Berriak

Maiatzaren 8an milaka pertsona Euskal Herriko 650 mendi ezagunenetara joango gara.

Izan Bidea dinamikak aurrera darrai, eta, horregatik, duela hilabete batzuk esan genuen bezala, maiatzaren 8an milaka pertsona Euskal Herriko 650 mendi ezagunenetara joango gara.

Bertan, presoak etxera itzultzeko bidearen hasiera aldarrikatuko dugu, eta, helburu hori lortzeko, ezinbestekoa da urruntze-politika bertan behera uztea eta gradu-progresioa aplikatzea preso guztiei.

Izan Bidea dinamikaren barruan, gaur arte, ia-ia milioi bat km bete dira ekimenari ekin genionean iragarritako 3.127.326 kilometroetatik. Hau da, gure konpromisoa da Euskal Herrian bizi garen herritar beste km egitea.

Euskal Herriko gailurretara joateko igoera hau urriaren 3an egin nahi genuen, baina atzeratu behar izan genuen eguraldia dela eta.

Orain, are gogotsuago eta indartsuago ekingo diogu. Gero eta gehiago garelako ibiltarien sare hau osatzen dugun eta kilometroak egiten ari garenak. Egindako urratsek helburu argia dute: euskal presoen egoera konpontzea eta bizikidetza eta bakea lortzeko bidean aurrera egitea.

Dinamika honek ideologia askotako pertsonak elkartzea lortu du, eta, gizarte-aktibazioa eta erakundeetan egindako lana uztartuta, argi daukagu egoera hau behin betiko konpontzea lortuko dugula.

Duela hilabete batzuk ekimen hau aurkeztu genuenean, aprobetxatu behar genuen une berezian geundela esan genuen, eta aprobetxatzen ari gara.

Hala egin genuen urrian, Kontxa hondartzan osatutako mosaikoarekin, non alderdiak, sindikatuak, elkarteak eta sozietate zibila elkartu baikenituen Resolution, Resolución lelopean.

Hala egin genuen urtarrilaren 9an ere, herriz herri eta, ordura arte inoiz lortutako ordezkaritza politiko, sindikal eta sozial zabalenarekin, Euskalduna Jauregian egindako ekitaldian, BIDEA GARA. SOMOS EL CAMINO lelopean.

Eta bide hori garatzen jarraituko dugu. Adostasun politiko eta sindikalen aktibazioa, sozietate zibilarekin batera. Helburua lortzeko modu bakarra bidea elkarren ondoan egitea baita.

Bat egiten dugulako helburuetan: urruntze-politika desagertzea eta presoak eta erbesteratuak Euskal Herrira itzultzea, eta gradu-progresioa aplikatzea, salbuespenik gabe. Hau da, egunero-egunero presoen eta haien senideen eskubideak urratzen dituen salbuespen-erregimena desagerraraztea.

Salbuespen-erregimenaren ondorioz:

Gaixotasun larriak dituzten presoak eta adin handiko presoak kartzelan jarraitzen dute.

80 motxiladun ume baino gehiago, praktikan, umezurtz daude eta ez daukate aukeratik ama, aita edo biak besarkatzeko preso baitaude.

Oraindik bide luzea dugu aurretik. Eta SAREk maiatzaren 8ko ekimena eta antzekoak planteatzen jarraituko du, herritarrak aktibatzen jarraitzeko eta, hala, aldarrikapen hauek kalean mantentzeko, gure helburuak lortu arte.

Euskal Herriko 650 mendi hauetara joateko ekimena erronka historiko bat da. Gure Herriko mendi esanguratsuenak dira; aurtengo ehun urtekoen zerrendan sartuta dauden gailurrak dira. Zailtasun handiko, ertaineko eta txikiko mendiak dira, parte hartu nahi duten guztiei parte hartzeko aukera bermatu nahi diegulako: mendizale esperientziadunei, familiei, umeei, helduei, nagusiei, gazteei. Baita mendira urtean behin baino ez doazenei ere. Aukera zabala eskainiko dugu, bakoitzak bere neurrirako mendia hauta dezan.

Inoiz ez da egin mendi hauetara egun berean milaka eta milaka pertsona joateko ekimen bat, goian IZAN BIDEA bandera zabaltzeko. Gure aldarrikapenen bandera, hain zuen.

Ekimen polita eta esanguratsua da, erakusteko prest gaudela urratsak emateko, aldapan gora edo aldapan behera, baina guztiok batera, euskal presoen eskubideen urraketa desager dadin.

Gaurtik aurrera erabilgarri egongo da 650tontor.sare.eus web orria, ekimenari buruzko informazio guztiarekin. Orri horretan eman ahal izango da izena, baita herriz herri ere.

