Berriak

ORAIN, ETXERA ITZULTZEKO BIDEA

1987an eta 1988an hasi zen euskal presoak haien jatorritik urruntzeko eta sakabanatzeko politika. 1989tik aurrera, Estatuaren luze-zabalean sakabanatutako 50 espetxe baino gehiago (Kanariak, Balearrak, Ceuta eta Melilla barne) preso dagoen edozein pertsonari dagozkion eskubideak urratzeko leku bihurtu ziren eta hala izan dira ia 35 urtez. Eskubide horietako bat da zigorra presoaren ohiko bizilekutik bete ahal izatea, hala ezartzen baitu espetxeen arloko araudiak, bereziki Espetxeen Lege Organiko Orokorraren 12. artikuluak (1979).

Sakabanaketak zigor erantsia ezarri zien presoen senideei, asterik aste urrunera bidaiatu behar izan dutelarik. Bidean geratu dira bidaia luzeen ondorioz larritutako adinekoen eta ume txikien neke fisiko eta mentala; trafiko istripuak –16 pertsona hil dira halakoetan–; pertsona horiek izan duten kostu ekonomiko handia…..Azken finean, zigor krudela izan da delitu bat dela-eta inoiz epaituak izan ez direnentzat; baina, hala ere, errepresalia gisa diseinatutako espetxe-politika gizagabe baten ondorioak jasan dituzte.

Hiru hamarkada baino gehiago pasatu behar izan dira gaur beste egoera batez hitz egiten hasi ahal izateko. Penintsularen hegoaldeko (Levante eta Andaluzia) kartzelak baino ez dira falta euskal presorik izateari uzteko. Espero dugu egoera hori amaitutzat jo ahal izatea datozen asteetan. Baina urruntze egoerari buruzko aipamen berezi bat egin nahi dugu, egoera hori orokorrean hartuta. Gaur egun, preso asko daude oraindik penintsularen iparraldean sakabanatuta, Euskal Herriko espetxeetan kokatzearen zain. Orduan izango da, euskal presoak lehen aipatutako espetxeetatik ateratzen direnean eta guztiak hemen daudenean, orduan hitz egin ahal izango dugu gure Herrian bizikidetza normalizatzeaz. Horregatik, presoak Euskal Herrian kokatzea helburu utziezina da oraindik euskal gizartearen zati handi batentzat.

Ildo horretan, argi daukagu Euskal Administrazioak lan egingo duela, espetxeen arloko transferentziak irekitako gara berri honen aurrean, transmititu izan duten filosofia hori, guk partekatzen duguna, gauzatzeko: espetxe-politika berri bat aplikatzea, humanista eta, aurretiaz kasuak banan-banan aztertuta, askatasunaz gabetzeko zigorren ordez, bizitzen ari garen egoerarekin bat datozen beste batzuk ezartzeko. Horregatik ezinbestekoa da, askatasunaz gabetzeko arrazoia edozein dela ere, euskal preso guztiak EHko espetxeetara aldatzea, non dagozkien espetxe-neurriak aplikatu beharko zaizkien.

Aipatu dugun egoera berri hori pertsona askoren esfortzuei esker lortu da. Euskal gizartearen zati handi batek euskal presoen giza eskubideen urraketa bertan behera uztearen alde egin du, bakoitzaren ideologia edo alderdia alde batera utzita. Besteak beste, horren alde egin dute SARE sare herritarraren eta antzeko erakundeen bitartez artikulatutako emakumeek eta gizonek, eta alderdi politikoek, sindikatuek eta erakundeek. Guztien artean adostasun garrantzitsuak eratzea ahalbidetu dute. Eta ez ditugu ahaztu behar bere isiltasuna arma politiko gisa erabiltzea eragotzi nahi izan duten indarkeriaren biktimak. Guztien ekarpenarekin lortu da Espainiako Gobernuak jarreraz aldatzea. Gizartearen mobilizazio horrek, ETAk emandako urratsekin eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) hartutako konpromisoekin batera, oraindik helmugara arte guztiz egin ez den bidea lautu dute.

Gaur, lehenik eta behin, irribarre egin behar dugu. Guztion artean eskubideen urraketa ugari horiek geraraztea lortzen ari baikara. Eta irribarre egiten dugu argi izanda oraindik bide luzea dugula egiteko. Jakin badakigu eginahala zaila dena, baina beste urrats bat egiteko asmo irmoa dugu. Behin betiko urratsa: etxera ekartzeko bidea hastea. Orain ETXERAKO BIDEAN jartzeko unea da.

