Aldarrikapen hau oinarri hartuta, SAREk dinamika mobilizatzaile bat hasi zuen atzo, gaixotasun larriak dituzten presoek bizi duten eskubideen urratze-egoera desagerrarazteko. Atzo hasita eta hurrengo hiru hilabeteetan zehar, anbulantzia bat, hemen ondoan daukaguna, Euskal Herrian zehar ibiliko da, eta eskualde bakoitzean mobilizazioak antolatuko dira.

ETAk erakundea bera desegiteko erabakia hartu zuenetik hilabeteak eta hilabeteak pasatu ondoren, esan daiteke euskal presoak salbuespen-egoeran bizi direla, eta zigorra dela arau nagusia.

Bere burua demokratikotzat duen gizarte batek ezin du onartu espetxeak dakarren gorrotoa eta mendekua izatea espetxe-legeriaren ordezkoa, eta, presoak gizarteratzeko aukeraren ordez, preso asko heriotzara daramaan bide luze eta iraunkorra aukeratzea.

Preso askok dituzten gaixotasun larriak bateraezinak dira espetxearekin; eta hori ez diogu guk, osasunaren arloko profesionalek baizik, eta behin eta berriro plazaratu dute mezu hori.

Legeek aukera ematen dute espetxe arindua ezartzeko, eta hala egin da Aitzol Gogortzaren edo Ibon Iparragirreren kasuan; orain, etxean jasotzen dute tratamendua, konfiantzazko medikuen zaintzapean. Ekimen berri honen bidez, irizpide edo neurri hori gaixotasun larriak dituzten preso guztiei aplikatzeko eskatzen dugu.

Ez dugu ezer berezia eskatzen; ez gara eskatzen ari barruko legerian edo nazioarteko arauetan jasota ez dagoen ezer. Legeak eta gizatasunaren arauak betetzeko eskatzen ari gara, besterik ez.

Preso horietako batzuen kasuan, egoera kliniko larriaz gainera, urruntze-politika gehitu behar da, hau da, mendeku bikoitza. Hala ere, esan behar da urruntze-politika senideen kontrako zigorra dela batez ere.

Hain zaila da haien legeak aplikatzea? Hain zaila da gaixorik dauden preso horien egoera legezkotasunean eta giza eskubideetan oinarrituta aztertzea?

Gobernuak dioenaren kontra, espetxea ez da askatasunerako eskola bat, ezta osasun fisikoaren eta mentalaren arazoak tratatzeko eremu egokia ere. Alderantziz; espetxeak inpunitate eta zigor eremuak dira, are gehiago euskal presoentzat; eta, ondorioz, bidegabeak eta ankerrak dira. Gaur egun, espetxeak pertsonen biltegi bihurtu dira, eta, horregatik, salatu nahi dugu justizia penalak bere alderik gordinena erakusten jarraitzen duela: zigorrarena eta mendekuarena.

Osasunerako eskubidea oinarrizko eskubidea da, baina, halaber, eskubide unibertsala da, pertsona guztien kasuen errespetatu behar dena, preso egon zein aske egon. Eta osasunerako eskubide hori, gaur egun, bateraezina da espetxearekin gaixotasun larriak dituzten presoen kasuan.
Gogorarazi nahi dugu justizia-auzitegiek ezarritako kondenak askatasuna kentzen diela, baina ezin dizkiela kendu osasunerako eta bizitzarako eskubideak.

Ez dago legerik, erregelamendurik edo araurik esaten duenik pertsona bati, askatasuna kendu diotelako, osasunerako eskubidea eta tratu duina izateko eskubidea kendu behar zaizkiola.

SAREk adierazi nahi du espetxe-legeria betetzea ezin dela ulertu Estatuaren amore emate gisa.

Gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea ez da amore ematea; barruko legeria eta Europakoa betetzea baino ez da.

Amaitzeko, deia egin nahi diogu euskal gizarteari injustizien kontra mugitzen jarrai dezan, eskubideak urratzen dituen egoera honen ordez konponbidearen aldeko egoera lortzea lehentasuna baita euskal gizartearen gehiengoarentzat, ideologiak eta alderdikeriak alde batera utzita.

JUSTIZIAK, LEGEEK ETA GIZATASUNAK HALA ESKATZEN DUTELAKO, ETXEAN NAHI DITUGU GAIXOTASUN LARRIAK DITUZTEN PRESOAK