Nafarroako zonalde ezberdinetan gure dinamikak ugaldu eta sareak hedatuko ditugu Preso diren pertsonen eta euren senideen eskubideen alde

Gaur, hemen batu garenak, Nafarroako herri eta auzo ezberdinetako herritarrak gara, eta nafar jendarteari zuzendu nahi gatzaizkio. Preso diren pertsonen eta euren senideen eskubideak errespetatuak izan daitezen exigitzen jarraitzeko, denon artean presoak etxeratzeko unea dela aldarrikatzeko eta urtetako sufrimenduak atzean utziz konponbidean urratsak emateko sarea zabaltzen joan nahi dugulako gaude hemen. Azken batean, garai berri baten ateak zabaldu direlako. Elkarbizitzarako eta bakerako ateak zabaltzeko nahian gabiltzalako eta auzi honi konponbidea ematen hasteko benetako aukerak ditugulako parez pare.

Sare Herritarra osatzen dugunok, aurrera egin nahi dugu. Ziklo berri honek hala eskatzen duelako. Jendarteak berak, hala eskatzen duelako.

Korapiloak askatzeko garaia da. Presoei ezartzen zaien salbuespen politika eta neurriek, sekula zentzurik izan ez duten arren, orain, existitzeko arrazoi oro galdu dute. Sufrimendu oro sortzea eten eta jendarte honek elkarrekin bakean bizitzeko duen nahia gauzatu dadin presoen auziari aterabidea ematea ezinbestekoa da.

Herri gisa aurrera egiteko, espainiar zein frantziar espetxeetan preso diren euskal herritarrek ere, aparteko legerik aplikatu gabe, euren bidea egiteko aukera behar dute. Guztiok baikara eta guztiok izan behar baitugu herri honen parte. Eta presoak ere, elkarbizitza eta bakearen eraikuntzan ezinbesteko aktibo izan behar dira.

Horregatik euskal presoek jasaten duten salbuespen neurriak behin betikoz amaitu behar dira:

  • Sakabanaketaren amaiera

  • Isolamenduaren amaiera

  • Egungo legedian oinarritutako graduen progresiorako eskubidea: lehenengo graduaren amaiera eta espetxe onurak lortzeko erraztasunak

  • Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen askatasuna

  • 70 urtetik gora dituzten presoen askatasuna, bai eta zigorraren 3/4 eta 2/3 beteak dituzten presoen askatasuna.

  • Bizi osorako zigorrak ezarri eta zigorren luzapena ahalbideratzen duten lege eta neurrien indargabetzea

Sufrimendurik, biktima gehiagorik eta euskal preso eta iheslaririk gabe, elkarbizitza eta bakea oinarri dituen jendarte bat eraikitzearekin amesten dugu guk. Eta horixe da, ziklo berri honen aurrean, Sare Herritarrak bere buruari ezartzen dion helburua. Auzi hau, behin betikoz konpondu behar dugu, gertatutako oro errepika ez dadin bermeak ezarri eta herri hau normalizazio egoera batera eraman.

Gizartearen aktibazioan sakontzen jarraituko dugu. Zaila da urratsak ematea gizartearen bultzadarik gabe. Nafarroan herri eta auzo bakoitzean, eskualde guztietan eragin behar dugu. Erriberan, Baztan, Bortziri, Malerreka, Sakanan, Tafalladean, Larraun eta Leitzaldean, Lizarraldean, Ultzama eta Basaburuan, Zangotzaldean, Ekialdean, Izarbeibarren zein Iruñerrian. Gure dinamikak ugaldu eta sareak hedatuko ditugu, ezberdinen aktibazioan sakonduz eta gizarte zibilaren mobilizazio eta konpromisoa ahalbidetzeko bide berriak sortuz.

Gero eta sare zabal eta anitzagoa gara eta akordioak lortzeko lanean jarraituko dugu, gizarte zibila aktibatuz eta guztien konpromisoa ahalbidetuz, konponbidea oinarri.

Bide honetan, gure indarra elkarrekintza eta batera eginiko lana dira. Norantza horretan jarraituko dugu. Irailetik aurrera Nafarroa osoan hedatuko ditugun ekimenen berri emanen dugu.