IZAN GAITEZEN BIDEA. BATU GAITEZEN IBILTARIEN SARE ZABAL HONETARA, BIZIKIDETZAREN, BAKEAREN ETA KONPONBIDEAREN ALDE.


#IzanSarekide BETE FORMULARIOA: http://sare.eus/sareinak/


OHARRA | Iratik espetxea utzi eta gurasoengandik banatzeko eguna heldu da

Tamalez, iritsi da Iratik espetxea utzi eta gurasoengandik banatzeko eguna. Martxoaren 8an 3 urte bete ditu eta espetxe araudiak hala bultzatuta, Iratik espetxea utzi behar izan du, gurasoekiko bereizketa bortitza bizi eta hemendik aurrera motxiladun ume bilakatuz. Aitite eta amamarekin dator Irati Bilbora.

Egoera hau, ordea, ez da ezohikoa, haur eta guraso ugarik bizi behar izaten duten banaketa hau, eta salbuespen legedia dela eta, banaketarekin batera, urruntze politikaren ondorio lazgarriak edota bi gurasoekin batera egoteko ezintasunak. Dakigun moduan gainera, orain, Covid-19a dela eta bisitak ere kontaktu gabeak eta murriztuak dituzte. Motxiladun haurrek eta haiek gurasoek salatu moduan, haur hauek umezurtz izatera bultzatzen ditu egoera honek eta euren bizitza aita, ama edo biak ikusteko alboratzera kondenatu kilometroak eta kilometroak egitera behartuz. Irtenbideak badaude, borondate kontua da. Motxiladun haurrek gurasoak EHn egin behar dute eta familientzako moduloak eskaini behar zaizkie euren eskubidea den gurasotasuna modu ahalik eta egokienean garatu ahal izateko.

Orain artean Irati Gurasoekin Ehra dinamikarekin bat egin duten herritar, eragile eta ordezkariei dei egin nahi diegu datozen egunetan egin daitezkeen mobilizazio edota deialdietara bat egiteko eta aurrerantzean ere, Irati eta gainontzeko motxiladun haurren eskubideen defentsan egiten diren iniziatibetara batzeko. Guztion ardura da haur eta nerabe hauek bizi duten egoera injustua aldatzea eta gurasoekiko harremana garatu ahal izateko beharrezkoak diren neurri eta tresnak ahalbidetzea.


 

#IzanSarekide BETE FORMULARIOA: http://sare.eus/sareinak/


#Martxoak8 | Izan Bidea emakume presoak etxera

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren aldarriarekin bat eginez eta martxoaren 8rako deituriko mobilizazio egunaren harira, Euskal Emakume Presoen egoeraren berri emateko deitu dugu gaurko mobilizazioa. Izan ere, emakume presoak izateagatik are bakartuago, are urrunduago aurkitzen dira, sistema patriarkalaren adierazle garbienetakoa den kartzela sisteman zigor krudelago bat jasanez.

Salbuespeneko espetxe politikaren pean preso egoteak espetxealdia gogorrago egiten badu, emakumeen kasuan gizonentzako soilik pentsatua den eremu batean zigorra bete behar izatea gehitzen zaio. “Ez-leku” batean aurkitzen dira, sistema patriarkal honetan onartezina baita emakumea delitugile izatea. “Emakume onak” birsortzeko fabrikak bilakatzen dira espetxeak, emakume presoak “ber-hezteko” erabiltzen dituzte. Emakumea sistema patriarkalaren arabera dagokion tokian jartzeko erabiltzen dituzte lan-eremuak, tailerrak, janzkera araudiak, sexualitatea bizitzeko mugak… kartzelan.

Emakumeek, zigor hirukoitza pairatzen dute preso egoteagatik:
• Zigor soziala: patriarkatuak emakumeari ezartzen dion rol pasiboa apurtzen duelako.
• Zigor pertsonala: ”emakume txarra”-ren edota ama direnen kasuan “ama txarra”-ren epaia gehitzen baitzaio ezarritako zigorrari.
• Zigor penala: aurrez adierazi moduan, emakumeentzako prestatuak ez dagoen sistema penalaren pean bete behar baitute kondena.

Honetaz gain, Euskal emakume presoak, zigor gehigarria dute; salbuespeneko espetxe politika. Honen ondorioz, eta emakumeentzako izendatuta dauden espetxeen eskasia dela eta, euskal emakume presoak urrunago eta bakartuago topatzen dira, honek dakarren guztiarekin.

Euskal Emakume Presoak Euskal Herritik bataz besteko 500km-tara daude eta jasaten duten urruntzeari, esan bezala, bakartze egoera ere gehitu beharra dago. Izan ere, 31 presotik 15 guztiz bakarrik daude haien kartzelan, kiderik gabe. Otsaileko datuak kontuan harturik, 31 emakume horitatik 5 Estatu frantsesean aurkitzen dira, 22 espainolean eta 4 bakarrik daude Euskal Herrian, horietatik 1 etxean preso dagoelarik.

