Nafarroatik Bilbora eta Baionara

Ainhoa Azkarate, Maria Luisa Mangado, Amaia Izko eta Arantza Amezaga.

Bagoaz-ek eta Sarek presoen giza eskubideen alde elkarrekin egingo duten ibilbidearen berri eman dute, aurreko astean, eta ez edozein tokitan. Hain juxtu, Donostiako Aiete Jauregian, Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean egin diote euskal gizarteari deialdia, gure herriaren konponbidearen eta bakearen alde aspaldion egin den adierazpen eta ahalegin garrantzitsuenaren abiapuntuan bertan. Aietetik erran diete herritarrei euskal presoen giza eskubideen alde urratsak egiteko, Bilbon eta Baionan datorren urtarrilaren 9an eginen diren bi mobilizazioetan.

Atseginez hartu genuen behean sinatzen dugun nafarrok giza eskubideak babesten diharduten bi taldeetako ordezkariak batera ikustea; pozgarria izan zen guretzat, toki adierazgarri horretan, mahai berean, diskurtso berberarekin biltzea denak, preso, erbesteratu eta deportatuen oinarrizko eskubideen alde elkarrekin lan egiteko.Goxotasun horixe sentitzen dugu, gainera, Sarek antolatzen duen ekitaldi orotan. Izan ere, unean uneko zailtasunak zailtasun, eta herri honen konponbideari jartzen dizkioten oztopo guztien gainetik gai baita ideologia ezberdineko pertsonak elkarrekin lanean jartzeko, batera, eskaera sinple, oinarrizko eta unibertsala eginez; soil-soilik, giza eskubideen errespetua eskatzen, alegia.

Poz handia sentitzen dugu, pentsaera desberdina izanda ere, eskutik helduta ahalegintzen garelako, esaterako, kartzela politika mendekatia indargabetzen; azken finean, kolore ezberdineko eskuek gure arteko aldeak beste gune baterako laga ditugulako, eta bat egin oinarrizko eskaera jakinen alde; besteak beste, espetxetako politikaren arduradunei eskatzen ari gara presoen sakabanaketa zein bakartzea uzteko, eri dauden presoak askatzeko, zigorren luzapena eteteko eta legea salbuespenik gabe aplikatzeko.Horixe bera da funtsean Giza Eskubideen alde egitea. Hain zuzen, eskubide ororen, konponbidearen eta bakearen alde ari den sare aktiboaren ahalegin horixe aitortzea; baita ahal den neurrian laguntzea ere. Nolabait, gure fitxak mugitzea da, aurrerago edo atzerago, Madril eta Paris ere mugitu daitezen. Horretarako modu aunitz dago: ezagutarazi daiteke euskal presoen senide eta adiskideek astebururo pairatzen duten errealitatea; salatu daiteke Espainian ez dela betetzen Europako beste herrialde batean jada betetako kartzela urteak kontatzeko europar doktrina; edota sentiaraz daiteke kartzelan gaixo egotea zein anker eta jasangaitza izan behar duen, ondoan hurbileko lagun eta seniderik gabe.

Bagoaz eta Sareren loturari esker, milaka herritarrek bat egingo dute Madril eta Parisko agintariei eurak ere euskal gizartearengana hurbil daitezela eskatzeko. Frantziako eta Espainiako gobernuetako ordezkariak hurreratu daitezela, euskal herritarren aldarrikapenak ezagutu ditzatela, ibili, eta bide batez, kartzeletako politika birplanteatu dezatela, erbesteratuei euren herrira itzultzen eta, bertan, jazarpenik gabe, bizitzen utz diezaietela… Etor daitezela gurera, ibilbidean parte hartu eta jokabidez aldatu, sakabanaketaren eskurik luzeena deportazioa izan ez dadin. Ibili dabilenak ez baitu goroldiorik bilduko. Gerturatu daitezela, baina batez ere mugi dezatela fitxa, behingoz. Edonork pentsa dezake, eta berekiko esan, fitxak ez daudela gure esku, beraiek dutela giltza. Baina guri iruditzen zaigu baietz, nahiz eta kartzeletako giltzak bi aldeetako agintarien ministerioetan gorde, sarraila mugitzeko ekintza gure esku dagoela, hots, gure eskuek eta aurrerapausoek eragingo diotela giltzari.

Urtarrilaren 9an batera egingo dugu bidea bi hiriburuetan. Bi hiri baina eskaera bakarra: mugarik ez giza eskubideei, konponbideari eta bakeari; gizarte bat bakarra Madrili eta Parisi zuzen eta zorrotz begietara begira, Madrili eta Parisi konpromisoak eskatuz, mugi daitezela exijituz.Bilbon eta Baionan ikusiko dugu elkar. Eta, orduan, gauden tokian gaudela ere, bide berean izango gara, herria ozen aldarrikatzen ari den konponbidearen ibilbidean. Ez ezazu kalerik egin, hor nonbait ikusiko dugu elkar.