Sare Herritarra ostiralean Kanbon ospatuko den Topaketaren parte aktibo izango da

Konponbidearen eta bakearen norabidean urrats garrantzitsu bat ematera goaz datorren maiatzaren 4ean Kanbon “Nazioarteko topaketa Euskal Herriko gatazkaren konponbidean aurreratzeko” ekimenaren baitan. Euskal jendarteak iragana atzean utzi eta sufrimenduarekin behin betikoz amaitzeko urratsak eman nahi eta behar ditu, aurrera egin eta elkarbizitzan eta bakean bizi ahal izateko.

Maiatzaren 4ean gure herriaren historiako pasarte garrantzitsu bat biziko dugu, aldaketa biziki garrantzitsua izango baita Kanbon gauzatuko dena. Herritarrak aldaketa horren parte aktibo izan behar dugu, eta bagara, giza eskubideen errespetuaren, konponbidearen eta bakearen baitan urteak daramatzagulako lanean. Horren erakusle izan da Bakearen Artisauek eginiko lana.

Azken urtebetean Bakearen Artisauek hasitako bidearen fruituak ikusten ari gara, eta orain beste aurrerapausu baten aurrean gaude. Baina ezin dugu ahantzi, aurreko apirilaren 8a gizarte zibilak hartutako konpromisorik gabe pausu urrats berri hau gauzaezina litzakeela. Aurrerantzean ere bide beretik jarraitu behar dugu. Orain arte egin dugun moduan herritar gisa gure oraina eta geroa sufrimendu gehiagorik gabe eta elkarbizitzan oinarritua izateko ardura hartu behar dugu.

Izan ere, maiatzaren 4ko egun historikoaren ostean ere bada zer askatu. Oraindik ere, espetxean diren euskal presoak eta euren senide zein lagunak eskubideak urratuak izaten jarraitzen dute, ehunka kilometrotara urrunduak eta mendekua soilik bilatzen duen salbuespeneko legedi baten baitan bi bider zigortuak. Oraindik ere sufrimendua eta eskubideen urraketa dakarten hainbat korapilo ditugu askatzeko eta bide horretan Sare Herritarrak herritarren laguntzarekin lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi du, elkarrekin konponbidearen baitan aurrera egiten jarraitzeko konpromisoa. Ostiralean bide horretan urrats handi bat emango dugu. Eta datozen hilabeteetan euskal presoen eskubideen defentsari indar berberaz eusteko une berri bat irekiko da.