Gure aldarrikapena da etsaiaren Zigor Zuzenbidean oinarritutako eta iraganeko garaietarako diseinatutako salbuespeneko espetxe-politika amortizatzea, eta lege arruntean oinarritutako beste bat aplikatzea. Hala, zigorra eta ordaintze hutsa arauen espiritua eta edukia urratzen dituzten printzipio izatera pasatuko dira, eta, haien ordez, gizatasuna, erreparazioa eta bizikidetza izango dira ardatz.

ETXERAKO BIDEAN jartzea da SARE sare herritarraren estrategia eta dinamika berria hemendik aurrera, orain arte bizikidetzaren, konponbidearen eta bakearen alde egindako lana ahaztu gabe, baina etxera itzultzeko bidea egin behar dela nabarmenduz, irmo.

ETXERAKO BIDEAN. Hasteko, kartzelatik atera beharko liratekeelako, berehala, gaixotasun larriak dituzten pertsonak, eta 70 urtetik gorakoak. Espetxean mantentzeak ez dauka inolako justifikaziorik.

ETXERAKO BIDEAN. Espetxeratutakoen % 90 baino gehiago, irizpide politiko hutsetan oinarritutako sailkapen politika aplikatu izan ez balitzaie, bigarren graduan ematen diren baimenak izateko aukera izango zuketelako legeria arrunta aplikatuta. Ondorioz, aspaldi egongo ziratekeen hirugarren gradua lortzetik hurbil, kondena erdi-askatasunean betetzeko aukerarekin.

ETXERAKO BIDEAN. Presoen heren batek baino gehiagok beteta dituztelako –batzuek aspaldi– auzitegiek ezarritako kondenaren hiru laurdenak. Salbuespenezkoa ez den espetxe-politika bat aplikatuta, hirugarren graduan leudeke jada, eta baldintzapeko askatasuna izango lukete.

ETXERAKO BIDEAN. Zigorrak oso-osorik eta modu efektiboan betetzeko neurriei buruzko 7/2003 Lege Organikoa onartu eta gero epaitu eta zigortu zituzten 60 euskal preso inguru salbuespenezko araudi bat aplikatuta epaitu eta zigortu zituztelako. Lege horren ondorioz, 40 urteko askatasun-gabetzeak ezarri zitzaizkien, baita hirugarren gradua eta baldintzapeko askatasuna lortzeko muga gaindiezinak ere. Kasu horretan, araudi arrunta aplikatu behar da.

ETXERAKO BIDEAN. Frantziako espetxeetan kondena bete zuten 50 euskal presori ad hominen idatzitako lege bat, Europar Batasunean aurrekari penalen informazioa trukatzeari eta arlo penaleko ebazpen judizialak aintzat hartzeari buruzko 7/2014 Lege Organikoa, aplikatzen ari zaie. Euskal presoentzat beren-beregi egindako legea da, salbuespenezkoa, eta Europar Batasunean espetxean betetako urteak zenbatzea eragozten die. Lege hori idatzi zenean, klausula zehatzak sartu ziren euskal presoen kasuan zenbaketa hori eragozteko.

ETXERAKO BIDEAN. Gure herriak sufrimendu asko bizi izan duelako, bizitza asko galdu eta elkar ulertzeko zubi asko apurtu direlako, eta gizarte gisa berreraiki egin behar dugulako, bizikidetza oinarri hartuta.

Jakin badakigunez aurrera egiteko ezinbestekoa dela etengabeko elkarrizketa, SARE sare herritarrak aspaldidanik mintzaide izan dituen instantzia guztiekin hitz egiten jarraituko du. Funtsean, alderdi politikoekin, sindikatuekin, administrazio zentralarekin eta euskal administrazioarekin, eta, jakina, indarkeria guztien biktimekin eta presoekin.

Aurrera egin behar dugu, ahaztu gabe, eta kolektiboki egiteko aukera baliatuta.

Horregatik, ORAIN DA UNEA. Orain egin behar dugu etxerako bidea.

Jar gaitezen eta jar ditzagun ETXERAKO BIDEAN



#IzanSarekide
Gure proposamenak interesgarriak direla uste baduzu, gure helburuekin bat egiten baduzu, parte hartu nahi baduzu eta diru-laguntza eman, Sareko bazkide egiteko aukera daukazu. Gonbidatuta zaude. Horrela, sarekide, ehuntzen ari garen Sareko partaide izango zara, zuk ere sarea osatuko duzu.

? BETE FORMULARIOA, MESEDEZ: http://sare.eus/sareinak/ 


Gipuzkoako gehiego sindikalak SARErekin batera deitutako manifestazioa

Gaur Donostian, Gipuzkoako gehiego sindikalak SARErekin batera deitutako manifestazioa.

Izan Bidea dinamikaren baitan, lantegietan ere haien aletxoa jarri nahi izan dute, sindikalgintzatik dinamikari.

