Mikel Barrios euskal presoa aske uzteko eskaera ukatu du Parisko Dei Auzitegiak, eta joan den ekainean hartutako erabakia berretsi du: hau da, bost urteko espetxe zigorra ezarri dio euskal presoari, «erakunde kriminal» bateko kide izatea egotzita.
Gogor kritikatzen dugu gaurko erabakia, are gehiago; Euskal Herriko egungo testuingurua ikusita neurriz kanpokoa eta ulertezina dela azpimarratu nahi dugu.
Konponbide garaia da! Aski da! Sufrimendu garaiak atzean utzi eta bakean zein askatasunean oinarritutako etorkizun bat eraiki nahi dugu. Eta zentzu horretan, injustizia guzti hauen aurrean, ez gara geldirik geratuko, bidea egiten jarraituko dugu. Preso, iheslari eta deportaturik gabeko Nafarroa, Euskal Herria behar dugu, hori izango baita elkarbizitza eta benetako bakeari egin diezaiokegun ekarpenik onena.

Gaurko erabakia salatu eta Mikel Barrios lehenbailehen aske uzteko eskatuko du Arrosadiako Sarek irailaren 4tik 6ra antolatutako bizikleta martxak. Goizeko 8.30ean hasiko da Iturgoienen, eta Alduden bukatuko da lehen etapa afari batekin. Bigarren etapa Aldudetik Lahontanera izango da eta Itsasun, azken urteetan Mikel Barrios bizi izan den tokian, egingo da bazkaria. Azkenik, Mont de Marsan presondegiraino helduko da martxa, eta ondoren Elkartasun Eguna ospatuko dute Itsasun.

Ohar honen bidez, ekimenean izena eman eta bizikleta martxan parte hartzeko deia luzatu nahi diegu herritarrei. onartezinatxikitorena@gmail.com

Mikel Barrios Mont-de-Marsango (Okzitania) espetxean dago preso. 2017ko urrian atxilotu zuten Barrios, Alemanian, eta handik Frantziara eraman zuten, abenduan. Osnyko (Frantzia) presondegian espetxeratu zuten, eta handik urtebetera aske utzi, zaintzapean. Joan den ekainaren 23an egin zen haren aurkako epaiketa. Fiskaltzak sei urteko espetxe zigorra eskatu zuen; defentsak, berriz, kargurik gabe uztea, argudiatuta haren aurkako akusazioak ETAk borroka armatua behin betiko utzi ostekoak direla. Parisko Dei Auzitegiak bost urteko kartzela zigorra ezarri zion, eta hamar urtez Frantzian egoteko debekua.