Azken hilabeteetan berri ezberdinak entzun eta irakurri ditugu Kepa Arronategi gernikar presoaren harira, eta, gaur, Zuerara (Aragoi, Euskal Herritik 350 km-ra) eraman dutela jakin berri dugu.

Udan zehar Almeriatik (Andaluzia, Euskal Herritik 1000 km-ra) Zaballako (Araba) espetxera ekarriko zutela iragartzen zuten notiziak filtratu ziren hainbat komunikabidetan. Gaixotasun larri baten ondorioz –patologia psikotikoa pairatzen du– , eta egungo espainiar gobernu zentralak espetxe-politika ezberdin bat martxan jartzeko ustezko borondatearen baitan, lehen urrats gisa kokaturik zegoelako.

Egoera honen aurrean, SARE Gernika-Lumok zera adierazi nahi du:

1.- Ez da bidezkoa, ezta onargarria ere, Kepa Arronategi eta bere senide eta inguru hurbilarekin egin dutena. Batetik, Keparen mediku-diagnostikoaren datuak eta informazioak inongo eskubiderik gabe argitaratu direlako, Osabideak presoen osasunaren aldeko mediku eta jurista elkarteak salatu duen bezala. Keparen gaixotasuna ez da publikoa izan orain arte; izan ere, gaurdaino gaixotasun sendaezinak dituzten euskal presoen 12 kasu ezagutu ditugu, eta, Keparena, egon badauden baina publiko egin ez diren 10eko multzo ezberdin batean zegoen. Bere intimitate eta pribatutasun eskubideez gain, bere familiarenak ere urratzen dituzten jokabideak dira hauek; are gehiago, adin txikikoak tartean daudenean. Eta ez da bidezkoa.

2.- Bestetik, Euskal Herriratua izango zela helarazi zen instantzia ezberdinetatik, eta ez da horrela izan. Logikoki, penintsularen beste puntan izan ala etxetik ez hain urrun egotearen artean aldea dago, noski –gogora dezagun orain hilabete eskas kotxe istripua izan zuela familiak Murtzia aldean espetxerako bidaia batean–, eta ukaezina da senideek, bereziki, distantzia, desgastea, xahuketa ekonomikoa, istripu-arriskuak etab arindu dituztela. Baina ez da nahikoa: dispertsatua eta urrundua egoten jarraitzen du.

3.- Kepak 21 urte beteko ditu aurki espetxean. Presondegi ugari ezagutu ditu (guztiak Euskal Herritik kanpo), 1. graduko erregimen zorrotzean beti, bizi-baldintza eskasetan, dispertsaturik, familia eta ingurutik urrundua… Ukaezina da horrek guztiak bere osasunean izan duen eragina. Espetxe politika ankerra sistematikoki aplikatzearen ondorioa baita, funtsean. Horregatik, etxean egon beharko luke Kepak. Etxekoekin. Espetxeko lau hormak ez direlako inoiz izango bere egoera artatzeko leku egokia. Eta urgentziazko gaia da.

4.- Agerikoa da errealitate hau ez datorrela bat gure jendartean bizi den egoerarekin. Konponbide klabeetan urratsak emateko garaian bizi gara, eta horrek, halabeharrez, presoen gaian urrats positiboak ematea eskatzen du.

Korapiloak askatzeko unea da. ORAIN. Elkarbizitzarako unea. Urteetan sortutako jendarte-arrakalak elkarrekin sendatzeko unea. Presoen auzia konpontzeko unea da. ORAIN.

Datorren urriaren 5ean, 19:30ean Gernikako merkatu-plazan gernikarrok “Orain Kepa, Orain presoak” adieraziko dugu agerraldi baten bidez. Bertaratzeko deia egiten dizuegu.