Une berri baten aurrean gaude. Maiatzean konponbidearen aldeko aurrera pausu berri bat eman da. Saretik urrats honi dagokion garrantzia eman behar zaiola uste dugu eta ireki den aukera berria orain artean gure aldarri eta helburu izan diren giza eskubideen defentsa, konponbidea eta bakea behin betikoz eskuratzeko probestea.

Irekitako aukera berri honen aurrean, ulertezina da oraindik orain, hainbat herritarren giza eskubideak urratuak izaten jarraitzea. Baina hala da, izan ere, euskal presoek bizi duten salbuespen egoera bere horretan mantentzeko hautuak, giza eskubideen urraketan sakontzea baino ez dakar.

Gero eta gehiago gara espetxe politika honek aldaketak behar dituela pentsatzen dugunak, pixkanaka-pixkanaka aldaketaren aldeko ahotsak handitzen doaz. eta geroz eta gehiago eta anitzagoak dira espetxe politika bat aldatzea eskatzen duten ahotsak. Euskal jendartearen gehiengoak argi du, orain ahots guzti horiek aktibatzea izango da gure apustua.

Bide horretatik, iparraldetik, iritsi zaigu lan egiteko era eta ilusio berri bat. Gizarte zibilak armagabetzea eta disoluzioa ahalbidetu ditu eta egun Frantzian aurkitzen diren euskal presoen baldintzak aldatzen hasi daitezen ere lortu du. Hau, jendarte osoaren parte hartzearekin bakarrik izan da posible.

Eta bide hori jarraitu nahi dugu hemen ere, aurreko maiatzaren 3aren ondotik, presoen auziari aterabide bat emateko unean gaude, eta horretarako gizarte zibilaren parte hartzea beharrezkoa da, gizarte zibilaren unea da.

Guztiak hemen ez egon arren, gaur hemen, gizarte zibila ordezka dezakeen norbanakoen talde bat bildu da. Gizarte zibilaren garaia delako, eta SAREk, gizarte zibilarekin batera aktibaziora jotzen duelako.

Beraz, beraiena da hitza.

Irakurketa:

Dagoeneko inork ezin uka dezake: konponbiderako, elkarbizitzarako eta bakerako unea da. Pasa den maiatzaren 4an bizitako egun historikoaren ostean, parez pare ireki zaigu hainbeste sufrimendu sortarazi duen ziklo luze honi amaiera emateko aukera, elkarrekin lan eginez, elkarri begiratuz, elkarri entzunez, ditugun adostasunei lehentasuna emanez eta elkarrekin bidea eginez.

Etorkizunari begira jarri nahi dugu, eta horretarako iraganetik datozen oinaze eta min guztiak sendatzea ezinbestekoa da. Bide honetan izan diren eta diren biktima guztiek merezi dute egia, memoria eta erreparazioa. Norabide horretan sakondu behar dugu. Herritar gisa, guztioi dagokigu ardura hau geure egitea, guztiok merezi baitugu elkarbizitzan eta bakean oinarritutako jendarte batean bizitzea.

Oraindik bada, ordea, sufrimendua sortzen jarraitzen duen auzi bat, askatu beharreko korapilo bat. Hain zuzen ere, gaur hemen batu gaituena. Egun, jadanik ETAk existitzeari utzi dion arren, 282 euskal preso daude euren senideengandik ehunka edo milaka kilometrora urrunduak. Espetxean dauden pertsona hauek euren eskubideen jabe izan arren, oraindik ere salbuespen- neurriak ezartzen zaizkie, Espainiako zein Europako legedien aurka doazenak, eta, presoa ez ezik, senideak, bereziki haurrak eta adin nagusiko pertsonak ere zigortzen dituztenak.

Bakean eta adiskidetuta bizi den jendarte batekin amesten dugunok giza eskubideen errespetuak batzen gaitu. Jakin badakigu adiskidetzea prozesu konplexu bezain beharrezkoa dela, urratsez urrats eraikitzen joango dena. Zentzu honetan, egungo espetxe-politika aldatzea ezinbestekotzat jotzen dugu, eta horretarako behar beharrezkoa da guztion bultzada eta konpromisoa.

Lau lehentasun hauek dira, bereziki, lehen bait lehen konpondu beharrekoak:

  • Urruntzea. Asteburu oroz ehunka senide ehunka kilometro egitera behartzen dituena.

  • Larriki gaixo dauden presoak. Egun gutxiko bizia geratu aurretik, gaixorik dauden presoek behar bezala artatzeko eskubidea dute, hemen eta orain.

  • Europako Legediak dioen moduan, bi estatutako zigorren batuketaren aplikazioa.

  • Lehen Graduen aldaketa. Euskal presoek, lehen graduan betetzen dute zigorraren %100, eta hori legearen kontra doa.

Espetxe-politika hau iraganean kateatuta dago eta ez-ohiko lege batean oinarritzen da. Guk etorkizunera begira jartzeko garaia dela uste dugu. Gure ondorengoentzat guri aurrekoek utzi zigutena baino etorkizun hobea eraikitzeko aukera dugu esku artean. ETA desagertu den honetan, ez dugu sufrimendu gehiago sortzen duen politikarik nahi.

Korapiloak askatzeko unea da. ORAIN. Elkarbizitzarako unea. Urteetan sortutako gizarte-arrakalak elkarrekin sendatzeko unea. ORAIN. Batu ezin izan garenok batzeko unea da. Orain presoen auzia konpontzeko unea da.

Gaur hemen batu garenok ORAIN PRESOAK dinamika jarri dugu martxan, eta guztioi dei egiten dizuegu, gure ametsarekin bat egiten baduzue, urriaren 20rako antolatzen ari garen manifestazioa herri honetan inoiz izan den mobilizaziorik handiena bilakatzen laguntzera.