Manu Azkarate larriki gaixo dagoen preso tolosarrak, azken hilabete hontan bizi izandako egoera eta eskubide urraketak salatzera gatozkizue gaurkoan.

Diligentzi juridiko batzuek medio, Manuk bi lekualdatze izan zituen, Alcalatik Zaballara lehena, Alcalatik Martutenera ondoren. Zuzenean ekarri ordez, tarteko beste espetxe batzuetan geldialdia eginarazi diote.

Zaballatik Alcalara bueltan, Burgosko espetxean 5 egunez egon zen.  Bertan, sarrera moduluan eduki zuten, ez zen herizaintzara eramana izan bost egunez, horrela arautua duen arren.  Egun horietan medikazioa aldatu zioten, berak Alcalan hartzen duena bertan ez zutela argudiatuz. Egun horietan ez zioten INR analitikarik egin, odolaren koagulazioa neurtzen diona, medikazio dosia neurtzeko beharrezko duena. Gatzik gabeko dieta onartua eta arautua duen arren, dieta normala eman zioten. Tentsio altua du gaixotasunaren ondorioz, neurtu beharrekoa,  egun hauetan ez zioten tentsiorik hartu. Espetxe erakundearen utzikeria guzti hau gutxi ez eta bere mediku  txostena  Burgos-Alcala bidean galdu egin zen. Emandako erantzuna: “cosas que pasan, ya aparecerá”. Burgos-Alcala bidaiak 14 ordu iraun zuen, bere gaixotasunarekin bateragarri ez den egoera batean.

Bere bigarren bidaian, 5 eguneko geldialdia eginarazi zioten Valdemoron. Ez zen herizaintzara eramana izan egun horietan. Berriro utzikeria. Gainera, bere eskubidea den arren, ez zioten utzi senideei deirik egiten.

Azpimarratu nahi genuke azken hilabetean eduki dituen lekualdatzeetatik, legeak arautu bezala, tratamendu egoki bat jaso duen zentro bakarrak Zaballa eta Martutene izan direla. Azken hontan mediku azterketa sakon bat egin zezan onartu dute, horretarako Donostia hospitalean bost egunez egon delarik frogak egiten.

Guzti honekin, salatu nahi dugu, Espainiako Espetxe Erakundeak duen utzikeria larrikin gaixo dauden presoekiko. Agerian geratzen da berriro ez dela baldintzarik ematen espetxeetan larriki gaixo dauden presoen trataera eta jarraipen egokia egiteko. Espainiar zein nazioarteko legediek argi diote gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoek kalean behar dutela.

Salatzen dugu Zoido ministroaren azken asmakizuna, non esaten digun hilotzak ekarriko dizkigutela etxera. Ze arautan jartzen du bi hilabeteko kontu hori? Nola neurtu behar du infarto edo enbolia bat eman diezaiokeen preso baten bizi itxaropena?

Ozen diogu zorigaiztokorik gertatu ezkero, erantzunkizuna, egoera hau posible egiten dutenez gain, beste aldera begiratzen dutenek ere badutela. Bada garaia euskal erakunde gorenek esku har dezaten, beranduegi izaterako. Guk gizarteko alor guztietan adostasunak bilatzeko konpromisoari eutsiko diogu.

SALATZEN DUGU

LARRIKI GAIXO DAUDEN PRESOAK ETXERA

Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!

Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!

Izan Sare