Azken atxiloketen harira

Sare Herritarrak gaur goizean eman diren atxiloketak salatu nahi ditu eta baita Gobernu espainiarraren partetik errepresioa mantentzearen aldeko jarrera. Gobernu espainiarrak urteetako sufrimendu eta minarekin amaitzeko urratsak eman beharrean, berau luzatu eta betikotzearen alde egin du, Euskal Herrian oraindik orain eta ETAk zein EPPK emandako urratsei muzin eginez, milaka eta milaka herritarrek behin eta berriro eskatutako konponbiderako ateak itxi eta beldurraren eta errepresioaren mamua bizirik mantenduz. Atxiloketa hauek euskal presoen eskubideen alde lanean ari diren herritarren aurka emandako atxiloketak dira, eta zentzu honetan, Sarek argi adierazi nahi du, bere burua demokratikotzat jotzen duen Estatu batek ezin duela halakorik ahalbidetu.

Sarek beste behin ere, dei egin nahi dio jendarte osoari eta baita euskal instituzio, alderdi, sindikatu eta eragileei, giza eskubideen alde, konponbidearen alde eta bakearen alde urrats bat aurrera eman eta halako egoerekin guztiz amaitzeko prest gaudela adieraztera.