Espetxeetan euskal presoek bizi duten salbuespen egoerari, masifikazioari, urruntze politikari, osasun arreta eskasari, isolamenduari, eta maiz jasan behar dituzten bortxa eta umiliazio tratuei, emakume izatean konponente sexistak gehitzen zaizkio, zigor morala eta estigmatizazioa edota mehatxu eta irainetatik hasi eta emakumeentzako egokituta ez dagoen osasun zerbitzu eta espazioetararte.

Emakumeon ahalduntzerako eta sistema patriarkalaren desegiterako batzen garen mobilizazio egun hauetan beraz, espetxeak ere landu beharreko eremu gisa ulertu behar ditugu.

Espetxe errealitate gordina behin betiko amaitzea jendarte osoari dagokigu, eta horretarako eta etxeratze prozesua garatu ahal izateko, bidea egiten jarraitu behar dugu. Eremu sozialean, politikoan, sindikalean, instituzionalean, eta KALEAN!!

IZAN BIDEA!! EMAKUME PRESOAK ETXERA!!!

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 


#IzanSarekide BETE FORMULARIOA: http://sare.eus/sareinak/


Etxerat eta Sarek espetxeetako blokeoa eta inkomunikazioa salatu ditugu

bdieoa Eitb

Espainiako espetxeek ia hilabete daramate blindatuta eta komunikazio eta lekualdatze guztiak bertan behera utzi dituzte. Espainiako beste 16 erakunderekin batera salatu dugun bezala, presoen eta haien ingurukoen eskubideen aurkako benetako erasoa suposatzen du honek.

Eskubide-urraketak, ordea, ez dira berriak, orain dela urtebete alarma-egoera ezarri zenetik urratzen dira presoen eskubideak; harrezkero, itxiera perimetralak egon dira, bertan behera utzi dira familiako komunikazioak eta bisitak mintzalekuan. Badira hilabete asko Frantzian eta Espainian preso dauden zuzeneko senideak ikusten ez dituzten adingabeak; etsi egin duten adineko senideak.

Estatuek espetxe barruan beste espetxe bat eraikitzea erabaki dute, espetxeak itxiz. Neurriz kanpokotzat jotzen dugu hori, kontuan hartuta barruko kutsadura-maila eta krisiari aurre egiteko modu hau tentsio handia sortzen duela; egoera ahal den neurrian arintzeko neurriak duela denbora asko hartu behar zituztenean.

Presoek arrisku-taldean daude eta oraindik ere ez dituzte ezarri haien osasuna ahalik eta gehien babesteko neurriak, hala nola, kalitatezko musukoak emanez; kopuru egokian, bai eta txertoa jartzeko orduan presoei ere lehentasuna emanez, funtzionarioei ematen zaien bezala. Estatu frantsesaren kasuan, premiazkoa da UVFak berriz irekitzea familia-bisitetarako, eta, espetxera iristean, senideentzat test azkar eta doakoak ere proposatzen ditugu.

Baina, batez ere, eskari hau azpimarratu nahi dugu, NBEk, OMEk eta Europako Kontseiluak gomendatu bezala, egoera asko hobetuko litzateke preso asko, osasunerako eta bizitzarako duten eskubideagatik, libre utziko balira:

• Estatu espainiarrean 60 euskal presok bete dute jada kondenaren laurdena.

• Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten 17 preso daude.

• 10 euskal presok 70 urte edo gehiago dituzte eta beste zortzi presok 65 urte baino gehiago.

• 53 preso espetxean daude duela 20 urtetik edo gehiagotik.

Eskubideen urraketa desblokeatzeko, espetxeetan espetxe gehiago eraikitzeari utzi eta presoen askatasuna eskatzeko, datorren ostiralean, hilaren azken ostiralean, EHko hiriburuetan, herrietan eta auzoetan mobilizatuko gara. Bertan parte hartzera animatzen zaituztegu.


Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordean parte hartu dugu, Irati Gurasoekin EHra plataformarekin batera

Irati Aranjuezeko kartzelan dagoen ume bat da. Martxoaren 8an 3 urte beteko dituen haurra. Legeak dion bezala, urte hauetan kartzelan dauden gurasoekin egon da, baina 3 urte betetzean, umea kartzelatik atera eta beste senideekin bizi beharko da gurasoak Aranjuezeko kartzelan utzita.

Gure ustez, bizi dugun egoera honetan, onartezina da gaur egun legeak dituen mekanismo ezberdinak ez erabiltzea eta guraso preso hauei salbuespenezko espetxe politika aplikatzen jarraitzea. Zenbait adituk dioten bezala, banaketa honek larritasun psikologiko eta emozional handia eragiten du umearengan, eta, horregatik, banatzea ekidin behar dugula azaltzera gatoz.