 

HEMEN IRAKURRI DUTEN TESTUA:


Eguerdion eta eskerrik asko denoi gaurko mobilizazio honetara gerturatzeagatik! Dakizuen moduan, Gipuzkoako gehiengo sindikala batu gara gaur hemen, euskal presoei ezartzen zaien salbuespen legedia amaitzeko eskatu eta etxerako bidean urratsak gehitu asmoz. Izan Bidea dinamikaren baitan, lantegietan ere gure aletxoa jarri nahi izan dugu, sindikalgintzatik dinamikari emandako hauspoa Gipuzkoara ere ekarriaz.

Azken urteetan zehar, Euskal Herriko gehiengo sindikal, sozial eta politikoak euskal presoei ezarritako salbuespenezko espetxe politikaren amaiera eskatu du. Jendarte zibilaren mobilizazioari nahiz instituzioen interpelazioei esker, urratsak ematen ari dira norabide horretan; ez nahiko genukeen bezainbeste, ez nahiko genukeen bezain azkar, baina urratsak ematen ari dira, euskal presoen gerturatzeari edota gradu aldaketari dagokionez. Prozesu hori bururaino eramatea eskatzen dugu, berriro ere, euskal preso guztiak Euskal Herriratuz, preso gaixo guztiak kaleratuz nahiz salbuespenezko neurri oro indargabetuz. Horretarako herritarron aktibazioa eta baita langileriarena ezinbesteko elementua dira. Horregatik gaude gaur hemen.

Pausoz pauso, ibilian-ibilian, etxerako prozesu hori azkartu nahi dugu, eta oraindik bide luzea dugu egiteko. Oraindik ere, preso eta senide gehiegi daudelako ehundaka kilometroek bereizita, baita 18 larriki gaixo diren preso ere. Graduen progresioa ematen hasi bada ere, hirugarren gradua gutxi batzuei soilik ezarri zaie eta asko dira 3/4 beteak izan arren, espetxean jarraitzen duten presoak edota Frantzian jada bete duten zigorra Espainian berriro betearazten zaien presoak ere… beraz oraindik badugu lana eta salbuespenezko neurri guztiak amaitzeko eskatzen jarraitu behar dugu.

Euskal presoen etxeratze prozesua abian jarri da. Berau gauzatzeko legeak ematen dituen aukera guztiak baliatu eta beharrezkoak diren neurri politiko eta administratiboak hartzea beharrezkoa delarik. Izan ere, elkarbizitzarako eraikitzeko ezinbestekoa da, besteak beste, presorik gabeko etorkizuna gaurdanik marrazten hastea, lehen lehenik, euskalherriratzea eta gradu progresioa ahalbidetuz.

Urrats hori emateko gakoetakok bat euskal presoei lanerako sarbidea ahalbidetzea da. Lanpostu bat izatea hirugarren gradura igaro ahal izateko beharrezko baldintza ere izan ohi da. Horregatik, sindikalgintzatik ere, bide hori hauspotzera gonbidatu nahi zaituztegu gaur.

Aldarrikatzen, mobilizatzen eta adostasunak bilatzen jarraituko dugu. Etxerako bidea egiteko bultzada izan gaitezen.

Eskerrik asko, lortuko dugu!


#Gipuzkoa | "Langileok Presoak etxeratzeko BIDEAN GARA" lelopean deialdi ezberdinak antolatu ditu Euskal gehiengo sindikalak

Gaur, hemen, gehiengo sindikalaren ordezkariak batu gara Sare Herritarrarekin elkarlanean, Izan Bidea dinamikara batuz, elkarbizitzarako, bakerako eta presoen
etxerako bidearen parte garela adierazi eta datozen egunetan aurrera eramango dugun dinamikaren berri emateko.

Izan Bidea dinamika martxan dagoenetik, hamaika ekimen egin dira Euskal Herri luze- zabalean. Herriz herri garatzen ari den dinamika hau lantokietara ere eraman
nahi dugu, langileok ere hasitako bide honi gure hauspoa eman diezaiogun. Izan ere, gaur hemen batu garen sindikatuok denbora daramagu salbuespen legediak dakartzan urraketak salatu eta egungo espetxe politika aldatzearen beharra aldarrikatzen. Egun, bide bat hasia dagoela esan dezakegu, azken hilabeteetan ematen ari diren aldaketak direla eta. Aldaketa horiek, ordea, bai jendarte aktibazioari eta baita alderdi, sindikatu eta instituzioen akordio eta batasunari esker abiatu dira, eta muturrera eraman eta bai urrunketarekin, baita gradu progresioaren blokeoarekin ere amaitzeko, ezinbestekoa dela uste dugu akordio eta aktibazio bide hori garatzen jarraitzea.

