Jonan Fernandezek, Bake eta Bizikidetzarako idazkariak, atzo aurkeztutako txosten berriaren aurrean (euskal preso guztiak inolako aurre baldintzarik gabe EHko espetxeetara hurbiltzea, edota Logroño, Burgos eta Santoñako espetxeetara), Saretik jakinarazi nahi dugu:

  • Batetik, Sarek ez zuela aurrez proposamen berri honen berri eta, beraz, notizia ezagutu orduko, Jonan Fernandezi bilera eskaria egin diogula proposamena sakon ezagutu eta baloratu ahal izateko, eta, era berean, gure jarduera-eremuan garatu duguna eta garatuko duguna transmititu ahal izateko, kontuan hartuta egungo espetxe-politikari amaiera emateko herri honetako gehiengo politiko, sindikal eta sozialaren artean lortu diren adostasun zabalak. Gure ustez, horrek izan behar du oinarria proposatutako helburuak lortu nahi baditugu, betiere eman beharreko urratsetan beharrezkoa izango ohi den diskrezioa ahaztu gabe.
  • Bestalde, Bake eta Bizikidetzarako idazkariaren adierazpenak entzun ondoren, lehen inpresio bat ere helarazi nahi dugu.

Horretarako, funtsezkoa da aldez aurretik PP eta PSOEko gobernuei aurkeztutako planak kontuan hartzea.

Alde horretatik, Sare Herritarrak interes handiz hartu du Eusko Jaurlaritzaren jarrera berria, euskal presoei aplikatzen zaien urruntze-politikari dagokionean.

Balioan jarri nahi dugu ere gizarte zibilaren garrantzia helburu horiek lortze bidean. Eusko Jaurlaritzak, 80.000 pertsona baino gehiagok, beste urte batez, Bilbon eta Baionan espetxe-politika berri bat eskatu eta lau egunera, aurreko jarrera aldatu izanak berretsi egiten du gizarte-mobilizazioaren beharra eta garrantzia helburu hori lortzeko bidean.

Aurrekoetan, Sarek, beharrezko errespetu instituzionaletik, aurreko plan horiekiko bere desadostasuna adierazi izan du. Plan horietan, Eusko Jaurlaritzak euskal presoak 250 km-ra hurbiltzea proposatu izan dio Espainiako gobernuari. Orduan esan genuen moduan, hori ez da urruntze-politikari amaiera ematea, eta horregatik pozten gara posizio aldaketa honetaz, hainbatetan adierazi duguna berresten baitu, alegia, urruntze politikaren amaiera ezin dela izan ezein lege, arau edo erregelamendutan jasota ez dauden baldintza eta eskakizunen trukean beteko den zerbait.

Nolanahi ere, espero dugu proposamen hau beste instantzia batzuetan interesarekin hartzea, eta urruntze-politikaren amaiera helburu garrantzitsua dela ahaztu gabe, zuzenean eragiten baitio familien kolektiboari, aukera hau probestu nahi genuke, era berean, gaixotasun larriak dituzten presoak aske utzi eta euskal presoen kolektiboari ezartzen zaion salbuespen-legeriarekin amaitzea ere lehentasunen agendan egon behar duela esateko.

Esan dugun bezala, Sarek, Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkariari biltzeko eskaria egin dio, helburu horiek lortzeko egiten ari garen urratsak azaltzeko. Gure ustez, arlo honetan batera lan egitea da euskal gizarteak eskatzen diguna, betiere behar den diskrezioarekin.