Pare bat urte igaro dira motxiladun haurren egoera argitara eman genuenetik. Bi urte aita, ama edo biak espetxean dituzten haurrek bizi duten egoera salatzen hasi ginenetik. 30 urte bete dira ordea espainiar Estatuak urrunketa politika ezarri zuenetik, euskal presoen senide eta lagunek ehunka eta milaka kilometro egitera eta errepidean bizitza jokatzera zigortu zituenetik. Zigor honen aurpegi ilunena da motxiladun haurrek jasaten dutena.

Denbora daramagu bada, motxiladun umeek bizi duten sufrikario egoera hau amaitzeko eskatzen, gogoraraziz oraindik ere 105 direla aita, ama edo biak espetxean, urrunduak dituzten umeak; horietatik bost kartzelan daude beraien ama edo gurasoekin. Lau Picassenteko kartzelan Balentzian, eta bat Madrilgo Aranjuezeko kartzelan.

Haur jaioberriak, kartzelan hiru urte bitarte egoten dira, eta hiru urteak betetzean ama edo gurasoengandik bananduak izaten dira. Honek, bi eratara eragiten dio haurrari; batetik, gurasoengandik eta ordurarte ezagutu duen bizitzatik aldendua izateak dakarren kalte psikologikoa. Bestetik, haurrak banaketa jasateaz gain, datozen urteetan gurasoak ikusteko egin beharko dituen kilometroak eta honek dakarren guztia.

Hori da, Xuak datorren urtarrilean biziko duen egoera. Xuak hiru urte beteko ditu urtarrilaren 19an, eta horrek, gurasoak Balentzian utzi eta amonarekin Usurbilera etorri beharko duela esan nahi du. Ia 600kmtara. Asteburuetan beraz, gurasoak ikusteko 600km joan eta 600km etorri egin beharko ditu, guztira, 1200km ordu gutxi batzuk gurasoekin egon ahal izateko.

Xua bezala dabiltzan 105 motxiladun haurrek, kilometro pila bat egin behar dituzte asteburuetan, eskola galduz, etxeko lanak egiteko denborarik gabe, futbol edo pelota partiduak galduz, lagunen urtebetetze ospakizun jaietan ezin egonez…

Egoera honekin amaitzea denon ardura dela uste dugu, guztiok baikara jendarte honen eta gure ondorengoen etorkizuna eraikiko dugunak. Azken hilabete eta urteetan eraiki ditugun adostasun bai politiko, sindikal zein sozialei jarraiki, urte garrantzitsu hau kalean, motxiladun haurren auziari aterabidea emateko aldarrikapenarekin, amaitu nahi dugu. Eta jendarte osoari dei egiten diogu gurekin batera, datorren abenduaren 28an 12:00etan Donostiako Bulebarretik abiatuko den Kalejiran parte hartzera.

Honekin batera, urteari hasiera emanez, urtarrilaren 11ean Bilboko eta Baionako kaleak beteko dituen manifestaziorako deia ere luzatu nahi dugu;

2020a motxiladun haurren auziari aterabidea ematen diogun urtea izan dadin. 2020. urtea espetxe politika aldatuko dugun urtea izan dadin. Horregatik, ekitaldi baten berri ere eman nahi dizuegu gaurkoan; Urtarrilaren 19an, Xuaren urtebetetze egunean, Donostiako Atano Pilotalekuan goizeko 11:30tan Porrotxekin batera egingo dugun Motxilak Gora! Ekitaldia aurkeztu nahi dugu.

Motxiladun haur guztiak gurasoekin etxean egon daitezen, motxilak gora!