Berriak

Sopelatik Mundakara Bizikleta Itzuliaren 2. etapa amaitu da

Aupa zuek! Ongi etorri guztioi Mundakara! Bizikleta itzuliko bigarren etapa amaitu dugu eta ederki joan da gainera.

Atzo, Garesetik Oionera dozenaka lagun bildu zineten eta gaur ere beste hainbeste batu gara, beste 43km batuz ibilbideari. Ez da etapa bereziki luzea izan gaurkoa, baina ezta errazena ere beraz zorionak!

Aurtengo bizikleta itzulia Ibilian-Ibilian Etxerako bidean udako kanpainaren baitan kokatu dugu. Duela gutxi aurkeztutako kanpaina honekin, Sarek, aurten eman diren aldaketa esanguratsuak oinarri hartuta, bere estrategia “etxerako bidea” gauzatzean kokatuko duela azaldu genuen; hau da, urruntze politikarekin guztiz amaitu, gradu progresioa era normalizatuan gauzatzea ahalbidetu eta, legedia arrunta aplikatuz, euskal presoak dagokien etxerako bidea hartu dezaten urratsak ematean, hain zuzen ere.

Elkarbizitza erdigunean ezarriko duen etapa berri bat hasteko unea iritsi delako. Horretarako baldintzak daude eta, guztion ahaleginez, inor atzean utzi gabe, baldintza horiek baliatu behar ditugu.

Horregatik, aurtengo bizikleta itzulian horixe da gure aldarri nagusia; etxerako bide horretan pedalkadaz-pedalkada kilometroak batzen ari gara!

Jarrai dezagun!



Bizikleta Itzuliak lehengo etapa burutu du, Garesetik Oionera

Arratsalde on guztioi! Eta Zorionak! Iritsi gara Oionera! Aurtengo bizikleta itzuliko etapa luzeena burutu dugu. Bejondeizuela!

Urteroko zita honi ezin genion hutsik egin. Eta aurtengoan ere, lehen etapa honetan, dozenaka lagun elkartu gara pedalkadaz pedalkada etxerako bideari bultzada eman asmoz.

Ibilian-Ibilian etxerako bidean lelopean egiten ari garen bizikleta itzuli honek bi aldarri nagusi zabaldu nahi ditu, Garesetik Donostiaraino; euskal preso guzti guztien eukalherriratzea gauzatu dadila eta preso guztiei gradu progresiorako aukera zabaltzea. Oinarrizko bi aldarri dira hauek, espetxe legediak berak jasotzen dituenak. Eta oinarrizkoak dira ere preso guztien etxeratze prozesua gauzatu ahal izateko. Eta finean hori da gure helburua, berandu baino lehen, etxerako bidea gauzatzea.

Horregatik, lehen etapa hau amaituta, biharko etaparako prest gaude. Pedalei emanaz bidean aurrera egin eta etxeratzea egi bilakatzeko.

Gogoratu, bihar, Sopelan batuko gara Mundakara bidea egiteko. Oiondarrok Mundakakooi pasatzen dizuegu testigua beraz. Animo guztioi, aurrera goaz!

 



SARE HERRITARRAK Irailaren 29-tik Urriaren 2-ra, gau eta egun atsedenik gabe, Nafarroa Osoa zeharkatuko duen Martxa ibiltaria (350 Km) aurkeztu du

Ibilian-ibilian egin dugu Iruñeko Zitadela inguratzen duen harresiaren bidea. Iruñeko Zitadela hori eraikitzea agindu zuen Felipe II errege espainolak hamaseigarren mendean. Bost puntadun izarraren itxura zuen plantak. Punta bakoitzak norabide guztietatik etor zitezkeen erasoak kontrolatzeko aukera ematen zuen. Eraikin militarraren helburua: hiria zigortzea, herritarrak kontrolatzea, Joanes Albretekoari zioten atxikimendua apalaraztea.

Presoak zigortzea, kontrolatzea, Euskal Herriarekiko atxikimendua apalaraztea zuen helburu mila bederatziehun eta laurogeita zortzian abian jarri zuten dispertsio politikak. Hogeita hamabost preso hil dira espetxean, azkena Igor González. Urruneko gotorlekutan atxikita, zigor erantsia ezarri zieten senideei ere bai: kilometro asko egin behar errepidean, neke fisiko eta mentala, diru xahuketa eta heriotza. Natividad Junco da, gaur arte, hamasei izeneko zerrenda luzearen azkena.