Ez da Irati egoera hau pasatuko duen ume bakarra izan, eta, tamalez, azkena ere ez. Aspalditik daramagu egoera hau salatzen eta, une hau iritsi aurretik, dagozkien arduradunek umearen hobe beharraren ikuspuntutik hartu beharreko erabakiak hartzeko eskatu nahi dugu. Guztion ardura da ume honen eskubideak errespetatzea eta bere gurasoekin egon ahal izateko lan egitea.

Kalean mobilizazioetan, edota babes oso zabalarekin atera zen, Bilboko udaletxeko mozioan agertu bezala, aspalditik gai honekiko daukagun kohesioa argitara zabaldu nahi izan dugu, eta behingoz salbuespenezko espetxe politika honekin amaitzeko eskatu nahi dugu. Bide batez, salatu nahi dugu familiak elkarrekin egon ahal izateko modulu mistorik ez dagoela ez Autonomi Erkidegoan ez eta Nafarroan ere. Duela 20 urte jaio zen Onditz haurra kartzelan, eta orduan ere salatu zen egoera hau; gaur, 2021. urtean, egoera horrek berdin-berdin jarraitzen duela azpimarratu nahi dugu, sinestezina dirudien badirudi ere.

Legeak kartzelan ezartzen dituen gradu-progresioak eta baldintza ezberdinak erabiltzea soilik eskatzen dugu. Irati gurasoekin egoteko dauden aukerak baliatzea eta ume honen eskubideak errespetatzea. Martxoaren 8an, Irati motxiladun haurra izatera pasako da eta, beste 90 umek bezala, gurasoak ikusteko ehundaka kilometro egitera behartua egongo da. Hilabetean ordu batzuk ikusteko.

Horregatik, gaur hemen, giza eskubideen batzorde honetan, Iratiren kasua, edota Aranjuezeko kartzelan geratuko den Izadiren kasuak bezalakoak amaitzeko, modulu mistoak edota haurren eskubideak errespetatzeko eskaera egiten dugu.

Azkenik, denok bizi dugun pandemia garai honek ume hauei bete-betean eragin diela salatu nahi dugu, ezin baitituzte gurasoak ikusi, eta jada urte bat betetzera doa egoera horretan daudenetik, eta okerrena da ez dakigula noiz arte luzatuko den….

Horregatik, gaur inoiz baino gehiago salbuespenezko espetxe-politika honek urratzen dituen eskubideak ikusita, Irati gurasoekin egoteko egin beharrekoa egiteko eskatu nahi dugu.


Gaur, zoriondu nahi ditugu Bilboko Udaletxean Iratiren egoeraren inguruko mozioa onartu duten talde politiko guztiak

Gaur, zoriondu nahi ditugu Bilboko Udaletxean Iratiren (Bea Etxeberria presoaren alaba) egoeraren inguruko mozioa onartu duten talde politiko guztiak. Gaur onartu den mozioak, Iratik Aranjuzeko espetxean bizi duen egoeraren inguruan ardura eskatu eta umearen eskubideak errespetatuz bere gurasoekin eta familiarekin egoteko duen eskubidea bete dadin eskatu da. Mozioa EAJ, EHBildu, PSE eta Elkarrekin Podemosen babesarekin atera da.

Saretik Irati eta Izadiren kasuak aintzat hartuta, umeentzako baldintza egokienak ziurtatuko dituen erabakiak hartzeko eskatu nahi diogu Madrilgo gobernuari. Gogorarazi nahi dugu kartzelan dauden Irati eta Izadiz gain oraindik 80 motxiladun haur daudela, COVID egoera honetan 10 hilabete luzez beraien aita, ama edo biak besarkatu eta muxukatu ezinik. Ume hauek urrunketa eta COVID egoeran umezurtz geratzen ari dira, ez dute beraien gurasoekin egoteko ia aukerarik eta honek berehalakoan amaitu behar duela salatu nahi dugu.

Horregatik, datorren otsailaren 6ean, Bilbon deitu den mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu nahi dugu, Irati gurasoekin Euskal Herrian egon behar duelako eta gainontzeko motxiladun umeek ere beraien gurasoak, preso izanda ere, guraso izaten jarraitzeko eskubidea dutelako.

MOZIOA: 


Nafarroako Parlamentuan onartuko den ebazpenaren inguruko balorazioa egingo dugu Etxeratekin batera

Sarek eta Etxeratek eskerrak eman nahi dizkiegu Nafarroako Foru Komunitatean lortutako adostasun politiko eta sindikal zabalagatik, Nafarroako presoak, kasu honetan, Iruñeko espetxera hurbil ditzaten.

