Oharrak

OHARRA Auzitegi Nazioanalaren aginduz Itxaso Zaldu preso ohiaren atxiloketa dela eta:

12 urte baino gehiago frantziako espetxeetan preso egon ostean, Auzitegi Nazionalaren aginduz Itxaso Zaldua atxilotu izana, bakearen eta konponbidearen bidean atzerapauso argia dela salatu nahi du Sare Herritarrak.

Itxasok auzitegiek ezarritako zigorra betea du jada, eta, beraz, Auzitegi Nazionalaren erabaki honek, lekuz kanpokoa izateaz gain, iraganean ainguratutako justizia baten jokabidea islatzen du, jendartea konponbidearen eta bizikidetzaren bidean laguntzearen kontrakoa.

Saretik, egoera hau salatu nahi dugu, eta jaio ginenetik ditugun konpromisoetan berresten garela adierazi nahi dugu; bakea, bizikidetza eta konponbidea. Horregatik, gaur arratsaldean, uztailak 21, manifestazioa deitu dugu Hernanin (Itxasoren jaioterrian), 20:00etan Gudarien Plazan, "Konponbide garaia da. Izan Bidea” lelopean.


OHARRA: “Espetxe Zuzendaritzari senideei bisitak berrezartzerako garaian, urruntze politikak ezartzen dizkien berezitasunak direla eta, berauek asteburuetan egiteko lehentasuna izateko eskaria egin diogu”

Izan Bidea dinamikak aurrera doa, eta elkartasuna eta atxikipenak batzen jarraitzen du, Euskal Herrian, baita beste leku askotan ere. Presoak eta erbesteratuak etxera ekartzeko bidea egiten ari gara.
Bakearen, bizikidetzaren eta konponbidearen bidea egiten ari gara.

Eta bidea egiten ari garen bitartean gure azken helburuak zabaltzen ari gara euskal gizartean.

Konponbidearen eta bakearen bidea ezinezkoa da indarkeria mota guztien biktimek merezi duten errespetua eta aitorpena lortzen ez duten bitartean, eta aurkariaren aurkako arma jaurtitzaile gisa erabiltzen diren bitartean.

Ezinezkoa da ere presoak eta erbesteratuak etxetik urrun dauden bitartean eta haien eskubideak urratzen jarraitzen den bitartean.

Argi daukagu bide luzea eta zaila izango dela, baina errazagoa izango dela egunez egun emakume eta gizon gehiago erakartzen baditugu helburu horretara, eskubideez ari garela jakinda. Giza eskubideak aldarrikatzen ari gara, eta euskal presoei, erbesteratuei eta haien senideei ere badagozkie eskubide horiek.

Etapak bete beharko ditugu presoak eta erbesteratuak etxera ekartzea lortu arte, eta, bitartean, urratsak eman beharko ditugu espetxean dauden gizon eta emakume hauen egunerokoan eta haien senideen egunerokoan eragina duten alderdiak konpontzeko, sarritan eragin hori larria baita.

Preso hauek hiru hilabete daramatzate senideekin elkartzeko aukerarik gabe. Urrunduta egoteaz gainera, alarma-egoeraren ondorioz debekatuta dagoenez zirkulatzea, ezinezkoa izan da bisitak egitea.

Hemendik egun batzuetara amaitu egingo da alarma-egoera, eta orduan hasi ahalko dira berriro bisitak egiten.

Alarma-egoera amaitzen denetik aurrera bisitak nola egingo diren zehazten duten zenbait azalpen entzun ditugu, eta aukeretako bat da Espetxeetako Zuzendaritzak asteko egun guztia erabiltzea bisitak egiteko estatuko kartzeletan. Hori dela eta,  SAREk beharrezkotzat jo du Espetxeetako Zuzendaritzarekin harremanetan jartzea, salatzeko, bisitak egiteko asteko egun guztiak erabiltzeko aukera hau euskal presoei aplikatzen bazaie, haien eskubideak eta, bereziki, haien senideenak urratuko liratekeela, neurri hori hartzen bada, lanegunak hartu beharko dituztelako euskal presoak dauden espetxeetara joan ahal izateko.

Halaber, bisitak metatzeko eskatu dio Sarek Espetxe Zuzendaritzari. Hau da, preso baten senideek edo lagunek ezin badute egun batean bisitatu, egin gabeko bisita horren denbora hurrengoan metatu ahal izango da.

Eskatu diegu kontuan hartzeko egoera hori eta, euskal presoekin adostuta, bisitak asteburuetan egitea, alarma-egoera deklaratu arte egiten ziren bezala. Horrela, senideek orain arte bezala antolatu ahal izango lituzkete bidaiak.

Espero dugu aintzat hartzea eskaera hau.

