Berriki Jaiki Hadi mediku elkarteak jakinarazi duenez, osasun ikuspegitik begiratuta gaitz larriak eta sendaezinak dituzten euskal presoak 21 dira: Tartean dago patologia larriak dituen eta adin nagusikoa den Jon Gurutz Maiza Artola herritarra.

Hau da momentu honetan Jon Gurutzen egoera.

  • 68 urte ditu.

  • Gatazkaren ondorioz 41 urte daramatza herritik urrun.

  • 2007an Frantzian atxilotua. Ia 12 urte daramatza beraz, espetxean.

  • Estatu Frantziarrean oraindik kondena luzea du.

  • Hiru estradizio eskaera eta euro agindu bat ere badu bere kontra.

  • 12 urte hauetan hiru espetxe ezagutu ditu.

  • Momentu honetan Lannemzango espetxean dago, herritik 300km-tara

  • Jon Gurutzek gaitz ugari ditu: ikusmen zorroztasunaren galera, ezkerreko begiko erretina-askatzea, berriki, eta eskuineko begiaren galera haurtzarotik; diabetesa, dislipemia; hipertentsioa eta fibrilazio aurikularra.

  • Patologia horiek eta duen adina ikusita, Igorrek esan bezala, Jaiki Hadi mediku elkarteak gaitz larri eta sendaezinak dituzten euskal presoen zerrendan sartu berri du.

Jon Gurutzen egoeraz jabetuta lan talde bat jarri dugu martxan, eta hortaz, Jon Gurutzen askatasuna eskatzeko dinamika da aurkeztu nahi duguna. Jon Gurutzen egoeraren berri eman eta herriko eragile eta norbanakoak dinamika honen inguruan aktibatzea ditu helburu, aldarrikapen garbi batekin: konponbidean urratsak emateak euskal presoen korapiloa askatzea ekarri behar du eta bide horretan gaixotasun sendaezinak dituzten euskal presoen etxeratzea ezinbestekoa da. 21 preso horiek kalean egon behar dute. Pertsona hauen osasunarekin eta sufrimenduarekin bestelako kalkuluak egitea ankerkeria hutsa besterik ez da.

Konponbidean, giza eskubideen errespetuan eta elkarbizitzan urratsak emateko guztiok behar dugu batera bultza eta norabide horretan “Orain Jon Gurutz, gaixo dauden presoak etxera” dinamikaren aurkezpen honekin, herritarrak hemendik aurrera eginen diren ekimen ezberdinetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu.

Aldez aurretik eskerrik asko!!!

DENOK BATERA PRESOAK ETXERA!