400 lagun baino gehiago bildu ziren Arrasaten kondena beteta daukaten euskal presoen askatasuna eskatzeko.

Pertsonak gara, herritarrak gara. Denon eskubideak errespetatuak izan daitezen sinesten dugun herritarrak, eta beraz, euskal presoek bizi duten egoeraz kezkaturik gaudenak. Kezka horrek ekarri gaitu elkar baturik ekimen honetan parte hartzera. Beharrezkoak garelako denok, beharrezkoak direlako horrelako ekimenak, askotariko ekimenak, espetxeetan giza eskubideak urratzen jarraitzen duten bitartean, mugitzea beharrezkoa delako, bizi dugun egoera behin betiko aldatzeko.

Eta ez gaude geldi. Mugitzen ari gara. Salatzen Dut, Salatzen Dugu, Salatzen Duzu… ahots askotarikoak gaude hemen, askotarikoak eta asko garelako espetxe politika aldarazi behar dela uste dugunak. Azken asteotan ere, gero eta gehiago gara salatzen dugunak.

Sakabanaketa eta urruntzea, larriki gaixorik dauden euskal presoak, zigorren batuketa eza, isolamendua eta bakartzea, salbuespeneko legedia… Nahikoa da eta salatzen dugu; gaur egun indarrean dagoen espetxe politikak, eskubide urraketa sistematikoa dakarrela eta berehala amaitu behar duela.

Salatzen dugu ehundaka kilometrotara bahituta dauzkaten preso arrasatearren egoera: Unai, Julen, Txus, Kepa, Premin, Aratz eta Josurekin egiten ari diren eskubide urraketen mapa larria. Eta berriz gogoratu nahi dugu, Josu Arkauzek dagoeneko kalean egon behar lukeela, zigorra beteta izanik, legea bete nahi ez dutela eta 2023ra arte atzeratu dutela bere askatasuna.

Badira 5 urte ETAk armak uzteko erabakia hartu zuela, eta oraindik orain, bakeak eta konponbideak urruti jarraitzen dute herri honetan. Garaile eta garaituen lerro okerra jorratu nahi dute, konponbidea eta bakea oztopatu nahi dituzte, etorkizunari ateak itxi nahi zaizkio, baina mezu argia dugu estatuentzat eta gizarte osoarentzat, herri honek behin betiko konponbidea eta bakea eskuratu behar dituela berandu baino lehen.
Sare, Giza Eskubideen, Konponbidearen eta Bakearen aldeko lanean martxan ari da eta gure hondar alea jarri nahi dugu bide honetan. Guztion artean, behin betiko konponbidea eraikitzeko unea da. Hamarkadatako sufrimenduari amaiera emateko unea da. Bake justu eta iraunkorrerako unea da.  Euskal preso, iheslari eta deportatu guztiak etxeratzeko bidean, urratsak emateko unea da. Harria bera bakarrik ez da mugituko, guk mugituko dugu.

  • Giza eskubideen errespetua exijitzen dugu.
  • Dispertsioa, bakartzea eta isolamendua amaitu daitezela eskatzen dugu.
  • Gaixo larriak eta kondena beteta duten presoak kalean behar luketela aldarrikatzen dugu.
  • Salbuespen legediarekin amaitu eta legea bete dadila eskatzen dugu.

Salatzen Dut, Salatzen Dugu, Salatzen Duzu… herritarrok elkarrekin salatu behar dugulako, gaur hemen herriko plazan eta datorren urtarrilaren 14an Bilbon… kaleak bete ditzagun, espetxeak hustu daitezen.

Entzun eta Senti gaitzatela,

OHARRA: Bilbora joateko autobusetarako tiketak dagoeneko salgai daude tabernetan. Ez itxaron azken unera arte!

KALEAN BEHAR LUKETELAKO. 

Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea.

Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!

Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!

Izan Sare