Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epai baten bidez, Gasteizko Udalari eskatzen zaio Sare Herritarrari erreklama diezaiola 2017an bakeari eta bizikidetzari buruzko jardunaldi batzuk garatzeko jaso zuen diru-laguntza bat. Epai horren aurrean, honako hau adierazi nahi dugu:

1.- Epai hau PPren orduko Gobernu Ordezkariak aurkeztutako salaketaren ondorioa dela,

2.- salatu nahi dugu, iraganekoak diren eta gainditutzat jotzen genituen garaietara garamatzan erabaki judizial hau.

3.- Epaiak jarduera “alderdikoia” izan zela esanaz justifikatzen du hartutako erabakia, besteak beste, Luis Rodriguez Aizpeola El Pais egunkariko kazetaria, Edurne Portela eta Laura Mintegik parte hartu zuten konferentzia bati dagokionean. Justifikazio honek prebarikazio zantzu argiak ditu eta bidegabekeria hutsa dela deritzogu.

Izan ere, jardunaldi horiek dira Gasteizko Udalak diruz lagundu dituenak.

Sarek ez du inoiz erakundeen diru-laguntzarik jaso egiturari eusteko. Jardunaldi zehatz batzuk baino ez dira diruz lagundu, eta ideologia anitz duten pertsonek parte hartu izan dute horietan.

4.- Hamarkadetako konfrontazioaren eta sufrimenduaren ondoren euskal jendartearen gehiengo zabalak bizikidetzarantz eta giza eskubide guztiekiko errespeturantz urratsak ematen dituen bitartean, badira arlo judizialetik helburu horiek lortzea oztopatzen saiatzen direnak oraindik ere.

5.- Horregatik, eskatzen diegu esparru judizialetik beren fobiak eta ildo politikoak epaietan islatzen jarraitzen dutenei, beren togak uzteko eta politikan aritzeko.

6.- 2015eko urtarrilean GZ eta AN, elkarrekin egindako operazio batean, gure ahotsa isilarazten saiatu ziren, urte hartako manifestazio jendetsuan bildutako dirua konfiskatuz, eta ez zuten lortu. Orain ere ezingo dute.

7.- Horregatik, Saretik, euskal gizarteari adierazi nahi diogu bakearen, bizikidetzaren eta konponbidearen helburuak defendatzen jarraitzeko borondate irmoa dugula, hain arbuiagarriak diren jarrera eta erabaki horiek gorabehera.

8.- Maiatzaren 29tik aurrera, Izan BIDEA-IBILTARIEN Sarea dinamikari ekingo diogu. Jendarte osoaren parte-hartze aktiboa eskatzen dugu, horrela jarrera oztopatzaile horiei erantzuten baitiegu eta denon artean aipatutako helburuetan aurrera urratsak ematen goaz.