Horregatik, eta elkarlan eta aktibazio hori lantokietara eramateko, datorren maiatzaren 28an, CAF enpresan aspaldian hasia duten dinamikara batuz, Joseba Azkarraga eta CAFeko kide baten parte-hartzearekin, presoen egoera eta hasitako bidearen inguruko hitzaldia antolatu dugu, lan eremutik egin daitekeen ekarpenaz hausnartzeko. Zentzu honetan, presoek garatu beharreko etxeratze prozesuan fokoa jarriaz, eta graduen progresioa horretarako klabea izanik, presoek baldintzapeko askatasun eskuratzean eta baita askatasuna berreskuratzean ere lan mundura txertatzeko duten beharrizanaren garrantziaz jardungo gara, prozesu horretan laguntzaile izateko asmoz. Hitzaldia 11:00etan izango da, Beasaingo amiantoaren plazan.

Honekin batera, iragarri nahi dugu ere, datorren ekainaren 4an, 11:30ean, Donostian, Saguesetik abiatuta, deialdi zabaleko mobilizazioa antolatu dugula, eta langile eta
herritarrei parte hartzeko deia luzatzen diegu. Denok izan behar dugulako bidearen parte, guztion bultzadaz hasitako urrats txiki horiekin, etxera bueltako errepide bilaka
daitezen.


 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 



"Ibilian-Ibilian etxerako bidean" udako kanpainari hasiera eman dio Sarek

15.000 lagun inguru mendian gora jarri dituen ekimen eder bat egitetik gatoz, herritarren aktibazio eta parte hartzearekin pozik eta indarberrituta. Pandemia hasi zenetik hilabete gogorrak izan dira guztiontzat, baina, esan beharra dugu, Saretik oso pozik gaudela guztion artean lortutako kale aktibazioarekin eta presoen etxerako bidea ahalbidetzeko eman ditugun urrats sendoekin.

Gaur fase berri bati emango diogu abiada. Urtebete igaro da pasaden maiatzean Izan Bidea, Ibiltarien Sarea dinamika, aurkeztu genuenetik. Ordutik, ehunka ekimen eta erronka burutu dira Euskal Herriko herri eta auzoetan.

Konfinamendu garaian etxez etxe elkartasun eta babes argazkiak jaso genituen; udan zehar, hiri eta herrietan kirol erronkak, mendi irteerak, manifestazioak, giza kateak…; urrian, Resolution mezuaren pean, 600 lagunez osatutako mosaiko ederra marraztu genuen Kontxan, ordezkaritza politiko eta sindikal anitz eta zabalenarekin eta, urtarrilean, Euskal Herriko ia herri guztietan mobilizazioak antolatu genituen etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidea garela aldarrikatuz. Kasu honetan ere, urtarrilean inoiz batu dugun ordezkaritza politiko eta sindikal zabalenarekin.

Gaur, Sareko hainbat kide batu gara, aurtengo udako kanpaina aurkeztu eta hemendik eta urrira bitarte martxan jarriko ditugun ekimenen berri emateko. Egutegi oparoa prestatu dugu. Izan ere, bizi dugun une garrantzitsu honetan, hasitako bidea muturreraino eramateko, hau da, salbuespenezko espetxe politikarekin amaitu eta bizikidetzan aurrera egiteko, herritarren bultzada ezinbestekoa dela uste dugu, honaino iritsi bagara, horri esker izan baita. Horregatik, urratsak egiten jarraitzeko, bidea egiten jarraitzeko Euskal Herritarrak ibilian jarri nahi ditugu, “Ibilian-Ibilian, etxerako bidean” lelopean herrialdez herrialde antolatuko ditugun martxa eta erronken bitartez.

Mugimenduan den herria izan nahi dugu. Mugimenduan hain beharrezko dugun eta abiatu berri den aldaketa benetakoa izan dadin.

Kanpaina honi abiapuntua gaur bertan ematen diogu.
• Gaurtik aurrera eta abuztuaren 21a bitarte, Gipuzkoak eskualdez eskualde ekimen eta mobilizazio maratoia abiatuko du, bi astean behin eskualde bati egokituz eta hurrengoari testigua pasaz. Amaiera abuztuaren 21ean emango diote, Donostiara egingo den martxa eta herrialde mailako mobilizazioarekin, eskualde guztiak bertan batuz.

• Uztailean, azken urteetan egin izan dugun moduan, Hego Euskal Herriko lau lurraldeak igaroko dituen bizikleta itzulia antolatu dugu, uztailaren 22, 23 eta 24ean.

• Uztaila eta abuztuan, hiriburuetan aldarri konkretuak barnebilduko dituzten manifestazioak egingo ditugu, uztailaren 3an Iruñean hasiz. (abuztuaren 3an Gasteizen, abuztuaren 21ean Donostian, abuztuaren 27an Bilbon.