Legea erabili zuten eskubideak ukatzeko, legearen interpretazio ankerrena egin zuten espetxe politika gizagabea abian jarri eta bideratzeko.

Ibilian-ibilian eta pixkanaka bada ere presoen egoera aldatzen ari da. Hiru hamarkada baino gehiago behar izan ditugu. Egoera berria pertsona askoren esfortzuei esker lortu da: Euskal Herriko hiritar, alderdi politiko, sindikatu, hainbat eta hainbat herri eragile, instituzio eta noski, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideei eta hainbat biktimen esfortzuari esker.

Hala ere ez dugu lortu oraindik presoen korapiloa erabat askatzea. Atzean utzi nahi ditugu legea eskubideak urratzeko erabiltzen ziren garaiak. Atzean utzi aurrera egin nahi dugulako, aurrera egin ahal izateko, baina noraino? Presoak etxean izateraino. Eta horretarako, denak behingoz, etxerako bidean jarri behar ditugu.

Ibilian-ibilian egin behar dugu hemendik aurrerako bidea ere. Argi izanda oraindik bide luzea dugula egiteko. Jakin badakigu eginahala zaila dena, baina beste urrats bat egiteko asmo irmoa dugu. Behin betiko urratsa: etxera ekartzeko bidea hastea. Orain ETXERAKO BIDEAN jartzeko unea da.

Nafarroan indartsu ekin nahi diogu bigarren fase honi eta ekimen esanguratsu bat aurkezten ari gara gaur hemen. Irailaren 29tik urriaren 2ra, Lesakatik Berriozarrera, gau eta egun, herrialde osoa zeharkatuko duen martxa ibiltaria izanen da geure buruei jarri diogun erronka berria. 350km-tako martxa ibiltaria. Herriz-herri, auzoz-auzo zabaldu nahi dugun erronka eta gaurtik hasita oihartzuna eman nahi diogun ekimena.

Gotorleku eta harresi politiketatik, salbuespenetik, gizatasuna eta bizikidetzaren espetxe politikarako bidea ibilita, presoak etxerako bidean jarri behar ditugu. Eta bide hori guztion artean egin behar dugu, Ibilian-ibilian, egin dezagun elkarrekin, preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidea!

IRAILAREN 29tik URRIAREN 2ra, NAFARROAKO ITZULIA, LESAKATIK – IRUÑERA


OHARRA: Fase berri baten aurrean gaude; hustu dira euskal presoz Andaluziako espetxeak.

Andaluziako espetxeetatik azken lekualdatzeak iragarri dituzte gaur, eta, azkenean, euskal presorik gabe geratu da. Atzean uzten ditugu honela urrutien dauden espetxeak, preso guztien gerturatzea ahalbidetuz.

Une horretatik aurrera, fase berri bat hasten da. Elkarbizitzaren bidean herri gisa aurrera egiteko fase bereziki garrantzitsua; euskal preso guztiak etxera itzultzeko bidea garatzeko unea da.

Zalantzarik gabe, albiste hau eta orain arte egin diren lekualdatzeak senideek bizi duten zama arintze dute. Baina hemen ez da ezer amaitzen, hemen urruntze-politikarekin guztiz amaitzeko prozesua eta euskal presoak etxera itzultzeko prozesua hasi da. Berau, batez ere graduen progresioaren bidez egingo da.

Hori izango da, une honetatik aurrera, Sare Herritarren helburua eta, gure ustez, baita herritarren gehiengoarena ere. Helburu hori lehenbailehen betetzea espero dugu.


Gaur goizean #SOSPRESOAKCOVID-19 (Salhaketa Nafarroa- Etxerat - Sare Herritarra) dinamikak espetxeetako egoerari buruzko dosierraren eguneraketa publikoa egin du

Gaur goizean #SOSPRESOAKCOVID-19 (Salhaketa Nafarroa- Etxerat – Sare Herritarra) dinamikak espetxeetako egoerari buruzko dosierraren eguneraketa publikoa egin du, Covid19-aren kudeaketari dagokionez. Txostena 2020ko urrian aurkeztu zen, eta urtarrilaren amaieran eguneratu zen Nafarroako Parlamentuan aurkezteko.

