ibon-mun%cc%83oa-etxera-15

Kondenaren 3/4ak bete dituen Ibon Muñoa euskal presoaren egoera salatu dute Eibarko hainbat herritarrek

Eibarren 1958ko maiatzaren 18an jaioa. 58 urte ditu.
2000ko urriaren 17an atxilotua izan zen. 16 urte bete ditu kartzelan.
Bere kartzela zigorra 20 urtekoa da.

Valdemoron urte t’erdi (1 ½) eginak ditu, Cordoban beste urte t’erdi (1 ½), Puerto de Santa Marian hamaika urte (11), eta orain berriro Cordoban dago, 800kmra.
Beti egon da Euskal Herritik oso urrun, bere zigorra, etxetik ahalik eta gertuen EUSKAL HERRIAN  betetzea zegokionean.
Gaur egun MIRENTXIN kolektiboko bolondresei esker asko arindu dira bidaietako baldintzak. Hala ere, furgonetan joanda 95€ kostatzen da astero, eta aste erdian “bis a bis” bisita jartzen dietenean, trenez joanda eta bertan lo bat eginda 250€.

Gurasoak hil eta haien hiletarako traslado bakoitzean, 9 kartzela baino gehiago pasatzen zituen, aste oso bat nun zegoen arrastorik gabe eta oso tratu ankerrarekin, urik ere etzioten ematen bidaian.

Bere zigorraren ¾ beteak ditu, eta espreski Euskal Presoentzat egindako legedi berezirik ez balego, ETXEAN, baldintzapeko askatasunean behar luke. Astean 40 minutuko bisita bat (kristalezko kabinan) eta hilean 1 ½ edo 2 orduko 2 “vis a vis” bisita izateko eskubidea du. Baina “vis a vis”ak aste erdian izaten dira sarri, horrek suposatzen duen guztiarekin.

Lagunen bisitak mugatuak ditu, 6 hilebetero 10 laguneko zerrenda bat egin behar du, eta Audientzia Nazionalak onartu; beste lagunik ezingo da joan bisitara.
Astean 2 eskutitz, eta 5 minutuko 8 telefono dei egin ditzake.
Kartzelako bizimodua oso mugatua du, ikasketak ia guztiak erderaz dira, gauzik arruntenak ezin ditu eduki,… ez Cdrik, ez artilerik… bere ziegan izan ditzaken liburu kopurua ere mugatua du…

Egunean 2 ordu bakarrik ditu patioan ibiltzeko, bere lagun bat bakarrik ikusi dezake, nahiz eta modulo berean 5 kide egon. Sarritan moduloz aldatzen dute, lagunetatik bananduz.

Eskerrak Ibonek idazteari eman dion. Hor dauka kartzela barruko bizimodua arintzen laguntzen dion euskarria. Dagoeneko poema eta bertsoz osatutako hiru liburu idatzi ditu: Ametsen txokoan bizi naiz (2012), Ainarak herrira itzuliko dira (2014) eta Bidean gaude, aurrera goaz, joan zirenekin (2016).

Eta orain, Eibarko SARE, Ibonen egoera hau salatzera dator. Ibonen kasuan bi eskubide urraketa nabarmen ikusten ditugu: dispertsioarena batetik eta legedi bereziarena bestetik. Horregatik gaur aurkezten dugun kanpaina honen lelo bikoitza #StopDispertsioa / Ibon ETXERA! izango da, eta hatzamar salatzaile hori, kuretzetxoarekin eibartar kutsua eman nahi izan diogun hori, erabiliko
dugu euskarri bezala.

Kanpaina honetan, hasi orain eta Sanjuanak bitartean, hilero ekitaldi esanguratsu bat burutzeko asmoa dugu.

Abenduaren 27an, Coliseuan Eibarko abeslari eta musikariekin jaialdixa.
Jaialdi honetako partaideen eta orduaren berri emango dugu, eta aurrerantzean burutuko ditugun  ekitaldiak ere aurkeztuko ditugu bere garaian.

Eta ez dugu bukatu nahi, dispertsioak dagoeneko kotxe istripuetan eragindako 16 hildakoetatik bat eibartarra zela gogora ekarri gabe. Iñaki Saez, Amañako semea, 39 urterekin, 2001eko Arrate egunez Avilako bide bazterrean bere bizia galdu zuena.

Eibarko 1. Berakatz-zopa txapelketa


Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!

Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!

Izan Sare