Bitartean, aurrera egiten jarraituko dugu, eskubideak urratzen dituzten oztopoak kentzen, gure azken helburua lortu arte.


OHARRA: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren sententzia Gasteizko Udalari eskatuz Sareri eskainitako diru-laguntza itzuli dezan

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epai baten bidez, Gasteizko Udalari eskatzen zaio Sare Herritarrari erreklama diezaiola 2017an bakeari eta bizikidetzari buruzko jardunaldi batzuk garatzeko jaso zuen diru-laguntza bat. Epai horren aurrean, honako hau adierazi nahi dugu:

1.- Epai hau PPren orduko Gobernu Ordezkariak aurkeztutako salaketaren ondorioa dela,

2.- salatu nahi dugu, iraganekoak diren eta gainditutzat jotzen genituen garaietara garamatzan erabaki judizial hau.

3.- Epaiak jarduera “alderdikoia” izan zela esanaz justifikatzen du hartutako erabakia, besteak beste, Luis Rodriguez Aizpeola El Pais egunkariko kazetaria, Edurne Portela eta Laura Mintegik parte hartu zuten konferentzia bati dagokionean. Justifikazio honek prebarikazio zantzu argiak ditu eta bidegabekeria hutsa dela deritzogu.

Izan ere, jardunaldi horiek dira Gasteizko Udalak diruz lagundu dituenak.

Sarek ez du inoiz erakundeen diru-laguntzarik jaso egiturari eusteko. Jardunaldi zehatz batzuk baino ez dira diruz lagundu, eta ideologia anitz duten pertsonek parte hartu izan dute horietan.

4.- Hamarkadetako konfrontazioaren eta sufrimenduaren ondoren euskal jendartearen gehiengo zabalak bizikidetzarantz eta giza eskubide guztiekiko errespeturantz urratsak ematen dituen bitartean, badira arlo judizialetik helburu horiek lortzea oztopatzen saiatzen direnak oraindik ere.

5.- Horregatik, eskatzen diegu esparru judizialetik beren fobiak eta ildo politikoak epaietan islatzen jarraitzen dutenei, beren togak uzteko eta politikan aritzeko.

6.- 2015eko urtarrilean GZ eta AN, elkarrekin egindako operazio batean, gure ahotsa isilarazten saiatu ziren, urte hartako manifestazio jendetsuan bildutako dirua konfiskatuz, eta ez zuten lortu. Orain ere ezingo dute.

7.- Horregatik, Saretik, euskal gizarteari adierazi nahi diogu bakearen, bizikidetzaren eta konponbidearen helburuak defendatzen jarraitzeko borondate irmoa dugula, hain arbuiagarriak diren jarrera eta erabaki horiek gorabehera.

8.- Maiatzaren 29tik aurrera, Izan BIDEA-IBILTARIEN Sarea dinamikari ekingo diogu. Jendarte osoaren parte-hartze aktiboa eskatzen dugu, horrela jarrera oztopatzaile horiei erantzuten baitiegu eta denon artean aipatutako helburuetan aurrera urratsak ematen goaz.


OHARRA Espainiako eta Frantziako estatuei ehun pertsona ospetsu inguruk eginiko eskaria dela eta:

Sare Herritarretik mundu mailako ehun bat pertsona ezagunen ekimena pozez agurtzen dugu. Iniziatiba honen baitan gutun bat bidali diete Frantziako eta Espainiako gobernuei, garrantzi handiko bi gai azaltzeko.

Alde batetik, Saretik COVID19ren hasieratik eskatzen ari garen moduan, eta, era berean, Nazio Batuek eta Europako Kontseiluak ere eskatu duten moduan:

1.- 60 urtetik gorako presoak askatzea.

2.- Larriki gaixo dauden edo kondenaren 3/4 bete duten eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko baldintzak betetzen dituzten presoak askatzea.

Mundu mailako parlamentariak, hainbat gobernutako kideak, osasunaren arloko profesionalak, gizarte-erakundeak, giza eskubideen defendatzaileak, unibertsitateko irakasleak edo nazioarteko gatazketako bitartekariak, guztiak ideologia desberdinetakoak, altxatu dute ahotsa, Espainiako eta Frantziako gobernuei gizatasuna euskal presoei dagokionean gizatasuna eskatzeko.

Ezinbestekoa da gobernuek presoen egoerari atzerapen gehiagorik gabe erantzuna ematea.

Beren idazkian, Pandemia hori Espainia eta Frantziako espetxeetan izaten ari den ondorio suntsitzaileei buruz hitz egiten dute, eta eskatzen dute lehenbailehen aske utz ditzatela aipatutako baldintzak betetzen dituzten presoak.

