Gaur hemen batzen gaituena, sekula gertatu behar ez zen gertakari lazgarria izan da. Ostiralean Igor Gonzalez Sola Euskal presoa hilik topatu zuten bere ziegan. Ozen salatu dugu heriotza hau, ozen eta saminez, Igor salbuespeneko espetxe politika krudel honek erail baitu.

Igorren heriotza, ez da bakarra, urte luzeetan indarrean dagoen salbuespen legediak badu heriotz zerrenda luzea bere baitan.

Igorrek etxean behar luke, aske eta bizirik, bere zigorraren 3/4ak beteak baitzituen. Espetxe legedi arrunta ezarri eta zegozkion eskubideak errespetatuak izan balira, Igor bizirik legoke, aske eta bizirik.

Sare Herritarrak, euskal presoen eskubideen defentsan lan egiten duten beste elkarte eta talde batzuekin batera, denbora asko darama horrelako egoerak salatzen.

2005eko martxoan espetxeratu zutenetik, Igor urruntze politika jasan behar izan duen presoetako bat da. Soto del Real, Badajoz, Valdemoro, Soria… Martutenen amaitzeko.

Urruntze politika horren biktima izateaz gain, tratamenduan zegoen preso gaixo bat ere bazen, eta hala ere, espetxean mantentzen zuten, beste behin ere, heriotzerarte.

Sarek, gaur egun inoiz baino gehiago, balioa eman nahi die Gasteiz eta Iruñeko Parlamentuetan, Batzar Nagusietan eta hainbat eta hainbat udaletan lortu diren indar politiko gehienen arteko akordioei, bai eta euskal sindikalismoaren ahobatezkotasunari ere, egungo espetxe-politikaren erreforma sakon baten alde. Baina era berean, instituzioetan euren babesa adierazi dutenei egoera hau behin betikoz amaitzeko konpromisoan urrats bat gehiago emateko eskatu nahi diegu. Egoera hau ezin da errepikatu eta guztion ardura da.

Horregatik, eta Euskal Herrian dagoen gehiengo sozial eta politikoa kontuan hartuta, helburu honen alde, honako hau eskatzen dugu:
A) urruntze-politikaren amaiera, eta EHko kartzeletara eraman zituen
hala eskatzen duten preso guztiak.
B) Gaixotasun larriak dituzten presoen askatasuna, haien gaixotasun
larriengatik arreta jaso dezaten, espetxeko harresietatik kanpo.
C) graduen progresioa aplikatzea, gainerako presoei bezala.

Egoera honek amaitu behar du. Salbuespen politika bertan behera geratu behar da. Ezohiko legedia honek gorrotoa eta mendekua baino ez ditu oinarrian. Onartezina da eta ozen eta garbi esan beharra dago. Igorrek etxean, libre eta bizirik behar luke.