Nabarmendu nahi dugu atzo Nafarroako Parlamentuan lortutako akordio zabala, zeinaren arabera, Espainiako Gobernuari, hala eskatzen duten presoei, beren errotze sozial eta familiarreko lekuetatik gertu zigorrak bete ahal izatea errazteko eta zigorra Iruñeko espetxean bete dezaten plan bat egiteko eskatzen duen. Izan ere, PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Nafarroaren eta Izquierda-Ezkerraren botoekin onartu dute ebazpena, eta ondoren sindikatu guztiek sinatu dute akordioa, hau da, CCOO, UGT, ELA, LAB, Steilas, esk, Solidari, Hiru, EHNE, CNT eta CGT sindikatuek.

Ebazpen garrantzitsu honek, zalantzarik gabe, legebiltzarrean proiektatzen den errealitate politiko baten argazkia islatzen du, eta horri Nafarroako eragile sindikalen erabateko konpromisoa gehitzen zaio. Honi salbuespenezko espetxe-politika behin betiko gaindi dadin Nafarroako gizartearen bultzada gehitzen zaio.

Era berean, Foro Sozialak akordio hau lortzeko egin duen lana eskertu nahi dugu. Sarek eta Etxeratek garrantzi handiko ekimen hau egiten den unearen garrantzia nabarmendu nahi du; izan ere, mobilizazio sozialak, ekimen sozial eta instituzional guztiek eta Nafarroan, EAEn, Ipar Euskal Herrian, Espainiako eta Frantziako estatuetan eta nazioartean egindako lanak, zalantzarik gabe, espetxe-salbuespenaren amaieran behin betiko bultzada ematen lagunduko dute.


>> Nafarroako Parlamentuak onartu duden ebazpena (Link)

>> 2020.01.22 Nafarroan erroldatutako presoen zerrenda (PDF)


ZORIONAK! Bihotzez. Hori da herriz herri lanean ibili zareten guztiei esateko daukaguna

ZORIONAK!

Bihotzez. Hori da herriz herri lanean ibili zareten guztiei esateko daukaguna. Kontrako bi faktore genituen. Alde batetik, bizi dugun pandemia egoera, non multzo handitan elkartzeko beldurra dagoen eta horrelako ekitaldiak oso mugatuak izaten ari diren. Eta bestetik, izan genuen eguraldia, hotza, elurra, euria... jendea kalera irteteko oztopo handi bat. Hala ere, honi guztiari aurre eginez, irudimenez eta ausardiaz, martxan jarri dituzue mobilizatzeko aukera ezberdinak 240 herritan, lanketa handia eginez bertan parte har zezaten herriko eragile, norbanako, hautetsi...eta herritarrek. Gainera, 420 herritan alboko herriko mobilizaziora joateko deiak ere egin zenituzten. Zuei guztioi ZORIONAK, bejondeizuela!

IZAN BIDEA presoen etxeratzeko prozesua azkartzeko eta guztion artean egiteko dinamika soziala martxa jarri genuenetik 7 hilabete pasa dira, eta benetan ikusgarria da zenbat herritan egin dituzuen kilometroak edo aurkeztu duzuen dinamika. Larunbatean bide honetan pauso handi bat eman genuen; batetik, goizean eginiko ekitaldiarekin, inoiz izan dugun ordezkaritza zabalenarekin, zuei ere gure esker onak; eta bestetik, arratsaldean kalean egin genituen mobilizazioekin. Agerian utzi genuen, berriro ere, jendartearen gehiengo zabal batek salbuespenezko espetxe politikaren amaiera nahi duela ORAIN; aldaketak berehala eman behar direla, eta, bai Frantzian bai Espainian ematen ari diren aldaketarako pausoak positiboak diren arren, bidea luzea dela oraindik. Horregatik lanean jarraituko dugu. 2021. urtea urrunketaren eta gradu-progresioen aldaketaren urtea izatea nahi dugu, eta izan behar du.

Bidea zaila den arren, elkarrekin eginda errazagoa eta sendoagoa da. Horregatik, larunbatean egin genuen bide beretik, jarrai dezagun lanean. Egin dezagun bidea elkarrekin, eta egon ziur lortuko dugula.

Eskerrik asko guztioi, urteroko mobilizazioari emandako erantzunagatik.

Animo eta besarkada bana guztioi    

 


Urtarrilaren 9ko balorazioa egiteko agerraldia eta aurrera begirako hausnarketa

Deialdi honek bi helburu ditu.:
Batetik, atzo antolatu genituen ekitaldien balorazio laburra egitea.

Ekitaldi kopurua: 238 herri
Bizkaia: 74
Gipuzkoa: 69
Nafarroa: 78
Araba: 17
Iparralde: Baiona

Bigarren helburua da oraingo egoeraren inguruan egiten dugun hausnarketari buruzko dokumentua aurkeztea. Hausnarketaz gainera, hasi berri den urtean emango ditugun urratsak azaltzen dizkizuegu.

