GAURKO ATXILOKETEN AURREAN IRAKURKETA:

Gaur hemen batzen gaituena, iraganera lotutako gertakaria da, sufrimendua sortu eta mendekatzea baino helburu ez duen gertakaria. Gaur goizean Guardia Zibilak Ekhine Eizagirre, Kepa Arkauz eta Imanol Jaio atxilotu ditu, inongo azalpen ez eta zitaziorik gabe, zer dela eta eraman dituzten azaldu gabe.

Ekhine eta Kepak ETAko kide izanagatik zigorra betea zuten Frantziako espetxeetan eta Imanol 2017an itzuli zen Abadiñora, zazpi urte erbesteratua egon ostean. Hiruak, duela hamar urte baino gehiago dituen Zulo baten harira atxilotu dituzte, lehen biei “helburu terroristekin lehergaiak izatea” akusatuz eta Imanoli, horrez gain, ETAko kide izatea ere leporatzen diote.

Gaurko atxiloketak onartezinak dira. Egoera honekin amaitzeko garaia da, konponbide garaia da, ez akusazio zaharkitu eta korapilatsuen baitan espetxeak betetzen jarraitzekoa. Bakearen eta konponbidearen bidean atzerapauso argia da gaurkoa. Erabaki honek iraganean ainguratutako justizia baten jokabidea islatzen du eta azken urteetan euskal jendarteak, hala nola, euskal instituzio, eragile, sindikatu eta alderdi politikoek adierazitako konponbide nahia zapuztera dator; auzi honi aterabidea emateko ordua da, ez korapilo berriak sortu eta sufrimendua areagotzekoa.

Ulertezina zaigu, herri gisa aurrera urratsak ematen ari garen honetan, gehiengoaren nahia urteetako sufrimendu eta minak gainditu eta aurrera egitea denean, oraindik ere, atzera begira eta gorrotoak eta mendekuak bultzatuta mugitzen den gobernu baten jarrera. Nori egiten dio mesede min honek? Aski da! Nahikoa da! Ekhine, Kepa eta Imanol askatu!

Saretik, egoera hau gogor salatzen dugu eta jaio ginenetik ditugun konpromisoetan berresten garela adierazi nahi dugu; bakea, bizikidetza eta konponbidea. Argi diogu, euskal preso eta iheslarien etxeratze prozesua abian jarri eta muturreraino eraman artean lanean jarraituko dugula. Horregatik, gaurkoan ere, guztiok bide horren parte izatera gonbidatu nahi zaituztegu; izan gaitezen bidea, Ekhine, Kepa, Imanol eta injustizia honen jomugan dauden guztien etxerako bidea eta herri honen bakerako eta elkarbizitzarako bidea.

Ekhine, Kepa eta Imanol etxera! Konponbide garaia da!

Sarek gaur bertan Zarautz, Arrasate eta Abadiñon mobilizazioak antolatu ditu arratsaldeko 19.30etan. Gertakarien eboluzioaren arabera mobilizazio gehiago iragarri daitezke.