IBON FERNANDEZ IRADIREN askatasunaren aurkako epaia dela eta, SAREk bere ezinegon eta haserrea helarazi nahi du. Ibonek duen gaixotasunarekin kartzelan jarraitzeko epaiak, zer esan nahi du? Ibonek heriotza ate joko izan arte egon behar duela kartzelan? Euskal jendarteak, sindikatuek eta alderdi politikoen gehiengo zabalak hamaika aldiz adierazi duen moduan, Ibonek kalean izan behar du. Ibonek bere gaixotasuna era duinean, konfiantzazko medikuen jarraipenarekin eta etxekoen babesarekin artatua izateko etxean egon behar du eta ez, heriotzaren bezperetan kaleratua izan. Horregatik, Ibonek kalean behar lukeelako, gaur Lasarten elkarretaratzea deitu dugu arratsaldeko 20:00tan Okendo plazan.

Bestalde, gaur goizetik hainbat hedabideetan zabaldu den informazio okerra dela eta, argipena egin nahi dugu, jada PSEko Lasarteko kideek euren sareen bitartez zuzendu duten arren:

  • Atzo Lasarten PSEk bere egoitzan salatutako erasoak ez du SAREk Ibon Fernandez Iradiren aurkako epaia dela eta eginiko mobilizazio zein aldarriekin zer ikusirik eta beraz, SAREk inolako zer ikusirik ez duela argitu nahi dugu.
  • Guk orain arte egin bezala, adostasunetan oinarritutako mobilizazioak deitzen dihardugu eta elkarren arteko zubiak eraikitzen, horregatik, elkarbizitzaren eta bakearen alde eta Ibonen askatasunaren alde dauden guztiei, gaurko elkarretaratzera bertaratzeko deia luzatzen dizuegu.