Eta bada bigarren gogoeta bat, gutun honen sinatzaileek balioesten dutena:

ETA desegiteko erabakiak ez du arazo guztien konpontzea ekarri, oraindik ere kartzelak beteak baitaude. Gutxi gorabehera, 230 preso oraindik.

Beren esperientzia azpimarratzen dute, adierazteko, ezein bake-prozesuk ezin duela aurrera egin, presoen auziari irtenbidea bilatzen ez bazaio.

Horregatik, bat gatoz manifestu honen sinatzaileekin, amaitu gabeko prozesu baten aurrean gaudela diotenean, sakoneko gatazkak konpondu gabe jarraitzen duelako. Ez da akordio iraunkor eta iraunkorrik lortu.

Saretik, bat egiten dugu Espainiako eta Frantziako Gobernuei eginiko presazko eskaerarekin; neurri “ausartak eta eskuzabalak” ezar ditzatela, preso horiek askatzea ahalbidetzeko. Egunetik egunera, jauzi bat gehiago ematen da min eta sufrimendu handiagoko etorkizunerantz. Saretik, Espainiako Gobernuari beste aldera begira egoteari uzteko zer gehiago behar duten galdetzen diogu.

Dagoeneko ez da Sare Herritarra eskari hauek egiten dituena soilik, Europako Kontseilua, Nazio Batuen Erakundea eta orain mundu mailako ehun pertsona esanguratsuren eskaria da.

MUGI ZAITEZTE BEHINGOZ; ASKA ITZAZUE BALDINTZA HAUEK BETETZEN DITUZTEN PRESOAK.


OHARRA | GORKA FRAILE PRESOAREN BALDINTZAPEKO ASKATASUNAREN HARIRA

Gorka Fraile euskal presoaren baldintzapeko askatasuna berri oso ona da, eta bat egiten du SARE aldarrikatzen ari den bidearekin.

Gorka Frailek espetxe-baimen batzuk izan ditu orain arte eta, hirugarren gradura pasatu ondoren, posible izan da baldintzapeko askatasuna ematea, Espetxe-zaintzaren Epaitegi Zentralaren autoaren arabera.

Espainia eta Frantziako kartzeletan sakabanatuta dauden 237 euskal presoetatik, Gorka Fraile da hirugarren espetxe-graduan zegoen bakarra. Preso horietatik % 80,5 lehen graduan dago oraindik, gehienek kondenaren hiru laurdenak beteta izan arren. Hori dela eta, hirugarren espetxe-graduan egon beharko lirateke.

Espero dugu Gorka Fraileren kasuan hartutako erabakia ez izatea anekdota bat, beste espetxe-politika baten hasiera baizik; hiru hamarkada luzez bere eskubideak urratuta ikusi dituen kolektiborekiko humanismoa arau nagusitzat hartuko duen politika baten hasiera hain zuzen.


OHARRA IBON FERNANDEZ IRADI

IBON FERNANDEZ IRADIREN askatasunaren aurkako epaia dela eta, SAREk bere ezinegon eta haserrea helarazi nahi du. Ibonek duen gaixotasunarekin kartzelan jarraitzeko epaiak, zer esan nahi du? Ibonek heriotza ate joko izan arte egon behar duela kartzelan? Euskal jendarteak, sindikatuek eta alderdi politikoen gehiengo zabalak hamaika aldiz adierazi duen moduan, Ibonek kalean izan behar du. Ibonek bere gaixotasuna era duinean, konfiantzazko medikuen jarraipenarekin eta etxekoen babesarekin artatua izateko etxean egon behar du eta ez, heriotzaren bezperetan kaleratua izan. Horregatik, Ibonek kalean behar lukeelako, gaur Lasarten elkarretaratzea deitu dugu arratsaldeko 20:00tan Okendo plazan.

Bestalde, gaur goizetik hainbat hedabideetan zabaldu den informazio okerra dela eta, argipena egin nahi dugu, jada PSEko Lasarteko kideek euren sareen bitartez zuzendu duten arren:

  • Atzo Lasarten PSEk bere egoitzan salatutako erasoak ez du SAREk Ibon Fernandez Iradiren aurkako epaia dela eta eginiko mobilizazio zein aldarriekin zer ikusirik eta beraz, SAREk inolako zer ikusirik ez duela argitu nahi dugu.
  • Guk orain arte egin bezala, adostasunetan oinarritutako mobilizazioak deitzen dihardugu eta elkarren arteko zubiak eraikitzen, horregatik, elkarbizitzaren eta bakearen alde eta Ibonen askatasunaren alde dauden guztiei, gaurko elkarretaratzera bertaratzeko deia luzatzen dizuegu.


OHARRA Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuaren arteko bilera ostean espetxe eskumenen inguruan eginiko adierazpenen harira:

Gogorarazi nahi dugu transferentzia honi buruz hainbat urte daramatzagu hizketan, Autonomiaren Estatutuak dituen urteen adina.