Duela sei urte gure erakundea sortzeko izan genituen arrazoietako baten garrantzia azpimarratu nahi dugu: euskal presoei dagokienez, giza eskubideak lehenetsi beharra aldarrikatzea. Helburu hori lortzeko, sortu ginenetik gaur arte, indarrak batuz joan gara arlo politikoan, sindikalean eta sozialean, eta ezberdinen arteko guneak sortu ditugu.

Oraingo egoerari dagokionez, esan behar dugu, bide honi ekin genionean, preso gehienak beren etxeetatik ehunka kilometrora dauden espetxeetan zeudela, eta, ondorioz, senideek bidaia luzeak egin behar zituztela, ondorio larriekin: 16 hildako eta 400 istripu.

Urruntze-politika horren eraginpean egon diren pertsonen artean, bi kolektibo nabarmendu behar ditugu, gehiago sufritu dutelako eta sufritzen ari direlako:

Batetik, azken 9-10 hilabeteetan, espetxeratutako aita, ama edo biak ikusteko aukerarik izan ez duten 80 neska-mutiko baino gehiago. Erantsi behar da, bisitatu ahal zituztenean, 1.000 km baino gehiagoko bidaiak egin behar zituztela horretarako.

Bestetik, adinekoak, arazo handiak baitituzte bidaia luze horiek egiteko.

Gaur, garai itxaropentsuak ditugu aurrean. Zerbait mugitzen ari da. Preso batzuk hurbildu dituzte, baina oso astiro, eta gutxi dira Euskal Herrira ekarri dituztenak.

Garrantzitsua iruditzen zaigu zenbait datu ematea, ikus dezazuen, itxaropentsua izan arren, egoera ez dela lasai egoteko modukoa:

218 preso

– 163 preso Espainiako 36 espetxetan sakabanatuta.

– % 29, 600/1.100 km arteko distantziara.
– % 20, 400/590 km arteko distantziara.
– % 38, 100/390 km arteko distantziara.

– Beste 30 pertsona Frantziako SEI espetxetan ari dira betetzen kondena.
– 25 pertsona (% 13) Euskal Herriko espetxeetan daude / 7, espetxeratze arinduan.

– 186 gizon, 32 emakume eta 2 ume.
– Seik 70 urtetik gora dute
– 60 presok kondenaren hiru laurdenak beteak dituzte dagoeneko, eta beste zortzi egoera horretan egongo dira 2021ean

Gradu-progresioa konpondu gabeko arazoa da preso askoren kasuan.

107 preso lehen espetxe-graduan daude
71, bigarrenean
eta 9 baino ez daude hirugarren graduan.

– 17 presok gaixotasun larriak dituzte.

Egoera honen aurrean, SAREk ezinbestekotzat jotzen du presoak Euskal Herrira hurbiltzen jarraitzea, haien errotze soziala ahalbidetzeko eta senideei urruntasun horrekin ezarritako zigor erantsia arintzeko bidea baita.

SAREk berehala bideratu beharrekoa nabarmendu nahi du, eta, horregatik, alderdi hauek aipatu nahi ditugu:

LEGE BATZUK EZ DIRA BETETZEN

Zuzenbidezko Estatu bat izateko, funtsezko bi baldintza dira legezkotasun-printzipioa betetzea eta giza eskubideak errespetatzea. Hala egiten ez bada, ezin da demokraziaz hitz egin.

Urruntze-politikak ELOOren 12.1 artikuluan ezarritakoa urratzen du. Izan ere, artikulu horretan presoak haien familien bizilekutik hurbil kokatzeaz hitz egiten da. Eta argi dago Andaluzia, Levante edo Galizia ez daudela hurbil, ezta Daroca, Dueñas, Topas edo Madril ere.

Osasunerako eskubidea ere urratzen da preso hauei ez baitzaie eteten kondena Zigor Kodearen 60. eta 80. artikuluetan ezarritakoaren bidez, hirugarren espetxe-gradua aplikatuta.

Gradu-progresioak blokeatuta daude kasu gehienetan. Preso batzuk 30 urte arteko kondenak osorik bete ondoren geratu dira aske, eta kondena osoa lehen espetxe-graduan bete dute.

Euskal presoen kolektiboaren % 75ak aspaldi erabaki zuen gradu-progresiorako mekanismo legalak erabiltzea, eta, beraz, Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiak ez dauka aitzakiarik progresio hori ez aplikatzeko. Eta, horrekin batera, erregimen irekiak, kondena etxean betetzeko aukera, baimenak eta baldintzapeko askatasunak.

