Sare Herritarrak prentsa agerraldia egin du Bilbon ETAren disoluzioaren osteko bere irakurketa egin eta aurrera begirako ikuspegia elkarbanatzeko.

Elkarbizitza eta bakea eraiki ahal izateko preso eta errefuxiatuen eskubide urraketaren aferak ardura kolektiboa izatera igaro behar du, ezinezkoa baita mendekuzkoak eta injustuak diren oinarrien baitan adiskidetutako jendarte bat eraikitzea”

Gaur goizean Sare Herritarrak prentsa agerraldia egin du Bilboko La Bolsa eraikinean ETAren disoluzioaren osteko bere irakurketa egin eta aurrera begirako ikuspegia elkarbanatzeko. Joseba Azkarraga eta Bego Atxa bozeramaileek “2018ko maiatzaren 4ean ETAk bere azken erabaki” hartu duela eta “desmobilizatu egin” dela ziurtatu dute, gaineratuz, “ETAko militante izan direnak, aske izan ala preso, gaur gaurkoz jada ez dira ETAko kide, baita ondorio penalei dagokionean ere, jada ezin baitute existitzen ez den zerbaiten parte izan”. Bozeramaileek ideia hau argi utzi nahi izan dute, izan ere, haien ustetan “bada oraindik talde armatu baten existentziaz mintzo denik, gero eta zabalagoa den euskal jendartearen eskariei muzin egin asmoz, zeinak presoek bizi duten eskubide urraketarekin amaitu beharra dagoela eta elkarbizitzan bizitzeko prest dagoela aldarrikatzen du”.

Azkarraga eta Atxak ETA existitu den 60 urte hauetan “urteetako indarkeriaren oinazea eta mina” geratzen direla gogorarazi dute, hainbat eta hainbat “biktima eragin izanaren arddura bere gain hartuaz” apirilaren 8ko komunikatuan, adieraziz “indarkeriak ez zuela sekula existitu behar izan”. Horrez gain, gehitu dute, biktima hauei beste indarkerietako biktimak ere gehitu behar zaizkiela eta hauei ere “besteei zor diegun elkartasun eta errespetu bera” zor zaiela.

Agerraldi honen bitartez, Sare Herritarrak maiatzaren 4a gure historian inflexio une bat izan dela eta inflexio une honek berekin batera bi ondorio dakartzala adierazo nahi izan du:

  • Lehenik, elkarbizitza eta bakea eraiki ahal izateko preso eta errefuxiatuen eskubide urraketaren aferak ardura kolektiboa izatera igaro behar du, ezinezkoa baita mendekuzkoak eta injustuak diren oinarrien baitan adiskidetutako jendarte bat eraikitzea, ezta zauriak eta hamarkadetako indarkeriak utzitako ondorioak sendatu gabe ere. Eta horregatik ere, gure instituzioei lehentasunezko gai gisa kokatzeko eta ardura bere gain ere hartzeko exijitzeko unea da.
  • Bigarrenik, Estatu espainiarrari erreferentzia zuzena eginez, aurrera urratsik ez eman eta euskal presoen giza eskubideen errespetuari muzin egiteko aitzakien amaiera. Estatuak urteak daramatza ematen den urrats bakoitzeko exijentzia berri bat mahai gainean jarriz bere lege propioa dena ez betetzeko -presoen gerturatzea, larriki gaixo diren edo nagusiak diren presoen kaleratzea, graduen aplikazioa, kasu injustuen berrikustea…-. Jada ez da exijitzeko urratsik geratzen, espetxe politikan urratsak emateko unea da. ETAk bere jarduna amaitutzat eman du, jada amaitu dira aitzakiak, aurrerantzean urratsik eman ezean mendekua eta min injustua sortzen jarraitzeko grina baino ez dira geratzen, bereziki senideek, inolako errurik ez duten horiek, jasaten duten min injustu bat.