Espetxeetan ematen ari den egoera dela eta, beharrezkotzat jo dugu informazio hori eguneratzea eta Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiak Covid-19 dela eta egiten ari den kudeaketa eskasa ikusarazten eta salatzen jarraitzea, zehazki, Iruñeko espetxean eta preso nafarrak edo Nafarroan errotuta daudenak kondena betetzen ari diren espetxeetan dagoen egoera.

Hona hemen txostenaren ondorioak:

– Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak oraindik ere Covid-19aren kudeaketan erabiltzen dituen neurriek presoen eskubideak urratzen segitzen dute: osasun arreta ez da egokia, kanpokoarekiko harremana mugatuta dago, tarteka murrizten dira jarduerak eta tailerrak, bakartzea osasun neurri gisa erabiltzen da (espetxe arloko legerian salbuespeneko neurria da).
– Eskatzen dugu presoen eskubideak errespeta daitezela Covid-19aren kudeaketan oraingo fasean ere. Horretarako, beharrezkoa da:
• Presoak espetxetik ateratzea, osasunari lehentasuna emanez, presoen eskubideak errespetatzeko neurri eraginkorrena den aldetik.

• Berehala berrezartzea bisean biseko komunikazioak Iruñeko espetxean.

• Berehala kentzea nahitaez bete beharreko bakartze aldiak espetxera itzultzean baimenetatik edo beste edozein diligentziatatik, bai eta hasierako sarreretan.

• Bermatzea ez daitezela presoak diskriminatu txertoa hartzea edo ez hartzea erabakitzeagatik, jarduerak egin ahal izateko, bisean bisekoak izateko, berrogeialdiak kentzeko …

• Iruñeko espetxera ekarri behar dira Iruñeko espetxean zigorra betetzen ari ez diren Nafarroako presoak edo Nafarroan erroturik daudenak, hala eskatzen badute.
Txosten osoa ikusteko klikatu hemen:

 

>> Ekainak 30_DOSSIERRA_eus


OHARRA, Kai Saez de Egilaz eta Pipe San Epifanoren atxiloketak direla eta

Sarek Guardia Zibilak gaur Beasainen eta Bilbon eginiko atxiloketak salatu nahi ditu. Iraganera begira jarri gaitu berriz Guardia Zibilak goizean eginiko operazioak. Lekuz kanpo eta inolako beharrezkotasunik gabe eginiko “ikuskizuna” izan da gaur goizekoa.
• Batetik, bide ohikoei jarraiki, zitazio bitartez garatu zitekeen inputazio batetaz ari baikara.
• Bestetik, ezin daitekeelako bere zigorra osotasunean eta ezohiko espetxealdian bete duten pertsonen askatasunak senide eta lagun artean sor dezaken poza ere delitu bilakatu.
Poz horren eta biktimen errespetuaren arteko oreka bilatzea da herri gisa elkarbizitzarako egin behar dugun ariketa, baina inolaz, ezin dugu guztia delitu bilakatu ez eta jurisprudentzia errepresiorako tresna izaten jarrai dezan utzi. Guztioi dagokigu enpatia eta errespetu ariketa horiek aurrera eramatea, inoren eskubideak zapaldu edota inor atzean utzi gabe.
Horixe da Sarek urte guzti hauetan eginiko aldarria, askatasunean eta errespetuan oinarritua, eta horixe da bai batzuentzat zein besteentzat eskatzen duena, elkarbizitzaren baitan eta bake bidean urratsak eman ahal izateko.


Uztailaren 3an, Iruñeko Ziudadelako Harresia inguratuko duen “Ibilian-ibilian, etxerako bidean” manifestazioa burutuko dugu

1987an eta 1988an hasi zen euskal presoak haien jatorritik urruntzeko eta sakabanatzeko politika. 1989tik aurrera, Estatuaren luze-zabalean sakabanatutako 50 espetxe baino gehiago (Kanariak, Balearrak, Ceuta eta Melilla barne) preso dagoen edozein pertsonari dagozkion eskubideak urratzeko leku bihurtu ziren eta hala izan dira ia 35 urtez. Eskubide horietako bat da zigorra presoaren ohiko bizilekutik bete ahal izatea, hala ezartzen baitu espetxeen arloko araudiak, bereziki Espetxeen Lege Organiko Orokorraren 12. artikuluak (1979).