Gradu-progresioa aldarrikatzea izango da SAREren helburu nagusienetako bat 2021erako. Datu bat: gradu-progresioa aplikatu izan balitzaie, 68 preso aske egongo lirateke orain.

BESTE LEGE ZENTZUGABE BATZUK

50 presori baino gehiagori, estraditatu ondoren, ez zaie konputatu Frantzian betetako kondena. Neurri hori giza eskubideen kontrakoa da.

70 pertsona, praktikan, biziarteko kondena betetzen ari dira, 7/2003 Legea aplikatu ondoren. 30 urteko zigor bat suntsitzailea bada, zer eragin izan dezake espetxean 40 urte egoteak? Zigor hori ez dator bat berreziketa eta gizarteratzea lortzeko helburuekin.

BIKTIMAK

Oso argi dugu euskal presoei ezarritako muga horiek ez digutela eragotzi behar indarkeriaren -indarkeria guztien- biktimek izandako sufrimenduak ulertzea eta pertsona horiei elkartasuna adieraztea.

Begirunea zor diegu, eta haien mina ulertu behar dugu, eta egiten ari garen bizikidetzarako bide honetan dagokien espazioa bete behar dutela defendatuko dugu beti.

GEHIENGO POLITIKOAK

Agerraldi honen hasieran adierazi dugu garai berri baten hasieran gaudela, eta litekeena da hala izatea Estatuan dauden gehiengo politiko berrien eraginez.

Orain, aukera dute normalizaziorako urratsak emateko, lege arruntak aplikatuta eta salbuespen-legeria indargabetuta.

Itxaropentsu ikusten dugu espetxeen arloko eskumenak euskal administrazioari aldatzeko posibilitatea. Baina, horrekin batera, eskumenak itzuli behar zaizkie espetxe-zaintzako epaitegi naturalei. Hurbileko epaitegiei. Eta desegin egin behar da Auzitegi Nazionalaren mendeko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentrala.

Eta hurrengo urratsa izan behar da euskal presoak elkartzea, hemen.

Gehiengo politiko horiei eskatzen diegu hasitako bidetik jarraitzeko. Ezer aldatu izan ez balitz bezala jokatzen duten politikaren eta epailetzaren arloko sektore gogorrenei aurre egiteko. Iraganean gotortuta, oraina aintzat hartu gabe, iraganari buruzko kutsu antiterrorista duen kontakizunari eusten dioten sektore horiei aurre egiteko eskatzen diegu.

Horregatik, Euskal Herriko gehiengo politikoek egin duten bezala, Estatuan dauden gehiengo politiko berriek giza eskubideen lehentasun etikoa onartu beharko lukete, baita kontuan hartu indarkeria gaindituta dagoen estadiotik bakean, bizikidetzan eta konponbidean oinarritutako estadiorako bidean gaudela ere.

Gakoa da legezkotasunaren, gizatasunaren eta gizarteratzearen printzipioak gailentzea, eta arbitrariotasuna eta komenientzia alde batera uztea.

2021ERAKO LANAK

Amaitzeko, hasi berri den urte honetarako zeregin nagusitzat ditugunak helarazi nahi dizkiegu Euskal Herriko indar politiko eta sindikalei, baita euskal gizarteari ere:

1.- Euskal preso guztiak Euskal Herrira hurbiltzeko prozesua azkartzea, eta, beraz, hurbil dauden beste kartzela batzuetara aldatzen dituztenean, epe laburrerako izatea, tarteko urrats gisa.

2.- Gaixotasun larri sendaezinak dituzten presoak eta adin handiko presoak askatzea.

3.- 7/2003 Legea indargabetzea eta legeria arrunta aplikatzea.

4.- Baimenak ematea. Gaur egun, 30 preso baino gehiago baimenak lortzeko egoeran daude, baina ukatu egiten zaie aukera hori.

5.- Seme-alaba txikiak dituzten amentzako modulu bat sortzea Euskal Herriko espetxeetako batean.

Zeregin hauek euskal gehiengo politikoaren laguntzarekin jorratu nahi ditugu, aurrera egiteko bide bakarra baita.

Lanean jarraituko du gure oinarri soziala zabaltzeko, pluraltasuna ardatz hartuta. Guztiekin hitz egingo dugu. Espazioak partekatuko ditugu eta interes handiz jasoko ditugu helburu horien inguruan egiten zaizkigun ekarpen guztiak. Bereziki, presoek egiten dizkigutenak jaso nahi ditugu, eta, horretarako, haiek bisitatzen jarraituko dugu. Baita gure herrian jasandako indarkeria guztien biktimek egiten dituzten ekarpenak ere, eta haiekin ezarritako elkarrizketarako kanalak erabiltzen jarraituko dugu.

Itxaropenerako unea da. Egia bihur dezagun!