Baina gaurko egunean, Sare Herritarrak bereziki hurrengoa esateko deitu du agerraldi hau:

ETA, 2011eko urrian hasi eta 2018ko maiatzaren 4ean amaitutako bidean, aurrera urratsak ematera zerk eraman duenaren arrazoiak albo batera utzita, Sare Herritarrak uste du gizarte zibilak bide guzti honetan izan duen rola balioan jarri behar dela, zeinaren bultzadarik gabe, ziurrenik, amaiera hau ez litzake sekula gauzatuko, edota behinik behin, asko luzatuko litzake denboran beharrezko baldintzak ez izanagatik.

Azkarraga eta Atxak gogorarazi dute 2011ko urriaren 20ko erabakia, besteak beste, gizarte zibileko hainbat eragileren aurretiazko lanaren ostean eman zela, Harremanetarako Nazioarteko Taldearen babesarekin. 2017Ko apirilaren 8ko armagabetzea ostera “berau egingarri bilakatu zuen artikulatutako gizarte zibil baten arrakasta irudikatu zuen, kasu honetan Iparraldean”.

“Sarek, agerraldi honetan, pasaden maiatzaren 4tik garai berri bat bizitzen hasi garela azpimarratu nahi du. Zentzu honetan, hamarkadetako sufrimenduarekin amaitzeko eta koponbidean, adiskidetzean eta elkarbizitzan aurrera egiteko sortu den aukera paregabe hau galtzen ez uzteko gonbita luzatu nahi diogu, beste behin ere, gizarte zibilari eta euskal zein espainiar instituzioei”.

Sareko bozeramaileek adierazi dutenez “generazio berri honek guk gure nagusiengandik jaso genuena baino jendarte hobe bat merezi dute. Eta horregatik, gizarte zibila da instituzio, alderdi eta sindikatuekin batera, arduraz eta prespektibaz jokatu behar duena. Garai berri honetan ezin da inor bazterrean geratu”.

ORAIN PRESOAK.
Helburu hau da, une honetatik aurrera, Sare osatzen dugun pertsonon indar guztia mugiaraziko duena. Izan ere, espetxeetako aferari irtenbidea jartzen ez diogun bitartean, euskal presoen eskubideak urratzen jarraitzen diren bitartean, presoen senideak urruntze politikarekin zigortuak izaten jarraitzen duten bitartean, salbuespen legedia aplikatzen jarraitzen den bitartean edota espetxeetan presoak hiltzen jarraitzen duten bitartean ezingo baita benetako bakeaz eta elkarbizitzaz hitz egin.

Sareren lana, une honetatik aurrera, gizarte zibilaren aktibazioa izango da. Gizarte zibilari aldaketarako unea dela eta mobilizatzeko ardura Sarek bere gain hartzen duela adieraziko dio eta baita instituzioei eskariak egitekoa ere, benetako inplikazio bat izan dezaten konponbidearen eta bakearen eraikuntzan.

JUSTIZIA TRANTSIZIONALA
Bada garaia justizia trantsizionalari bide emateko eta beraz:

1.- Gaixo dauden eta adinez nagusiak diren presoak askatzeko, bai eta Euskal Herrira gerturatzeko.
2.- Espetxe eskumena bereganatzeko, bai eta zaintza epaileekiko eskumena, Entzutegi Nazionalaren menpean egoteari uztea beharrezkoa da; Entzutegi Nazionala desagertzea beharrezkoa den moduan. Bere sorrerak zentzurik ez bazuen, gaur are gutxiago. Izan ere, maiatzaren 4az geroztik existitzen ez den erakunde baten kide izateagatik edo berarekin kolaboratzea egozten zaien pertsonak epaitzeak ez baitauka zentzurik.
Hau medioa, epaiketaren zain dauden auziak eta bermerik gabe gauzatutakoak, gertuko epaitegien eskumenpera pasatzea eskatzen dugu, Euskal Autonomi Erkidegoko eta Nafarroako epaitegietara.
3.- Gradu aldaketa eskaerak onartzeko eta behin behineko askatasunari begira betetako zigorrak zenbatuak izateko.
4.- Salbuespen legediari amaiera emateko.
5.- Salbuespen legedian oinarritutako prozesuak berraztertzeko.
6.- Tortura salaketapean eman diren zigorrak berraztertzeko.