• Irailean, gipuzkoarrei testigua hartuaz, Bizkaia, Araba eta Nafarroako dinamiken txanda izango da. Bizkaitarrak hasiko dira abuztua amaieran. Nafarrak gau eta egun iraungo duen martxa ibiltaria egingo dute irailaren 29tik urriaren 2ra eta ostean Arabarrek emango diote amaiera.

• Azkenik, urriaren 23an mobilizazio orokor batekin emango diogu amaiera “Ibilian-Ibilian etxerako bidean” kanpainari Donostian.

Esan bezala, urratsak ematen jarraitzeko asmoa dugu. Ibilian, ibilian bidea egiten jarraitzekoa. Eta horretara animatu nahi zaituztegu Euskal Herri osoko herritarrak. Izan gaitezen aldaketa honen bultzatzaile. Izan gaitezen ibiltari etxerako bidean.

Izan Bidea abestiak dioen moduan:
“Ibilian-ibilian,
dabilen bidea (gara),
etor zaitez gurekin,
(eta) izan (zaitez zu ere) bidea”

 

 


#IzanSarekide
Gure proposamenak interesgarriak direla uste baduzu, gure helburuekin bat egiten baduzu, parte hartu nahi baduzu eta diru-laguntza eman, Sareko bazkide egiteko aukera daukazu. Gonbidatuta zaude. Horrela, sarekide, ehuntzen ari garen Sareko partaide izango zara, zuk ere sarea osatuko duzu.

BETE FORMULARIOA, MESEDEZ: http://sare.eus/sareinak/


Euskal Herri osoan zehar, milaka lagunek bidea egin dugu 650 tontorretaraino.

EGUNEKO BIDEOA

Bidea, bizitzaren metafora da… eta tontorra, helburuarena… Zenbat poema ederren sorburu izan diren bi hitz horiek; Machadoren ahotan «caminante no hay camino, se hace camino al andar» edo Mario Benedettiren idatzietan «no te quedes inmóvil al borde del camino». Izan ere, bidea bizitzaren abentura da.

Mendia pasioz maite dugunok bideetan ematen ditugu unerik ederrenak. Bertan dira gure amets eta ilusio handienak, baita gure nahigabe handienak ere. Nahi beste bide daude nahi beste tontorretara joateko. Eta gaur, Euskal Herri osoan zehar, milaka lagunek bidea egin dugu 650 tontorretaraino.

Konpon-bidea. Preso eta iheslarien etxerako bidea. Elkarbizitzarako eta bakerako bidea. Horixe da urratsez urrats gaurkoan hemen bildu garenok egin dugun bidea. Izan ere, azken urteetan argi erakutsi dugunez, herritarrok preso eta iheslarien auzia behin betikoz konpontzeko nahia dugu. Hasteko, bidegabea delako egun oraindik indarrean den ezohiko espetxe politika hau.

Euskal presoei legedi arrunta ezarriz gero, larriki gaixo diren presoek eta zigorraren 3/4 beteta dutenek jada etxean behar lukete eta, graduen progresio naturala dela medio, presoen gehiengoa hirugarren graduan litzateke, baimenekin dagokien gizarteratze prozesua osatuz.

Bidegabekeria honekin amaitzeko ari gara maldan gora eta behera bidea eginez. Eta bide horretan, lehen urratsak ematen hasiak dira. Euskal presoen gerturatzea ematen hasia da; urruntze politikarekin amaitzeko oraindik ere mugimendu sendorik egin ez arren, tantaka-tantaka distantzia laburtzen hasiak gara. Baita, graduen progresioari dagokionean ere, oso gutxinaka bada ere, ate berriak zabaltzen hasi dira. Argi dugu aldaketa hauek ez direla nahikoa, baina bide berriak zabaltzeko baliatu behar ditugu. Inoiz baino garrantzitsuagoa da kalean gure konponbidera eta presoen etxeratze prozesua garatzeko nahia azaleratzea, gehiengoaren nahia. Bultzada hori gabe ez baita sekula etxerako bidea burutuko. Horretan jarraitu behar dugu, beraz, senide eta lagunen sufrimendu hori eragotzi baitezakegu. Legea errespetatze hutsarekin gainera.

Gaur hemen batu garenok elkarbizitzara eta bakera eramango gaituen bidearen parte izan nahi dugu. Zerbait badakigu bideez, maiz suertatu zaigulako bide berriak urratzea inork zapaldu gabeko parajeetan. Badakigu bakera eta bizikidetzara daraman bidea harkaitz gogorrean ireki behar dela, pazientziaz eta irmotasunez. Baina ireki daiteke. Bai horixe.

