Herri aktibazioa da gakoetariko bat

Arantza Aldezabal, Urtza Alkorta eta, Ainhoa Azkarate – Sarekideak


 

Azkenaldian, Sare herritarrak askotan errepikatu izan du aktibazio ziklo berri bat irekitzearen beharra. Zer da, ordea, ideia nagusi horrekin uler dadin nahi duguna? Zergatik aktibatzearen beharra? Nor da aktibatu beharreko subjektua? Nola lortu ahal dugu aktibatzea?


Aktibatu hitzak latinezko activus, activa, actum izenondoan du bere jatorria. Agere aditzaren (aurrera egin edota mugitu, burutu) actum supinoaz, eta –ivus atzizkiaz osatua dena. Hori horrela, hitz horren kontzeptua, burutzeari edota mugitzeari buruzkoa da.

Hiztegiari begiratuko bagenio, berriz, «zerbait eraginkor bihurtu», «mekanismo bat abiaraz dadila eragitea» edota «prozesu bat biziagoa dela eman dezan edo izan dadin eragitea» bezalako adierak aurkituko genituzke.

Bada, Sarek, konponbide prozesuaren eta euskal presoen eskubideen aldeko indar herrikoia eraginkor bihurtu nahi du, abiaraz dadin edota biziago izan dadin eragin nahi du.

Aieteko Konferentziatik, eta ETAk bere ekinbide armatua behin betiko uzteko erabakia hartu zuenetik bost urte bete berri diren honetan, konpondu beharreko gatazka bati aurre egiteko bete beharra dugun uste osoa dugu. Bultzada berri baten beharra. Estatuak mugiaraziko dituena, beren jarrera arduragabea aldaraziko diena. Eta helburu hori erdiestearen ardura, euskal jendarte guztiarena delakoan gaude. Bakea lortzea ez baita herriaren zati bati soilik dagokion ardura, guztioi dagokiguna baizik.

Euskal presoekin egiten ari direna, azken batean, jendarte osoari egiten ari zaizkiguna da. Izan ere, beren legeak edo nazioarteko itunak eta hitzarmenak ezartzeari uko egiten dioten bakoitzean, gizatasun pixka bat izateari uko egiten dioten bakoitzean… presoei eta haien gertukoei ez ezik, jendarte osoari ere egiten diote eraso.

Egundaino, alderdien arteko ika-mikak nagusitu dira joko-zelai politikoan, alor honi dagokionez ere. Ondorioz, euskal instituzioen inplikazioa lortzeko orduan ere, nozitu da eragin kaltegarri hori. Horren aurrean, Sarek ideologiaz gaindi, sentsibilitate ezberdineko norbanakoak artikulatzera begirako lan eskerga egin du arduraz, bere sorreratik gaurdaino. Eta gaur da eguna esan genezakeena, inolako harrokeria asmorik gabe, benetan erreferentzia zabala izatea lortu duen mugimendua dela gurea. Baina oraindik ere asko dago egiteko.

Horregatik guztiagatik, aktibazio ziklo berri bat abiaraztea behar beharrezkoa dela uste dugu. Bi urteotan artikulaturiko indarrak, martxan jartzeko unea da. Helburu horrekin aurkeztu genuen irail hastapenean Salatzen Dut dinamika, alderdiekin errolda egin, edota gaitz larriak dituzten euskal presoen askatasuna eskatzeko Donostian buruturiko manifestazioa.

Hain justu, euskal jendartea aktibatzeko helburuarekin. Euskal presoen eskubideen errespetuaren eta konponbidearen aldekoa den iritzi orokorra, aldekotasunetik harago mugiarazteko. Euskal erakundeetan eragina izan dezaten, alderdien arteko akordioak, ekimenak eta pausoak erdiestea bultzatzeko. Eta lorturiko inplikazioen maila, mobilizazioan ikusarazteko.

Gure asmoa, Herri oso bat elkarturik eta ibilian jartzea da. Aktibo. Guztion inplikazio maila handiagoarekin. Jendartetik hasi, eta alderdi eta instituzioetaraino. Langile, abokatu, kirolari, zaletu, ikasle, arkitekto, ingeniari, irakasle, itzultzaile, kazetari, zientzialari, idazle… den denak aktibatzea da gure helburua.

Eta helburu hori erdiesteko Salatzen Dut lan tresna plazaratu dugu. Giza Eskubideen ikur herrikoia izatea da nahi duguna. Bakoitzak bere egin ahal duena. Norberaren eremu propioan zabalduz, eta inplikazioak lortuz. Esparru bakoitzeko indarrak aktibatuz. Saskibaloi eta pilota kantxetan, edota futbol zelaietan. Lantegi, ikastetxe eta instituzioetan. Kaleetan…

Salatzen Dut aurpegi askotarikoa, ezaugarri eta formatu ezberdinetako ekimenez hornitua. Sentsibilitate guztiek partekaturiko gutxiengo komuna. Tresna aktibatzailea izatea da gure helburua.

Finean, eragin eremu bakoitzetik norabide bakarrean indar eginaz gero, herri osoa aktibaturik, geldiezina izango delakoaren ustea baitugu. Jendarte, alderdi eta instituzioak, ibilbide orri berbera partekatuz. Jendarte, alderdi eta instituzioak elkarlanean martxan, Madril eta Pariseko borondateak mugiarazteko asmoz.

Urriak 15ean, Donostian, ziklo berri honetako lehen aktibatze kanpamentua ezarri genuen. Datozen asteetan, alderdiekin bigarren errolda bat burutuko dugu, eremu hori ere aktibatzera begira. Herriz herri sentsibilitate ezberdinak aktibatzeko dugun asmoei gehitu beharrekoa. Eta urtarrileko mobilizazio jendetsua, aktibatze orriaren inflexio puntu garrantzitsua izatea da nahi duguna.

Salatzen Dut-ek baditu beharrezko osagaiak, eskubideen errespetuaren eta konponbidearen aldeko gehiengo sozial, politiko, sindikal eta instituzionala artikulatzeko, aktibatzeko eta gai hau agendaren erdigunean ipintzeko. Eragile bakoitzari dagokio hausnartzea, egoerak eskatzen duen neurriko ekarpena egiteko gai ote den ala ez.

Guk argi dugu. Gatazka gainditze bidean, ikasturte hau erabakigarria izan dadin, Herri aktibazioa da gakoetariko bat.

Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!

Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!

Izan Sare