Sakabanaketak zigor erantsia ezarri zien presoen senideei, asterik aste urrunera bidaiatu behar izan dutelarik. Bidean geratu dira bidaia luzeen ondorioz larritutako adinekoen eta ume txikien neke fisiko eta mentala; trafiko istripuak –16 pertsona hil dira halakoetan–; pertsona horiek izan duten kostu ekonomiko handia…..Azken finean, zigor krudela izan da delitu bat dela-eta inoiz epaituak izan ez direnentzat; baina, hala ere, errepresalia gisa diseinatutako espetxe-politika gizagabe baten ondorioak jasan dituzte.

Hiru hamarkada baino gehiago pasatu behar izan dira gaur beste egoera batez hitz egiten hasi ahal izateko. Penintsularen hegoaldeko (Andaluzia) kartzela baino ez da falta euskal presorik izateari uzteko. Espero dugu egoera hori amaitutzat jo ahal izatea datozen asteetan. Baina urruntze egoerari buruzko aipamen berezi bat egin nahi dugu, egoera hori orokorrean hartuta. Gaur egun, preso asko daude oraindik penintsularen iparraldean sakabanatuta, Euskal Herriko espetxeetan kokatzearen zain. Orduan izango da, euskal presoak lehen aipatutako espetxeetatik ateratzen direnean eta guztiak hemen daudenean, orduan hitz egin ahal izango dugu gure Herrian bizikidetza normalizatzeaz. Horregatik, presoak Euskal Herrian kokatzea helburu utziezina da oraindik euskal gizartearen zati handi batentzat.

Horregatik ezinbestekoa da, askatasunaz gabetzeko arrazoia edozein dela ere, euskal preso guztiak EHko espetxeetara aldatzea, non dagozkien espetxe-neurriak aplikatu beharko zaizkien.

Aipatu dugun egoera berri hori pertsona askoren esfortzuei esker lortu da. Euskal gizartearen zati handi batek euskal presoen giza eskubideen urraketa bertan behera uztearen alde egin du, bakoitzaren ideologia edo alderdia alde batera utzita. Besteak beste, horren alde egin dute SARE Herritarraren eta antzeko erakundeen bitartez artikulatutako emakumeek eta gizonek, eta alderdi politikoek, sindikatuek eta erakundeek. Guztien artean adostasun garrantzitsuak eratzea ahalbidetu dute. Guztien ekarpenarekin lortu da Espainiako Gobernuak jarreraz aldatzea. Gizartearen mobilizazio horrek, ETAk emandako urratsekin eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) hartutako konpromisoekin batera, oraindik helmugara arte guztiz egin ez den bidea lautu dute.

Argi izanda oraindik bide luzea dugula egiteko. Jakin badakigu eginahala zaila dena, baina beste urrats bat egiteko asmo irmoa dugu. Behin betiko urratsa: etxera ekartzeko bidea hastea. Orain ETXERAKO BIDEAN jartzeko unea da.

Gure aldarrikapena da etsaiaren Zigor Zuzenbidean oinarritutako eta iraganeko garaietarako diseinatutako salbuespeneko espetxe-politika amortizatzea, eta lege arruntean oinarritutako beste bat aplikatzea. Hala, zigorra eta ordaintze hutsa arauen espiritua eta edukia urratzen dituzten printzipio izatera pasatuko dira, eta, haien ordez, gizatasuna, erreparazioa eta bizikidetza izango dira ardatz.

ETXERAKO BIDEAN jartzea da SARE herritarraren estrategia eta dinamika berria hemendik aurrera, orain arte bizikidetzaren, konponbidearen eta bakearen alde egindako lana ahaztu gabe, baina etxera itzultzeko bidea egin behar dela nabarmenduz, irmo.

ETXERAKO BIDEAN. Hasteko, kartzelatik atera beharko liratekeelako, berehala, gaixotasun larriak dituzten pertsonak, eta 70 urtetik gorakoak. Espetxean mantentzeak ez dauka inolako justifikaziorik.

ETXERAKO BIDEAN. Espetxeratutakoen %90 baino gehiago, irizpide politiko hutsetan oinarritutako sailkapen politika aplikatu izan ez balitzaie, bigarren graduan ematen diren baimenak izateko aukera izango zuketelako legeria arrunta aplikatuta. Ondorioz, aspaldi egongo ziratekeen hirugarren gradua lortzetik hurbil, kondena erdi-askatasunean betetzeko aukerarekin.

