Eusko Legebiltzarrean egon ginen asteazkenean, Giza Eskubideen Batzordean herri eta hirietan gehiengoz onartu diren urruntze politikarekin amaitzeko mozioak aurkezteko.

Denbora da Sare Herritarrak giza eskubideen alde ezberdinen arteko elkarlana sustatzen duela. Bide honetan, urrats nabarmenak eman dira azken urteetan, batez ere, egungo espetxe politikaren aldaketa eta bereziki urruntze politikaren amaieraren eskariari dagokionean. Azken hilabete luzeetan Etxerat Elkartearekin eta Foro Sozialarekin batera, alor honetan jendarte mailan diren hainbat adostasun instituzioetara eraman ditugu, preso diren gaixo larrien artatze eskubidea eta etxeratzea edota urruntze politikaren amaiera Nafarroako zein EAEko Parlamentuetara eramanaz. Gasteizko eta Iruñeko parlamentuetan EAJ, EHBildu, PSE-PSN eta Elkarrekin-Podemosen aldeko botoekin Euskal Herriko gehiengo politikoaren babesa eskuratu dugu. Ez dugu ahaztu nahi, sindikalgintzan eskuratutako adostasuna, Euskal Herriko sindikatu guztien babesarekin.

Bertan onartutako deklarazioak, ostean, herrialde bakoitzeko Batzar Nagusietara eraman ditugu, bertan ere, gehiengoaren babesa jasoz. Orain, dinamika hau bera lau herrialdeetako Udalerrietara eramateari ekin diogu, jada 60 direlarik euskal presoen gain ezarria dagoen urruntze politikarekin amaitzeko eskatzen duten mozioak onartu dituzten Udalak. Donostia, Bilbo, Gasteiz, Iruñea, Irun, Durango, Galdakao, Algorta, Eibar, Beasain, Azpeitia, Burlata edota Lesaka, dira besteak beste, iniziatiba hau martxan jarri, Udala osatzen duten alderdiekin bildu eta Sarek osatutako mozioa aurkeztu eta gehiengoaren babesa eskuratu duten herriak. Esan bezala, guztira 60 dira gaur gaurkoz mozioa onartu duten herriak eta guztira 750etik gora dira euren babesa helarazi duten zinegotziak. Aurrerantzean ere dinamikarekin jarraitu eta aukera dagoen herri guztietara mozioa eramateko asmoa dugu.

Benetan garrantzitsua deritzogu, gizarte zibilaren aktibazioa bultzatu asmoz Sarek egiten duen lanarekin batera, instituzio ezberdinen konpromisoa eta bertako ordezkarien babesa artikulatzea. Biak ala biak, elkarlanean, batak besteari jarraiki, ezinbestekoak baitira giza eskubideak urratzen dituen eta presoak ez ezik, senideak ere zigortzen dituen espetxe politika honen aldaketa egikaritzeko. Guztien elkarlana eta konpromisoa beharrezkoa dela uste baitugu egoera aldatu eta elkarbizitzaren, konponbidearen zein bakearen norantzan urratsak eman ahal izateko.

LABURBILDUZ ETA ONDORIO GISARA

1. Sarek artikulazio lana egiten jarraituko du, ez solik jendarte zibilaren aktibazioa eta mobilizazioa bilatuz, baita Euskal Herriko zein estatu mailako agente politikoen inplikazioa eta konpromisoa bultzatuz ere.

2. Arrazoi hori dela eta, pausu bat gehiago ematen ari gara. Gasteizko zein Iruñeako Parlamentuetan, hala nola, Batzar Nagusietan lortutako adostasunak berretsi eta herritarrengandik gertuen diren instituzioen konpromisoaren bila joanaz.

3. Azkenik, azpimarratu nahi dugu, beti esan izan dugun moduan, giza eskubideak urratzen dituzten eta askatasun ezaren gainetik ezartzen diren zigor atxikituak dituen espetxe politika bat ez dela euskaldunon arazo hutsa. Urruntze politika, larriki gaixo diren presoak kartzelan mantentzea, graduen aldaketa eza edota salbuespen legediaren ezarpenak giza eskubideak urratzen ditu eta ondorioz gizarte demokratiko baten oinarrizko elementuez hizketan ari gara. Honek beraz, demokraziaz mintzo diren edota demokraziaren aldeko diren guztiei eragiten die. Euskaldun izan ala ez izan.

MOZIOA ONARTU DUTEN HERRIAK

ARABA: Gasteiz, Okondo, Urkabustaitz, Zigoitia, Zuia.

BIZKAIA: Arrigorriaga, Bakio, Barakaldo, Basauri, Bakio, Berango, Bilbo, Durango, Elorrio, Ermua, Galdakao, Getxo, Iurreta, Larrabetzu, Lekeitio, Lemoa, Markina, Ondarru, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sopela, Ugao, Urduliz, Zaratamo.

GIPUZKOA: Alkiza, Antzuola, Araitz betelu, Aretxabaleta. Arrasate. Azpeitia, Beasain, Bergara, Billabona, Donostia, Eibar, Elgoibar, Hondarri, Irun. Itsasondo, Larraul, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Pasai Donibane, Segura, Soraluze, Zizurkil, Zumarraga.

NAFARROA: Atarrabia, Burlata, Etxarri Aranatz, Iruñea, Lesaka, Uharte.