2016. urteak 54 egun pasata ez zituenean, dispertsioak eragindako bigarren istripu baten berri izan dugu.

Bigarren istripua bi hilabete bete ez direnean. Oraingoan, Iñaki Bilbaoren senideek jasan zuten istripua, Araban, Arkauteko herrian zehatzago. Beste zoritxar bat, espetxe politika anker baten ondorioa.

Dispertsioaren inguruan hitz egiten dugunean, argi izan behar dugu presoen eskubideak urratuak direla. Baina presoaren eskubideak urratuak izateaz gain, euren senide, lagunen eta ezagunen eskubideak ere urratuak dira. Istripuak, zoritxarrez, hori erakusten duen adibidea da. Bisita edo bis bat egiteko milaka kilometro egiten dituzte senideek astebururo, errepidearen arrisku guztiei aurre eginez. Gainera, orain, neguan, arrisku hauek gora doaz, denboraleak eraginda.

Dispertsioak jada 16 pertsonen bizitzak eraman ditu aurretik. Hala ere, azkenengo urte hauetan euskal presoen senide zein hurbilekoek jasan behar izan dituzten istripuak hamaika izan dira. Batzuk ondorio krudelagoak izan dituzte, beste batzuk ez hainbeste. Hala ere, ekiditu zitezkeen ondorioak izan dira batzuk zein besteak.

Dispertsioa ahalbidetzen jarraitzen duten instituzio ezberdinei: euskal presoek pairatzen duten dispertsioarekin bukatu beharra dago. Zenbat istripu, zenbat zauritu, zenbat hildako behar dira dispertsioak giza eskubideak urratzen dituela ohartzeko?

Eta euskal jendarteari, orokorrean: giza eskubideen trena martxan jarri dugu, konpromisoak eremuz eremu batuko dituen trena. Konpromisoak batzeaz gain, konpromiso horiek aktibatzera goaz, euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideak bermatzeko, dispertsioaren amaitzeko.

Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!

Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!

Izan Sare