“Erreboteraino eta buelta, denak Euskal Herrira!” manifestazioa Gernikan, ekainaren 9an

Agerraldi jendetsua egin zuten pasa den ostiralean Gernikan ekainaren 9rako antolatu duten manifestazioa iragartzeko. Hona hemen agerraldian esandakoa:

Erreboteraino heldu gara. Atzean ez dago gehiagorik. Ez dago koadrorik, ez dago kantxarik, ez dago harmailik. Ez dago ezer. Urteak eta hamarkadak pilota frontisera eramaten, eta erreboteraino bidali izan gaitu erantzun gisa. Gaurdaino. Erreboteak Puerto de Santa Maria du izena frontoi honetan; Almeria, A Lama, Moulins-Yzeure, Arles edo Murtzia dei dezakegun bezala. Eta ez dago jairik; kontrakoa baizik. Eta ez dago alaitasunik, goibeltasuna baita nagusi. Ta nekea… Pilota leku berera heltzeko nekea asterik aste.

Ia 30 urtez indarrean dagoen dispertsio politika amaitzeko, norbanako ugari eta ezberdinen indarra eta abiadura behar dugu. Indarra eta abiadura espainiar eta frantziar gobernu zentralek ez dutelako batere borondaterik egoera aldatzeko, giza eskubideak errespetatzeko; legea betetzeko; Euskal Herriko gehiengo sozialak adierazten duena gauzatzeko. Ezta aurtengo apirilaren 8-a eta gero ere. Beraientzat gauzak ez dira ezertan aldatu…ala bai? Guri, herritarroi, berdin zaigu haien usteak. Guk, premiaz eta urgentziaz giza eskubideak errespetatzea, konponbidean oztopo bat ez izatea eta euskal herritarroi bake eskenatoki bat bakean eraikitzen utz gaitzaten nahi dugu. Kitto.

Horregatik, datorren ekainaren 9an (ostirala) arratsaldeko 19,30tan Merkurio plazatik hasita burutuko dugun manifestaziora herritar guztiak bertoratzera deitzen ditugu. “Erreboteraino eta buelta, denak Euskal Herrira!” lemapean izango da, eta, ondoren, Auditorioan ekitaldia burutuko dugu.

Guztion artean lor dezakegulako, EUSKAL PRESO ETA IHESLARIAK ETXERA!

Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!

Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!

Izan Sare