240 herri eta auzoetan mobilizatu gara gaur salbuespen legedia kontra

Eskerrik asko guzti-guztioi aurtengoan ere, zailtasunak zailtasun, hemen izateagatik. Eta zorionak herriz herri hau antolatzen ibili zareten pertsona guztiei, baita hemen batu garenoi ere. Irudi ederra sortu dugu gaur Euskal Herriko luze zabalean. Bejondeigula!

Gaurko egunez, urtez urte, Bilbon elkartu gara milaka eta milaka pertsona. Aurtengoan, herritar guzti horiek gure herrietan batu gara, ezohikoa, ia ia sinestezina eta gogorra izan den 2020. urtea atzean utzi eta 2021ari hasiera emateko. Baina hemen gaude, beste urte batez, aldarri berberen baitan, La Casillarik gabe baina gure herriko plazan.

Bidea Gara lelopean irten gara kalera. Nor bere eran. Bakoitza bere ideiak soinean eta, norbere sentipen eta bizipenak altzoan, baina bide berberaren baitan. Etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidea.

Pozgarria da azken urte hauetan norbanako ezberdinak elkarrekin lanean ikustea, elkar ulertzea, elkar entzun eta hitz egitea; aurrerapauso ugari eman dira, enpatia eta giza eskubideak oinarri. Bizipen anitzeko norbanakoen ahaleginari, alor sindikal, instituzional, sozial eta politikotik etorritako adostasun eta akordioek egin diote ekarpena. Azalean sufritu eta zauriak dituztenen ahots batzuk ere entzun ditugu, egoera hau aldatzearen alde. Elkarbizitzarako nahia agerian utzi dugu, herri gisa aurrera egiteko gogoarekin batera. Horretarako, salbuespeneko espetxe-politika behin betiko amaitzea beharrezkoa dugu, ordea. Ezinezkoa baita aurrera egitea oraindik hainbeste sufrimendu sortzen duen egoera hau aldatu gabe. Ezin da aurrera egin senideak, eta bereziki haurrak eta adineko pertsonak, zigortzen dituen urruntzepolitika aldatu gabe, larriki gaixo diren presoak espetxean egoera biziki larrian mantenduz edota presoei ezarritako etxeratze-prozesua ahalbidetzen dien graduprogresioa ukatuz.

Garrantzitsuak dira konponbiderako ere Frantzian eta Espainian azken urte eta hilabeteetan eman diren aldaketak. Frantzian Xistor Aranbururen baldintzapeko askatasunak itxaropen-bide berriak zabaldu ditu, fskaltzaren blokeo-jarrera hautsiz.

Espainian, berriz, presoen lekualdatzeak eta gerturatzeak jarrera-aldaketa ematen ari dela erakusten du. Nahikoa ez izan arren, aukera badela, bidea badela erakusten digu honek, eta guk aukera baliatu nahi dugu bide hori fnko bilakatzeko. Horregatik gaude gaur hemen, oraindik badugulako zer ibili, baina badugulako ere ibiltzeko bidea. Gu gara horretarako bermea, gu gara bidea.

Sei eskari ekarri nahi izan ditugu gaurkoan hona, aurrera begira ere bide honen baitan jorratu nahi ditugunak:

1) euskal presoen euskalherriratzea, urruntze-politikarekin behingoz amaitu eta senideei ezarritako zigor erantsia eten dadin
2) euskal preso guztiei gradu-progresioa ahalbidetzea, preso guztiek jarraitu beharreko birgizarteratze eta etxeratze prozesua egin dezaten
3) larriki gaixo diren presoak etxera ekartzea, dagokien artatzea senideen babes eta konfantzako medikuaren jarraibideekin jaso ahal izateko
4) adinez nagusiak diren presoen etxeratzea, euren osasuna eta bizitzeko eskubidea lehenetsiz
5) aita, ama edo biak espetxean dituzten motxiladun haurrek gurasoekin bizitzeko duten eskubidea errespetatzea, hala nola, preso diren pertsonek
guraso izateko duten eskubidea bermatzeko neurriak hartzea.
6) Eta kontuan hartzea Frantzian betetako zigor urteak Espainian ezarritako zigorrean, zigorren batuketa eginaz.

Oinarrizko eskakizunak dira hemen bildutakoak. Elkarbizitzarako bidean ematen ari garen urratsekin batera garatu beharrekoak. Gaur beste pauso bat eman dugu
marraztutako bide honetan. Gaur milaka lagun batu gara herriz herri, bizipen anitzeko pertsonak, pentsamendu ezberdinekoak, minak eta esperantzak barnebiltzen ditugunak. Baina guztiak ere, gogo eta nahi beraren baitan elkartu gara: bidean aurrera egitea. Etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidean aurrera egitea. Mila esker eta zorionak!