ETXERAKO BIDEAN. Presoen heren batek baino gehiagok beteta dituztelako –batzuek aspaldi– auzitegiek ezarritako kondenaren hiru laurdenak. Salbuespenezkoa ez den espetxe-politika bat aplikatuta, hirugarren graduan leudeke jada, eta baldintzapeko askatasuna izango lukete.

ETXERAKO BIDEAN. Zigorrak oso-osorik eta modu efektiboan betetzeko neurriei buruzko 7/2003 Lege Organikoa onartu eta gero epaitu eta zigortu zituzten 60 euskal preso inguru salbuespenezko araudi bat aplikatuta epaitu eta zigortu zituztelako. Lege horren ondorioz, 40 urteko askatasun-gabetzeak ezarri zitzaizkien, baita hirugarren gradua eta baldintzapeko askatasuna lortzeko muga gaindiezinak ere. Kasu horretan, araudi arrunta aplikatu behar da.

ETXERAKO BIDEAN. Frantziako espetxeetan kondena bete zuten 50 euskal presori ad hominen idatzitako lege bat, Europar Batasunean aurrekari penalen informazioa trukatzeari eta arlo penaleko ebazpen judizialak aintzat hartzeari buruzko 7/2014 Lege Organikoa, aplikatzen ari zaie. Euskal presoentzat beren-beregi egindako legea da, salbuespenezkoa, eta Europar Batasunean espetxean betetako urteak zenbatzea eragozten die. Lege hori idatzi zenean, klausula zehatzak sartu ziren euskal presoen kasuan zenbaketa hori eragozteko.

ETXERAKO BIDEAN. Gure herriak sufrimendu asko bizi izan duelako, bizitza asko galdu eta elkar ulertzeko zubi asko apurtu direlako, eta gizarte gisa berreraiki egin behar dugulako, bizikidetza oinarri hartuta.

Norabide horretan gizartearen aktibazio eta mobilizazioak oso garrantzitsuak izan behar dira hemendik aurrera ere eta horregatik gaur hemen beste mobilizazio baten berri eman nahi dugu. Datorren uztailaren 3an, arratsaldeko 18:00tan Iruñeko Ziudadelako Harresia inguratuko duen “Ibilian-ibilian, etxerako bidean” manifestazioan parte hartzeko deia luzatu nahi diogu Nafarroako jendarteari.

ORAIN DA UNEA. Orain egin behar dugu etxerako bidea. Guztion artean lortuko dugu!


Uztailaren 22, 23 eta 24ean bizikleta itzulia antolatu du SAREk ibilian-Ibilian Etxerako bidean udako kanpainaren baitan

Ikusten duzuen moduan bizikleta itzulirako prest gaude! Dakizuenez, azken hiru-lau urteetan uztailean, Euskal Herriko txoko ezberdinak zeharkatzen dituen bizikleta itzulia antolatu ohi dugu, ehunka pertsona bi gurpilen gainean aldarri baten baitan batuz. Aurten ere antolaketa lanetan murgilduta gaude.

Uztailaren 22, 23 eta 24ean izango da aurtengo bizikleta itzulia. Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa zeharkatuko ditugu aurten, iaz egin genuen moduan, segurtasun eta osasun neurriak bermatu ahal izateko, goizetik eguerdira bitarte izango diren hiru etapa independente proposatuz.

– Lehena, uztailaren 22an, Garesen hasiko da, Nafarroan, Oionen, Araban, amaituko delarik. 82km
– Bigarrena, uztailaren 23an, Bizkaian hasiko da, Sopelatik Mundakara ibilbidea eginez. 43km
– Hirugarrena, eta azkena, uztailaren 24ean Zumaian hasi, Gipuzkoan, eta Donostian amaituko da, hiria goitik behera zeharkatuz. 69km

Aurtengo bizikleta itzulia, Ibilian-Ibilian Etxerako bidean udako kanpainaren baitan kokatu dugu. Duela gutxi aurkeztutako kanpaina honekin, Sarek, aurtengo urtean eman diren aldaketa esanguratsuak oinarri hartuta, bere estrategia “etxerako bidea” gauzatzean kokatuko duela azaldu genuen;

Positiboki baloratzen ditugu emandako urratsak, baina urruntze politika euskal preso guztiak Euskal Herrian izatean soilik amaituko da.
Bi arrazoi nagusigatik:
1. Espetxe legediak hala adierazten duelako.
2. Eusko Jaurlaritzak, espetxe eskumenak eskuratu ostean iragarritako espetxe politika berria, euskal preso guztiei ezarri behar zaielako, inolako eszepziorik egin gabe.

