EIBARKO 3. BERAKATZ ZOPA TXAPELKETA

Eibarko SAREk 2016an, EIBARKO 1. BERAKATZ ZOPA TXAPELKETA antolatu zuen #STOP DISPERTSIOA / IBON ETXERA! kanpañaren barruan.

Zoritxarrez gauzak ez dira batere aldatu: Ibon Muñoak kartzelan jarraitzen du, Euskal Herritik oso urrun, CORDOBAn (800kmra) eta salbuespeneko legediaren menpe, 1. graduan, isolamenduan, egunaren 20 ordu ziegan pasatzen ditu, (2. gradua sistematikoki ukatzen diote) eta gainera, bere zigorraren ¾k beteak izanik baldintzapeko askatasunean, bere ETXEAN egoteko eskubidea duenean.

Eta egoera hau, egoera sinestezin hau salatzeko, gure kanpañarekin aurrera jo beste erremediorik ez daukagunez, beste ekimen batzuen artean, azaroaren 17an, 11.30etan, Untzaga plazan egingo den EIBARKO 3. BERAKATZ ZOPA TXAPELKETA antolatu dugu.

Honen berri emanez, eta euren partaidetza ezinbestekoa iruditzen zaigulako, Eibarko elkarte guztietara gutunak bidali ditugu dagoeneko. Aurreko urteetan oso ondo pasatu dugu, giro ezin hobean, eta aurten berdin gertatzea espero dugu.