Jakina, zenbat eta esku gehiago bidea irekitzeko, orduan eta errazagoa eta azkarragoa izango da tontorrerainoko bidaia. Hortaz, gaurkoan ere herritar guztiei helarazi nahi diegu deia, auzolan handi honetan parte har dezaten. Gaur mendian batu gara. Bihar herrian. Eta datozen hilabeteetan, Izan Bidea dinamikaren baitan deituko diren dozenaka dinamiketan. Segi dezagun bidean, tontorreraino!


Bi egun baino ez dira geratzen inoiz egin den mendi tontor igoera bateratu handiena burutu dezagun

 

 

 

 

 

 

 

Bi egun baino ez dira geratzen inoiz egin den mendi tontor igoera bateratu handiena burutu dezagun. Gaurko agerraldia azken deialdia egin eta datuak zein irizpideak emateko deitu dugu

Olarizun elkartu gara gaur, datorren larunbatean, bi egun barru, Izan Bidea dinamikaren baitan egingo dugun mendi tontorren igoera bateraturako azken deialdia egin, nondik norakoak azaldu eta parte hartuko duten herritarrei erronka bat luzatzeko asmoz.

Azken hilabeteetan esaten aritu garen moduan, euskal presoei eta salbuespeneko espetxe politikari dagokionean, aldaketa garai bat bizitzen ari gara, sakonekoa eta errokoa ez den arren, aurreranzko urrats gisa irudikatzen duguna. Ematen ari diren gerturatzeak ez dakarte urruntze politikaren amaiera, ez eta salbuespen legediaren deuseztapena; urteetan lehortea jasan duen lurrazal urratuan euri tanta bakanak dira.

Baina honek ura egon badela adierazten digu, hau da, aukera paregabe baten aurrean gaudela, probestu behar duguna aukera paregabea. Horixe da Saretik egin nahi duguna. Horixe da gure deialdi honen atzean dagoen xedea. Izan ere, tanta horiek ez lirateke sekula iritsiko urte hauetan zehar kalean elkartu garen milaka eta milaka herritarren insistentziarik eta aktibaziorik gabe. Ematen ari diren urratsen motore izan gara eta izaten jarraitu nahi dugu.

Horregatik, beste behin ere, kalera irteteko deia egin nahi dizuegu. Edo hobe esanda, mendira igotzeko deia. Bilaka ditzagun tanta sotil horiek zaparrada, erreka, ibai, itsaso. Bilaka ditzagun urrats sotil horiek, bide, etxerako bide.

Larunbat honetarako, 650 tontor igotzeko erronka luzatu genien euskal herritarrei. Urriaren 3an egin genuen moduan, batetik, online izena emateko sistema abian jarriz, eta, bestetik, herriz herri bertako mendietarako deialdiak zabalduz. Guztira 300 herrietako deialdiak batu ditugu eta 1.500 norbanakok eman dute izena online bestelako mendietara igotzeko intentzioa adieraziz. Iparraldeko mendiei dagokienean, Bake Bideanek ere bat egin du deialdiarekin, eta irteerak antolatu ditu Iparraldeko mendi esanguratsuenetara. Datuak ikusita, esan dezakegu larunbat honetan milaka lagun batuko garela Euskal Herriko luze zabalean diren mendi tontorretan. Oso pozik gaude beraz, bizi dugun pandemia egoera honetan, eta egun oraindik indarrean diren neurri murriztaileak kontuan izanda, benetan pozgarria baita herritarrek erakusten duten konpromisoa eta gogoa. Milesker guztioi! Esan gabe doa, orain arte egin dugun moduan, bizi dugun egoerarekiko ardura osoz jokatuko dugula eta segurtasun eta osasun neurri guztiak aintzat hartuko direla.

Hau esanda, gaurkoan beste berri bat ere eman nahi dugu. Izan ere, iaz Izan Bidea aurkeztu genuenean, bi urteren buruan, etxeratzearen, elkarbizitzaren eta bakearen alde hiru milioi kilometro egiteko dinamika abian jarriko genuela iragarri genuen. Bada, gaur, zuekin partekatu nahi dugu lehenengo milioia osatu dugula jada! Beste behin ere, beraz, eskerrak eman behar dizkizuegu Izan Bidea dinamikaren baitan parte hartzen ari zareten guzti guztioi.

Eta honekin batera, erronka berri bat luzatu nahi dizuegu larunbat honetarako; guztion artean hirurehun eta berrogeita hamar mila kilometro batzea termometro honi, mendian gora eta behera egingo dugun ibilbide hori Izan Bideako aplikazioan batuz. Guztion artean lortuko dugu!

Larunbat honetan 650 mendi tontorretan elkartuko gara!