Estrategia honen helburua, urruntze politikarekin guztiz amaitu, gradu progresioa era normalizatuan gauzatzea ahalbidetu eta legedia arrunta aplikatuz, euskal presoak dagokien etxerako bidea hartu dezaten urratsak ematean, hain zuzen ere. Etapa berri bat, elkarbizitza erdigunean ezarriko duen etapa berri bat hasteko unea iritsi delako. Horretarako baldintzak daude eta guztion ahaleginez, inor atzean utzi gabe, baldintza horiek baliatu behar ditugu, etapa luze-zahar hau atzean utzi eta berri bati bide emateko.

Horregatik, aurtengo bizikleta itzulian horixe izango da gure aldarri nagusia; etxerako bide horretan pedalkadaz-pedalkada kilometroak batzera goaz!

Aipatutako hiru etapa hauetan izena emateko aukera gaurdanik zabalik izango duzue, uztailaren 16a bitarte, http://sare.eus/bizikleta-itzulia/ web orrialdean. Bertan etapa bat, bi edo hiruretara izena emateko aukera zabaldu dugu, etapa hasiera eta amaierarako autobusa ere jarriko dugularik.

Garesetik Donostiara, batu diezazkiogun guztion artean kilometroak etxerako bideari.


BAI, PAUSOA BIZKORTZEA POSIBLE DA, ETA BEHARREZKOA

ENPRESA KOMITEEN AGERRALDIA

Gaurko agerraldi honen bidez, Nafarroako KYB suspensiones, Graficas Estella SL, Sunsundegi, Aceros Moldeados, Xilema fundazio, Kasedako zaharren egoitza, Tasubinsa, Elkarkide, San Fermin Ikastola eta beste hainbeste enpresatako komiteek Sare Herritarrak aurkeztutak manifestuarekin bat egiten dugula aditzera eman nahi dugu. Zentzu horretan, hamaika dira manifestu hau babestu duten ordezkari eta langileak.

BAI, PAUSOA BIZKORTZEA POSIBLE DA, ETA BEHARREZKOA

Azken hilabeteotan aldaketak gertatzen ari dira espetxe politikan. Euskal presoen kopuru garrantzitsua mugitu dute beren familien bizilekuetatik hurbilago dauden kartzeletara. Zalantzarik gabe, hurbilketa horrek arintzen du familia askoren egoera, errepidean izandako 400 istripu baino gehiagotan 16 hildako izan ondoren. Itxaropena dakarren aldaketa hau zor zaio, batez ere, Nafarroako gehiengo politiko, sozial eta sindikalaren bultzada antolatuari. Egokia da erabakiaren balioa aitortzea eta aintzat hartzea, iraganeko inertziak hautsi eta konponbideak helburu dituen noranzkoa hartzen saiatzeagatik. Eta beharrezkoa da, aldi berean, aldaketa honetan lagundu duten gehiengo sozial eta politikoak proaktiboak izatea bide hau urratzen segitzeko, orain tinkoago, ausartago eta bizkorrago aurrera egiteko, posible eta beharrezkoa de- lako. Izan ere, horretarako baldintzak badaude, eta eraiki nahi dugun etorkizun hori, konponbidean eta elkarbizitzan oinarritua, gero eta argiago eta eskurago dago... Konponbideak ekarriko duen prozesu hori beharrik gabe luzatzea sufrimendua areagotzea besterik ez da, eta onuragarria da, soilik, behin betiko konponbide orokor batera daraman aurrerapauso orori trabak eta oztopoak jartzen tematuta daudenentzat.