Ezer baino lehen, gai honen inguruko balorazioa egiteko datuak falta zaizkigula adierazi nahi dugu, izan ere, ez dakigu zein izango den transferentziaren mamia eta beronen garapena, eta honek era zuzenean baldintzatuko ditu ekar ditzaken ondorioak. Izan ere, ezberdina da:

A) Estatuaren espetxe-politika bera aplikatuz, beronen exekuzioaren gaineko transferentzia soilik izatea

B) edota, Euskadiri bere espetxe-politika propioa garatzea ahalbidetuko dion transferentzia bat izatea.

Bigarren hori izanez gero, gaurko bileran adostutako, aurrerapausoa izan zitekeela uste dugu. Aldiz, Estatuaren espetxe-politika exekutatzea baldin bada adostutako, ez lituzke egoera honi aterabidea emateko bideak zabalduko.

Bestalde, euskal presoen kasuan, transferentzia hori Espetxe Zaintzako Epaitegietatik Euskal Audientzietara eraman beharko litzateke, Auzitegi Nazionalaren menpe egoteari utzita.


Jose Angel Otxoa de Eribe euskal presoaren heriotzaren aurrean (Uztailetik baldintzapeko askatasunean):

Jose Angel Otxoa de Eribe euskal presoa, igaro berri den uztailean askatu zuten baldintzapean gaixotasun larri bat zela eta. Gaur, hiru hilabeteren ostean, bere heriotzaren berri izan dugu.

Lehenik eta behin, gure elkartasun, maitasun eta doluminak helarazi nahi dizkiogu Jose Angelen sendiari. Horrekin batera, gogor salatu nahi dugu zigorrerako eta mendekurako espetxearen erabilera eta abusua; berekiko ardura zutenen humanitate falta nabarmenduz, zeinaren ondorioz, askatasuna bere egoera klinikoa guztiz limitean zegoenean baino ez zioten eman.

Jose Angel duela 19 urte espetxeratu zuten, 2000.urtean. 2015. urtean kantzerra diagnostikatu zioten. Bere zigorraren 3/4enak beteak zituela (2016.urtean) jakitun izanda ere, eta larriki gaixo egonda ere, Jose Angel espetxean mantentzea erabaki zuten, bere egoerak guztiz okerrera egin eta atzera bueltarik gabea bilakatu artean. Espetxe politikaren ohiko legediaren arabera, Jose Angelen bere gaitza etxean, baldintza duinetan, aukera guztiekin eta bere senide eta konfiantzazko medikuen babesarekin artatzeko eskubidea zuen.

Sare Herritarretik, espainiar Gobernuari, euskal presoentzat heriotza zigor bilakatzen den egoera honekin amaitzeko exijitzen diogu; horretarako, larriki gaixo diren presoak aske utziz, beste preso batek Jose Angeli gertatutako jasan ez dezan.

Gorrotoa eta mendekua albo batera utzi eta halako egoerek eskatzen duten humanitatea eta ardurarekin joka dezan eskatzen diogu. Gertaera berri honen aurrean, Sarek, larunbat honetarako, azaroak 2, manifestazioa deitu du arratsaldeko 17:00etan Gasteizen, Artium parean.

#GaixoLarriakEtxera


sare-albistea

Sare herritarrak, Gaizka Sopelana errefuxiatu ohiaren heriotzaren harira honako hau adierazi nahi du.

Sare herritarrak, Gaizka Sopelana errefuxiatu ohiaren heriotzaren harira honako hau adierazi nahi du:

  • Gaizka Sopelana duela hilabete gutxi herriratu zen gaitz larri baten eraginez.
  • Erbesteak eta iheslari izaerak, dagozkien eskubideengan eragin kaltegarriak izan oi ditu.
  • Gaizka Sopelana-ren iheslari izaerak, zaildu egin dio behar adinako osasun asistentzia jasotzea.
  • Honako hau, egoera guztiz salagarria delakoan gaude. Bereziki, iheslariena “intseguritate” eremu handi bat delako.
  • Gaitz larria duten euskal presoen askatasunaren aldeko manifestazioan, Urriaren 15ean Donostian, adierazi gisara, Sare herritarrak, pertsona ororen giza eskubideen defentsan lan egiten du, euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideak barne.
  • Konponbide eszenatokia eraikitzeko ahaleginek, kontuan izan behar dituzte iheslarien eskubideen errespetua ahalbideratzeko urratsak ematea ere.

Guzti honegatik, Sarek euskal iheslarien eskubideen errespetuaren eta konponbidearen aldeko ahaleginak sendotzeko konpromezua berresten du.

Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!

Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!

Izan Sare