 


OHARRA, uztailean Audientzia Nazionalean izango den epaiketa dela eta

Sare herritak salaketa irmoa egin nahi du uztailaren 12an Auzitegi Nazionalean egingo den epaiketa berriaren aurrean. Berriro ere Arantza Zulueta, Iker sarriegi, Jon Enparantza, Julen Zelarain, Naia Zuriarrain, Saio Agirre, Nerea Redondo eta Juan Mari Jauregi, akusazio beraren pean, epaituak izango baitira.

Beste behin ere, A.N. Salbuespen auzitegia izaten jarraitzen duela agerian geratu da 13/13 sumarioko epaiketa honekin, gure herrian bakerantz eta bizikidetzarantz egiten hasi den bidea oztopatu asmoz.

Epaiketa zentzugabe eta bidegabe baten aurrean gaude. Dagoeneko akusazio beraren baitan epaituak izan diren aurkako epaiketa da honakoa, ahaztu gabe, pertsona hauek jada espetxealdia ere jasan izan dutela euskal presoei eginiko asistentzia lana dela eta.

Ezin dugu aipatu gabe utzi, aurreko epaiketan, Fiskaltzarekin akordio bat egon zela eta horren ondorioz dagoeneko betetako zigorrak ezarri zirela.

Euskal gizarteari eskubide urraketa amaigabe hau salatzeko eskatu nahi diogu. Salatu ditzala salbuespenezko auzitegi honen bidegabekeriak, Auzitegi politizatua eta, beraz, justizia-zantzuetatik urrun dagoena baita. Ez diezaiogun utzi gure herria egiten ari den elkarbizitzaren eta bakeraren bidea oztopatzen.


EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak bat egin dute Euskaldunako Adierazpenarekin

[Adierazpen osoaren bideoa] Eitberen eskutik

Oso positiboki baloratzen dugu Etxerat eta Sarek Donostiako Udalbatzaren gehiengo zabal batek 2020ko abenduaren 11n argitaratu zen Euskalduna Jauregiaren adierazpena berrestea. Horrek erakusten du gero eta konpromiso sozial eta instituzional handiagoa dagoela euskal presoak hurbiltzearen alde eta hainbat hamarkadatan aplikatzen ari zaien salbuespen-legediaren ordez legeria arrunta ezartzearen alde.

Jakin badakigu Euskaldunako adierazpenaren aldeko babesek erritmo onean jarraitzen dutela EAEko udal askotan. Gaur egun, 90 udalerri inguru dira beste horrenbeste udalerritan formalizatu diren berrespenak. Datozen egunetan dokumentua sinatzen duten udalen behin betiko datua eman ahal izango dugu.

Berriz ere eskerrak eman nahi dizkiegu alderdi politikoei eta sindikatuei espetxe-politika normalizatzeko bidean urratsak ematen jarraitzeko konpromisoa hartu dutelako; eta gogorarazi nahi dugu adierazpen hori Espainiako Gobernuko presidenteari bidali zitzaiola, euskal gizartearen erabateko babesa islatzen baitu, urruntzeari amaiera emateko eta euskal presoei legeria arrunta modu esklusiboan aplikatzeko.

Presoak euskal kartzeletara hurbildu ondoren, premiaz, Espainiako eta Frantziako gobernuek espetxe-politikaren humanizazioan aurrera egiten jarraitzea espero dugu, konponbidearen eta bizikidetzaren bidean, ahalik eta lasterren etxean egon daitezen.

Patricia Velezen (Etxerat) balorazioa


EAEko udalek egun hauetan, Euskalduna Jauregian 2020ko abenduaren 11n egindako adierazpenaren berrespena egiten ari dira

Gaur iragarri nahi dugu EAEko udalek egun hauetan, eta datorren apirilaren 21era arte, prozesu honi buruzko datu zehatzagoak emango ditugun egunera arte, Euskaldunan Jauregiak 2020ko abenduaren 11n egindako adierazpenaren berrespena egingo dutela.

Egun hartan, euskal gizartearen gehiengo handi bat ordezkatzen duten alderdi politikoek eta EAEko sindikatu guztiek euskal presoak hurbiltzeko plan bat egitea eta hauei legeria arrunta aplikatzea eskatu zuten. Aipatutako adierazpena udaletara bidaltzea akordioaren testuan bertan jasotzen da, berresteko; izan ere, sinatzaileek adierazi dute beharrezkoa dela konpromisoa sozializatzea eta ezagutaraztea.

Gainera, publiko egin eta berehala, testua Espainiako presidenteari eta EAEko lehendakariari bidali zitzaien, baita Espetxeetako Idazkaritzara, Nafarroako Gobernuko presidenteari eta Ipar Euskal Herriko Mankomunitateko presidenteari ere.