Horrenbestez, manifestu hau sinatzen dugunok eskatzen diegu espetxe politikaren arloko eskumenak dituzten agintariei:
1. Euskal presoen hurbilketa prozesua burutzea, guztiak ingurune sozial eta familiarretik hurbilen dauden espetxeetan egon daitezen.
2. Euskal preso guztiei irmotasunez ezartzea salbuespenean oinarrituta ez dagoen espetxe politika, graduen progresiorako aukera emanez, zentzuzko epe batean egin dezaten espetxetik ateratzeko ibilbidea.
3. Adin nagusiko presoak eta eritasun larriak dituztenak lehenbailehen ateratzea kartzelatik.
4. Kartzeletan Covid-19ak eragindako pandemia dela-eta hartu diren salbuespeneko neurriak moldatzea, nazioarteko erakundeen gomendioak betez, hau da, espetxetik modu kontrolatuan ateratzeko politikak baliatzea, espetxeetan dauden presoen kopurua ahal den gehien gutxitzeko.

Azkenik SARE Herritarrak uztailaren 3an, arratsaldeko 18:00tan, Iruñeko Ziudadelako Harresian “Ibilian-ibilian, etxerako bidean” leloarekin deitu duen herrialdeko mobilizazioarekin bat egiten dugula adierazten dugu eta langile orori bertan parte hartzeko deia luzatu nahi diogu. Eskerrik asko!

 


Tipularen Sehaska Kanta, Lander Garrok espetxea eta gaixotasunaren inguruan eginiko filmaren Crowdfunding kanpaina

Sare Herritarra elkarteak, Gasteibeltza iparraldeko produktorarekin batera, Lander Garrok zuzendutako “Tipula sehaska kanta” film-Dokumentala ekoiztu du, espetxea eta eritasunaren gordina nola bizitzen den azaldu asmo duen lana. Iraila-azaroa bitartea estreinatu nahi den film-dokumental honek argia ikus dezan, Crowdfunding kanpaina abiatu genuen atzo, ekainak 13, igandea: https://vkm.is/tipularensehaska

Miguel Hernández idazle eta poetak bere semeari eskainitako poema batek eman dion izena dokumentalari; Miguel, 1936ko gerran preso hartua, 1942an hil zen espetxean tuberkulosiak jota, bertatik, poema hau (shorturl.at/djmGY) idatzi zion bere semari, emazteak jatekorik apenas tipula baino ez zutela adierazten zion gutunei erantzunez. Gertakari hau oinarri hartuta, galdera hori erantzuten saiatu da Lander Garro zuzendaria, berak adierazi moduan “politikotik baino, emozionaletik” landuaz; 1942an espetxeak hiltzea zentzurik ez bazuen jada, ba ote du zentzurik gaur?

Egun, oraindik, 18 larriki gaixo diren euskal preso daude Frantziako, Espainiako eta Euskal Herriko espetxeetan eta 36 bizia gaitzak jota (psikikoa edo fisikoa) galdu dutenak. Ahaztu gabe, espetxetik heriotza ate joka eta gaitzak atzera-bueltarik ez duenean kaleratu dituzten guzti horiek. 1942an bezalaxe, gaitza eta espetxearen arteko talkak heriotza zigorra izaten jarraitzen du oraindik ere.

Film-dokumental honen bitartez errealitate mingarri honek sortzen duena erakutsi nahi dugu. Horretarako Garrok espetxea eta gaitza ezagutu duten pertsonekin, senideekin, adituekin… elkartu da, euren bizipenak batuz kontakizuna eraiki asmoz.

SINOPSIA. Diagnostiko bat egiteko edo tratamendu bat izateko medikuarenera joatea gauza arrunta da kanpoko munduan. Baina preso den ororentzat bide oso zaila edo ezinezkoa da. Lander Garro, zuzendaria, kartzelan gaixo egotearen esperientzia bizi izan dutenengana joango da, zer ondorio duen hobeki ulertzeko. Diskurtso politikotik harago doan hizkuntza erabiltzen du, osasunerako eskubiderik ez duten presoen indefentsioa emozioen ikuspegitik esploratuz, artefakto zinematografikoaren baten bidez. Film politikoa baino gehiago film artistikoa da Tipularen sehaska kanta, lehen pertsonan eta hesteetatik kontatua.1942an kartzelan hil zen Miguel Hernandez poeta espainiarraren Nana de la cebolla olerkitik abiatuta, analogia historikoa egiten du filmak: 1936ko gerran preso hiltzeak zentzurik ez bazuen, zentzurik ba ote du gaur?


»? Teaserra: https://youtu.be/3nERKm_sqdg

?Crowfunding Kanpaina: https://vkm.is/tipularensehaska