-tik urriaren 2-ra, gau eta egun atsedenik gabe, Nafarroa osoa zeharkatuko duen ekimen ibiltaria aurkeztu nahi du.

Sarri luzea da bidea, batzuetan malkartsua, bestetan bidegurutzez betea. Baina bidea da bide, norabait iristeko bide. Norberak egiten duena edota taldean. Izan ere, bidea egin egiten da. Urratsez urrats, ibilian-ibilian.
ETXERATZE PROZESUA, ETXERAKO BIDEA. Hori da gure helburua. Hori da gure bidea. Euskal preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidea. Urtetako sufrimendua atzean utzi eta elkarbizitza eta bakeari ekarpena egiteko beharrezkoa den urratsa da etxeratze prozesua.

Ibilian-ibilian eta pixkanaka bada ere euskal presoen egoera aldatzen ari da. Hiru hamarkada baino gehiago behar izan ditugu. Egoera berria pertsona askoren esfortzuei esker lortu da: Euskal Herriko hiritar, alderdi politiko, sindikatu, hainbat eta hainbat herri eragile, instituzio eta noski, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideei eta hainbat biktimen esfortzuari esker.

Hala ere ez dugu lortu oraindik presoen korapiloa erabat askatzea. Legea erabili zuten eskubideak ukatzeko, legearen interpretazio ankerrena egin zuten espetxe politika gizagabea abian jarri eta bideratzeko. Atzean utzi nahi ditugu legea eskubideak urratzeko erabiltzen ziren garaiak. Atzean utzi aurrera egin nahi dugulako, aurrera egin ahal izateko, baina noraino? Presoak etxean izateraino. Eta horretarako, denak behingoz, etxerako bidean jarri behar ditugu.

Finean, urteetan indarrean egon den salbuespeneko espetxe politikarekin amaitzera goazela esaten ari gara. Salbuespen-politika urratzaile horrekin amaitzeko bidean gaudela, urteetan zehar betikotu dutena, eta espetxean egonaldi eternalak eta senide eta lagunentzako sufrimendu-urteak gogortu dituena amaitzeko bidean dugula, eta behin betiko amaitu behar dugula espetxean dugun herritar bakoitza etxerako bidean jartzeko.

Ibilian-ibilian egin behar dugu hemendik aurrerako bidea ere. Argi izanda oraindik bide luzea dugula egiteko.

Nafarroan indartsu ekin nahi diogu bigarren fase honi eta ekimen esanguratsu bat aurkezteko bildu gara gaur Lesakan. Irailaren 29tik urriaren 2ra, Lesakatik Berriozarrera, gau eta egun, herrialde osoa zeharkatuko duen martxa ibiltaria izanen da presoen etxeratzea aldarrikatzeko Nafarroan eginen dugun erronka berria. Guztira 74 errelebo, 72 orduz atsedenik gabe, 352km pausoz-pauso, urratsez urrats, ibilian-ibilian. Hortaz, nafar jendartea ekimen honetan parte hartzera gonbidatu nahi dugu, herriz-herri, auzoz-auzo ekimena landuz eta babestuz. Esan bezala, irailaren 29an, asteazken arratsaldean Lesakatik abituko da eta urriaren 2an, arratsaldez, herrialdeko mobilizazio batekin amaituko da Berriozarren.

Presoak etxerako bidean jarri behar ditugu. Eta bide hori guztion artean egin behar dugu, Ibilian-ibilian, egin dezagun elkarrekin, preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidea!