Dagoeneko inork ezin uka dezake: konponbiderako, elkarbizitzarako eta bakerako unea da. Pasa den maiatzaren 4an bizitako egun historikoaren ostean, parez pare ireki zaigu hainbeste sufrimendu sortarazi duen ziklo luze honi amaiera emateko aukera, elkarrekin lan eginez, elkarri begiratuz, elkarri entzunez, ditugun adostasunei lehentasuna emanez eta elkarrekin bidea eginez.

Etorkizunari begira jarri nahi dugu, eta horretarako iraganetik datozen oinaze eta min guztiak sendatzea ezinbestekoa da. Bide honetan izan diren eta diren biktima guztiek merezi dute egia, memoria eta erreparazioa. Norabide horretan sakondu behar dugu. Herritar gisa, guztioi dagokigu ardura hau geure egitea, guztiok merezi baitugu elkarbizitzan eta bakean oinarritutako jendarte batean bizitzea.

Oraindik bada, ordea, sufrimendua sortzen jarraitzen duen auzi bat, askatu beharreko korapilo bat. 269 euskal preso daude euren senideengandik ehunka edo milaka kilometrora urrunduak. Espetxean dauden pertsona hauek euren eskubideen jabe izan arren, oraindik ere salbuespen- neurriak ezartzen zaizkie, Espainiako zein Europako legedien aurka doazenak, eta, presoa ez ezik, senideak, bereziki haurrak eta adin nagusiko pertsonak ere zigortzen dituztenak.

Bakean eta adiskidetuta bizi den jendarte batekin amesten dugunok giza eskubideen errespetuak batzen gaitu. Jakin badakigu adiskidetzea prozesu konplexu bezain beharrezkoa dela, urratsez urrats eraikitzen joango dena. Zentzu honetan, egungo espetxe-politika aldatzea ezinbestekotzat jotzen dugu, eta horretarako behar beharrezkoa da guztion bultzada eta konpromisoa.

Lau lehentasun hauek dira, bereziki, lehen bait lehen konpondu beharrekoak:

Urruntzea. Asteburu oroz ehunka senide ehunka kilometro egitera behartzen dituena.

Larriki gaixo dauden presoak. Egun gutxiko bizia geratu aurretik, gaixorik dauden presoek behar bezala artatzeko eskubidea dute, hemen eta orain.

Europako Legediak dioen moduan, bi estatutako zigorren batuketaren aplikazioa.

Lehen Graduen aldaketa. Euskal presoek, lehen graduan betetzen dute zigorraren %100, eta hori legearen kontra doa.

Espetxe-politika hau iraganean kateatuta dago eta ez-ohiko lege batean oinarritzen da. Guk etorkizunera begira jartzeko garaia dela uste dugu. Gure ondorengoentzat guri aurrekoek utzi zigutena baino etorkizun hobea eraikitzeko aukera dugu esku artean. ETA desagertu den honetan, ez dugu sufrimendu gehiago sortzen duen politikarik nahi.

Korapiloak askatzeko unea da, elkarbizitzarako unea. Urteetan sortutako gizarte-arrakalak elkarrekin sendatzeko unea. Batu ezin izan garenok batzeko unea da. Orain presoen auzia konpontzeko unea da.

Gaur hemen batu garenok ORAIN PRESOAK dinamikari babesa ematen diogun Ezkerraldeko herritarrak gara. Guztioi dei egiten dizuegu, gure ametsarekin bat egiten baduzue, hurrengo asteetan antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko. Lehena hemen bertan izango da, Sestaon, irailaren 29an, larunbata, 13:30ean Kasko plazatik abiatuta. Halaber, urriaren 20an Donostiako kaleak txiki uztera animatzen zaituztegu.