Presoen hurbilketa eskaerei ezezko erantzuna audientzia nazionaletik

Jakin ahal izan dugunaren arabera, presoen eskubideak kontuan hartu ditu espetxe zaintzako epaileak hurbiltze eskaerei ezezko erantzuna emateko.

Presoen eskubidea da etxetik gertuen duten espetxean kondena betetzeko eskaera egin eta onartua izatea. Baina ez soilik presoen eskubideak, senideen eskubideak ere kontuan hartu behar dituzte epaileek.

Europako giza eskubideen auzitegiak hala ebatzi du birritan:

2013ko urriaren 25ean ezagutu genuen Estrasburgok eman zuen lehen sententzia: Khodorkovskiy eta Lebedev Errusiaren aurka. Eta 2014ko urriaren 23an bigarren sententzia Vintman Ukraniaren aurka. Bi kasu ezberdin, sententzia berdin batekin. Lehena dispertsioaren liburuxkan jaso genuen, bigarrena beranduago heldu zen eta merezi du azalpena zabaltzeak: bere ohiko bizitokitik 700 km tara aurkitzen zen ukraniar batek helegitea jarri zuen, 80 urteko amak zailtasunak zituen bidaia egin eta semea bisitatzeko, hainbat helegite jarri izan zituen presoak zegokien instantzietan baina ezeztatuak izan zitzaizkion etengabe espazio falta eta presoaren portaera ezegokia zela argudiatuz.

Gertaera hauen aurrean, Estrasburgoko auzitegiak ebatzi zuen senideen ingurura ez hurbiltzeak amarekiko harremana galarazi ziola eta, beraz, bizitza familiarrerako presoak duen eskubidea urratua izan zaiola Giza Eskubideen Europar Hitzarmeneko 8. puntua urratuz.

Kasu honetan, Estrasburgoko auzitegiak amaren egoera ere kontuan hartu du, senideen eskubideak ezinbestez ere kontuan izan beharko lituzke Ukraniak, eta beraz, baita espainiar gobernuak ere Europako Giza Eskubideen Hitzarmena sinatua duelako, besteak beste.

Beraz, presoen eskubideak errespetatuak direla esatearekin ez da nahikoa, senideen eskubideak ere errespetatuak izan behar dira. Eta europatik datozen sententziak argiak dira, berehala aplikatu beharrekoak gainera. Estrasburgoko Auzitegiaren bi sententziek argi utzi dute preso eta senideen eskubideen aurkako jarduera dela. Bi sententzia hauek berehala ezarri beharko lirateke Estatu espainiarrean, baina Gobernuak ez ikusiarena egiten die.

Ezikusiarena egitearekin nahikoa ez eta are eta larriago bihurtzen du espainiar gobernuaren jarrerak auzi guzti hau. Jakin badakielako, lehenago ala beranduago euskal presoak Euskal Herrira hurbildu beharko dituela, eta epaitegi batetik bestera bidaltzeak, eskubide urraketak denboran luzatzeko asmo hutsarekin, gizarte batek onartu ezineko jarrera da.

Eta lan horretan, guztiok dugu zeresana eta zeregina. Ezagutaraz dezagun, bada, dispertsioa legalki ere, zergatik den eskubide urraketa.