ORAIN PRESOAK dinamikaren baitan, bizikleta martxaren antolatu dugu Uztailaren 20tik 23ra

Prentsa agerraldi honetan honako hau adieraztea da gure xedea: gaurkoan ez gatoz SAREk abiatu nahi duen ekimenaren berri ematera soilik; etorkizunean, eta lehenbailehen bada hobe, euskal presoen egoerari loturik gerta daitezkeen mugimenduen inguruko gure balorazioa zabaltzera baizik.

Lehenik eta behin, eta gure ekimenekin loturik, “bizikleta martxaren” aipamena egin beharra dugu. ORAIN PRESOAK dinamikaren barruan, uztailean gauzatuko baitugu martxa hau.

ORAIN PRESOAK dinamikaren baitan, bizikleta martxaren aurkezpena
Datorren uztailaren 20an, Mont d’Marsan espetxetik abiatu eta Zaballako espetxean amaituko den bizikleta martxari hasiera emango diogu. Ekimen honen bitartez, une honetan euskal presoei egozten zaien salbuespen egoerarekin amaitu beharra dagoela aldarrikatu nahi dugu; urrunketa politikak zuzen-zuzenean senideen kolektiboan eragiten duen sufrimendua nabarmenduz.

Frantziar estatuan hasiko da ekimena, frantziar gobernuak gai honekiko aldaketarako duen borondatea erakutsi baitu, eta beraz, erreferentzia argia bihurtu da zentzu horretan.
Bertan frogatu da, beste behin ere, gizarte zibilaren lanaren garrantzia; gizarte zibilak lortu baitu frantziar gobernuak frantziar estatuan dauden euskal presoei dagozkien baldintzak aldatzeko beharrezko urratsak ematen hastea.
Zalantzarik gabe, jarraitu beharreko eredu argia da. Lan lerro hori jarraituz, gizarte zibilaren eta adostasun sozialaren bultzadaz, dugun babes instituzional eta sindikala kontuan izanik, espainiar estatuan ere bide horretan urratsak ematen has daitezen lortu beharra dugu.
Bizikleta martxa edo bira hau 4 etapatan gauzatuko da: 1) Mont d’Marsanetik Baionara, 2) Baionatik Donostiara, 3) Donostiatik Altsasura, eta azkenik, 4) uztailaren 23an Zaballara, gaur hemen elkartu garen Gasteizko plaza honetatik igaroko delarik martxa.
Beraz, martxa sinboliko honetaz baliatuz, Mont d’Marsan eta Zaballa lotu nahi izan ditugu; Zaballa espetxe politikaren aldaketaren ikur bihurtzea nahi dugulako.
Hori dela eta, gaurko agerraldi honekin bertan parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu.
Martxa honen inguruko xehetasun edota informazio gehiago jakin nahi izanez gero, gure webgunean sartzeko gonbita egiten dizuegu. Webgunean bertan baitago euskal presoak hurbiltzea ezinbestekoa dela aldarrikatzen duen martxan izena emateko txantiloia.

> Izena emateko: http://sare.eus/bizikleta-itzulia/

Azken asteen balorazioa eta espetxe politikaren inguruko deklarazioa
Sareren ikuspegitik, urtarrilean Bilbon gauzatu genuen manifestazioaz geroztik, igaro dira sei hilabete, eta gure ustez, positiboa izan da euskal presoei egozten zaien salbuespen politika honekin amaitzeko aldarrikapena:

  • Maila sindikal zein instituzionalean akordio bateratuak erdietsi dira; bai diputazio eta Nafarroako Parlamentuan, eta baita eusko parlamentuan ere, alderdi popularra izan ezik, gainontzeko alderdi politiko guztien oniritzia lortu da, bai behintzat salbuespen politikaren amaierari dagokionez.
  • Abenduan, Iparraldean gizarte zibilak bultzatutako dinamika baten baitan, Bake Artisauen izenpean, ORAIN PRESOAK lemapean manifestazio jendetsua gauzatu zen Parisen. Bertan ordezkaritza anitza izan zen, bai instituzionalki eta baita Frantziako zein Iparraldeko hainbat mugimendu politikoren eskutik ere.
  • Urtarrilean, berriz, Bilboko kaleak bete genituen; 100 000 lagun elkartu baikinen aho batez salbuespen legediarekin amaitu eta bakearen alde ekiteko.
  • Maiatzean, aldiz, ETAren erabaki historikoaren berri izan genuen, erabaki horrek, jakina, aro itxaropentsu bat zabaldu zuen. Argi eta garbi diogu, erabaki hori ezin izango zela gauzatu gizarte zibilak parte hartu izan ez balu. Hau da, Bake Artisauen lana ezinbestekoa izan zen bai armagabetzean, eta baita ETAren amaieran ere.
  • Eta duela aste gutxi, garai berri honi erantzunez, Gizarte Zibileko 46 pertsonek gizarte zibilaren aktibazioari zuzenduriko dinamika aurkeztu zuten, baita hemen ere, Hegoaldean, ORAIN PRESOAK dinamika. Modu horretan Pirinioen beste aldeko kideen eredua jarraitu nahi izan dugularik.
  • Ezinbestean, azken egunetan espetxe politikan izango diren aldaketen inguruko zenbait deklarazio direla-eta, horiei erreferentzia egin beharrean gaude. Horien guztien artean, nabarmendu beharrekoa da, nork egin dituen ikusita, espainiar Gobernuko Presidente berria den Pedro Sanchezen aipamena, alegia. Ezbairik gabe, zuhurtziaz jokatu beharrean gaude, balorazio positiboa egiten dugu, lehen aldiz, espainiar Gobernuko Presidenteak ozen adierazi baitu urte luzeetan aldarrikatu duguna. Sanchezen espetxe politika aldatzeko nahitasun hori, jakina, gizarteak eta euskal sindikatuek hainbestetan aldarrikatu izanaren ondorio da. Ezinbestekoa den urratsa litzateke konponbide eta bakearen bidean. Zentzu honetan, Espainiako Gobernuko Presidenteak eginiko eskaera partekatu nahi diegu gainontzeko alderdiei ere, ez dezaten alderdi-interesak jaurtitzeko arma gisa baliatu. Orain eta gaur asmatzea denok dugun betebeharra da. Inork ere ezin du ertz batetik begira geratu, edota alderdiko interesengatik elkarbizitzarantz egin beharreko bidea oztopatu. GIZA ESKUBIDEEZ ari gara, barne zein europar legedia betearazteaz ari gara.
  • Horregatik guztiagatik, Sarek adierazpen horiek bereziki positibotzat jotzen ditu, eta espero dugu espetxe politikan aipaturiko aldaketa horiek lehenbailehen gauzatzea, beti ere konponbidearen bidean urratsak eman ditzagun eta giza eskubideen errespetuan oinarrituz, sekula suertatu behar ez lukeen salbuespen politika batekin amaitzeko xedez.
  • Honenbestez, guk ulertzen dugunez, espetxe politikaren barruan gainditu beharreko alderdiak ez lirateke soilik urrunketa politikari dagozkionak.
  • Bereziki azpimarratu nahi genuke segidan aipatuko duguna. Zinez lehentasuna duten honako lau alderdi hauei konponbidea emateko beharra dugu:
    • Larriki gaixorik dauden euskal presoek pairatzen duten egoera jasanezina da, bizitzeko eskubidea eta osasunerako eskubidea edonork duela kontuan izanik.
      Lehen gradu ezarpenaren amaiera, lehen gradua baita salbuespen politikaren eta giza eskubideen urraketaren bermatzailea.
      Salbuespen legediaren indargabetzea.
      Beste estatu batean aurrez betetako zigorren kontaketa europar legediak eskatu bezala egin beharra.
  • Bide horretan, espetxe eremuari dagokionez, Espetxe instituzioko Zuzendari Nagusi berriaren eta Justizia arduradun berriaren esku dago giza eskubideen inguruko paradigma berritzailea gauzatzea.
  • Eta zabaldu berri den itxaropen garai honetan, Eusko Jaurlaritzatik eratorritako aldarrikapenei dagokienez, gure desadostasuna azalerazteko beharra dugu. Errespetuz. Uste osoa dugu modu bateratuan lan egitea beharrezkoa dela, baina baita desberdintasunean ere.
  • Entzun eta irakurri dugunaren arabera, Gobernu berriari ere helarazi nahi genioke, PPko Gobernuari egin zitzaion proposamen berbera. Hau da, euskal presoak Euskal Herritik 250km-ra hurbiltzeko proposamena. Gure galdera, ordea, honako hau da: eta zergatik ez EAE eta Nafarroako espetxeetara? Zergatik ez 0km-ra?

Proposamen horrek oraindik ere Euskal Herriko espetxeetan egon beharko luketen presoen eskubide urraketa dakar, eta baita euren senide eta lagunena ere; izan ere, 500km-ko bidaiak egiten jarraitu beharko bailukete astebururo.

Beraz, Eusko Jaurlaritzari proposamen hori berrikus dezala eskatu nahi diogu.

Espetxe eskuduntzen transferentziekin batera, Epaitegiek konpetentzien gertutasuna lortzea. Honela, elkarrekin lan egiteko aukera izan dezagun, ez soilik euskal presoek euren zigorra etxetik gertu betetzeko, Espetxe legediak berak adierazten duen bezala; baizik eta urrunketarekin batera, ez ditzagun ahaztu aurrez aipamena egindako beste larritasunak ere. Erronka edota helburu horietan lan egiteko, SAREk elkarlanean eta modu bateratuan lan egiteko bere prestutasun osoa azaltzen du.

Ez genuke amaitu nahi SAREk duen konpromisoa berretsi gabe, zentzu horretan aurkeztu dugu ORAIN PRESOAK dinamika, ekainaren 2an Bilbon iragarri bezala. SAREk gizarte zibilaren aktibazioa du xede, eta baita gizarte zibil horri ahotsa ematea ere. Guztion artean aurrera urratsak emateko aukerez baliatzeko garaia da, eta ezinbestekoa da eskuartean dugun aukera paregabeaz baliatzea, etorkizuneko gizarte adiskidetsu eta baketsua eraikitzeko.

ORAIN PRESOAK, “slogan” hutsa baino gehiago da. Milaka eta milaka herritarren garrasi isila da, ez dadin 2011ko urrian abiatutako garai berri eta itxaropentsua zapuztu, gerora urrats garrantzitsuak eman dira: esaterako, 2017ko apirilean eta 2018ko maiatzean.

Hori dela eta, Sarek hitza ematen du bere ahalegin guztia egingo duela Euskal Herriko herri guztietara dinamika hau ailegatu dadin. Honela, geroz eta gizarte zibileko herritar gehiago izango gara ekimen hau bere egin eta dinamikaren parte izango garenak. Datozen belaunaldientzat sufrimendurik gabeko etorkizuna izan dezagun, elkarbizitza eraikiz.