Sare Herritarrak positibotzat jo du Jagoba Codo, Fernando Alonso eta Xabier Agirreri hirugarren gradua eman izanaren inguruan jasotako berria.

Saretik, Honen egikaritzea nolakoa izango den oraindik ikustear dagoen arren, eta hori hala izanda, zuhurtziaz jokatu arren, berri positiboa dela azpimarratu nahi dugu. Sare Herritarretik denbora daramagu euskal presoei orain artean modu orokortua blokeatuta izan duten gradu progresioa eskatuz, ulertuta, preso orok duela progresio hori egiteko eskubidea eta progresio hori bera dela etxeratze prozesuan abian jartzeko eman beharreko urrats eta bidea.

Zentzu honetan, adierazi nahi dugu, oraindik orain, euskal presoen gehiengoak ez duela graduen progresio hori egiteko aukera eskuratu, baldintzak bete arren. Horregatik, berri honen aurrean, gainontzeko euskal presoei ere bide hau egiteko aukerak ezartzea eskatzen dugu eta espero dugu, gaurkoa ez dadila hiru preso hauei ezarritako kasu isolatu bat izan, aurrera begira salbuespen legediarekin amaitu eta legedia arrunta ezartze bidean emango diren urratsen lehen zantzuak baizik. Bada garaia egoera honekin amaitu eta presoek euren etxerako bidea, dagokien legediaren baitan, abian jartzekoa.

Egun bizi dugun egoera berezi honen baitan, ez dugu ahazterik nahi, Covid-19a espetxeetan ere sartu den honetan, oraindik orain baldintza bereziki zaurgarrietan dauden euskal presoak dagokien konfinamendua etxean betetzen egon behar luketela, Europak gomendatu moduan. Zentzu honetan, jakinarazten dugu Saretik Espetxeetako Idazkaritza Nagusiari, modu zuzenean, eskari honen aplikazioa 86.4 artikuluaren arabera ezarri dadila eskatu diogula, zeinak ahalbidetzen duen preso hauen etxeratzea beharrezko diren segurtasun neurriak ezarriaz.