Gogorarazi nahi dugu adierazpenaren mezu nagusia, orain udalerrien babesa jasoko duena, Espainiako Gobernuari zuzenduta dagoela, eta hari helarazten zaiola EAEko gizartearen eta adierazpen hau sinatu dutenen babes osoa izango duela, euskal presoei legeria arrunta eta espetxe-politika normalizatua aplikatzeko beharrezko urratsak ematea erabakitzen bada.

Azpimarratu nahi dugu, beraz, adierazpen honek euskal gizarteak salbuespenezko espetxe-politika behin betiko gainditzeko egiten duen apustua osatzen duen adostasun politiko eta sindikala egiaztatzen duela.

Ongi baloratzen dugu Euskal Herritik gertuago dauden espetxeetara espainiar Estatuak mantentzen duen euskal presoen lekualdaketen dinamika, baina, ala ere, gogoratu nahi dugu ere euskal preso guztiak Euskal Herrira gerturatu arte ez dela urrunketa bukatuko.
Euskal presoen urruntzearen amaierarako urratsak begi-bistakoak diren honetan, oso positibotzat jotzen dugu bultzada berri hori, kasu honetan, udalerriek bultzatuko dutena, eta beste ekimen batzuk gehitzea espero dugu, hala nola, euskal gizartearen mobilizazioa, salbuespenezko espetxe-politikaren amaierari behin betiko bultzada ematen laguntzeko.


#IzanSarekide BETE FORMULARIOA: http://sare.eus/sareinak/


APIRILAK 7 | OSASUNAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Gaur, urrats batzuk ematen ari diren honetan, urteetan luzatu den salbuespenezko espetxe-politikak oraindik berean darrai. Apirilaren 7an, Osasunaren Nazioarteko Egunean, Sare Herritarrak espetxean larriki gaixo diren pertsonak gogora ekarri nahi ditu. COVID-19aren ondorioz bizi dugun egoera berezi honek osasunak eta honen artatzeak duen garrantzia erakusten digu eguna joan eta eguna etorri. Zentzu honetan, eta inoiz baino gehiago, preso daudenen osasuna ere lehenetsi behar dela adierazi nahi dugu, eta osasunean bereziki eragiten duten funtsezko bi faktore nabarmendu:
• Euskal presoei ezartzen zaien salbuespenezko espetxe-politika: bakardadeak, zigorraren luzapenak eta urruntze-politikak eragin zuzena dute preso dagoen pertsonaren osasunean, eta ezegonkortasuna, arazo psikologikoak, antsietatea, harremanak garatzeko arazoak... sortzen dituzte. Gaixo diren presoen kasuan, gainera, gaixotasunari aurre egiteko aukerak murrizten ditu, gertukoen babesa, bizi-baldintza duinak edota konfiantzazko medikuen jarraipena ez izateak eragin zuzena baitu.
• Espetxeetako osasun-baldintza kaxkarrak: espetxeak berak instituzio gisa, hala nola zentroak, medikuen jarrerak eta baliabide faltak osasunean eragin negatiboa izaten dute. Espetxeek ez dute behar bezalako osasun-zerbitzua emateko aukerarik eskaintzen, eta are gutxiago COVID-19ak eragindako egoerak eskatzen dituen neurriak errespetatzeko aukera. Osasuna pertsona guztiei dagokien eskubidea da, baita preso diren pertsonei ere. Ezin dugu onartu segurtasun-politiken aitzakiaren pean presoen oinarrizko eskubideak zapaltzen dituen politikarik. Preso orok konfiantzazko mediku edo psikologo baten laguntza jasotzeko eskubidea du.

Nahiz eta azkenaldian, larriki gaixo dauden preso batzuekin pauso garrantzitsuak eman diren, politika honen ondorio larri eta dramatikoenaren lekukoak gara espetxean bizia galdu duten euskal presoen zerrendak gora egin baitu azken urteetan. Preso hauek gaixotasuna sendatzeko askatu beharrean, gaixotasunak atzera bueltarik ez duenean eta heriotza ate joka denean askatzen dituztela argi erakutsi ziguten duela aste batzuk. Egun 17 dira larriki gaixo diren presoak. Sarek argi du salbuespen-politika hau desagertzen ez den bitartean ondorio lazgarri hauek bizitzen jarraitu beharko dugula.

Horregatik, eragile sozial, sindikal eta politiko guztien inplikazioa eta laguntza behar dugu, denok izan behar gara salbuespenezko espetxe politika amaitzeko bidearen parte, behin betikoz presoen eskubideak errespeta ditzaten eskatzeko, espetxea ere gure gizartearen zati bat baita. Denon artean, konponbidearen eta bakearen bidean, lortuko baitugu euskal presoen oinarrizko eskubideak betetzea, eta gaixo larriek bizi duten sufrikarioarekin amaitzea.