Hemen elkartu garenok ez gara etorri mobilizazio baten aldeko aldarria egiteko. Hemen gaudenok adierazi nahi dugu Nafarroako Sare Herritarraren kide garela. Eta adierazi nahi dugu, garbi, gure arteko desberdintasun ideologikoak gorabehera, giza eskubideen aldeko konpromisoak batzen gaituela.

Adierazten dugu ez dugula nahi preso nafarren senitarteko eta lagunek astebururo ehunka kilometro egitea eta beren bizia arriskuan jartzea. Ez dugu nahi larri gaixorik dauden pertsonak hemendik ehunka kilometrora egotea preso.

Hemen gaudenok garbi diogu pertsonen giza eskubiderik urratzen ez duen gizarte batean bizi nahi dugula.

Pentsamolde eta ideologia desberdineko pertsonen artean egin dugun manifestua aurkezten dizuegu, gure eskaerak biltzen dituena. Bidea eman nahi diogu maitasunari eta ez gorrotoari. Giza eskubideak nafar guztientzat. Hemen gaudenok ez dugu nahi sufrimendu-gehigarririk inorentzat, eta horregatik ari gara lanean. Dibertsitatea da gure ezaugarri nagusia, eta ezaugarri hori are gehiago indartu nahi eta indartuko dugu. Sinetsiak gaude gure gizarte osoak onartu eta babestuko duela, azkenean, giza eskubideen defentsa hau.

Denen artean egin dugu manifestu hau; elkarrekin hartu dugun konpromisoaren isla da. Denok onartutako mezuaren garrantzia nabarmendu nahi dugu, bazterrean utzi baitugu desadostasuna pizten zuen edozer. Horregatik, balio erantsia du, bizikidetzarena eta enpatiarena, aurrera egin nahiarena, pertsona guztien giza eskubide guztiak errespetatzen dituen gizarte bat nahi dugulako. Hauxe da, bada, gure manifestua:


sare nafarroaMANIFESTUA espetxe-zigorrak Nafarroan betetzeko eskubidearen alde

Nafarroako herritarrek maiz adierazi dute pertsona guztien giza eskubideen aldeko konpromiso erabatekoa. Giza eskubideak pertsona orori errespetatu behar zaizkio, inolako salbuespenik gabe: aitzakiarik ez dago horiek ez errespetatzeko. Urte askotan oinaze eta minak jasan ondoren, Bizi garen une historiko honetan konpromisoak garrantzi handiagoa du denok nahi dugun gizartea eraikitzeko: denekiko eta elkarrekiko errespetua oinarri duen gizartea. Hala ere, nafar askoren giza eskubideak oraindik urratuak dira egunero. Beren familiengandik ehunka edo milaka kilometrora dauden edo gaixotasun larriak dituzten presoez ari gara.

Behean sinatzen dugunon ustez, ezin diogu ez ikusiarena egin egoera honi, pertsona guzti-guztien giza eskubideen aldeko apustu zintzo eta serioak ezinbestean baitakar bi eskaera egitea: bukaera izan dezala urruntzearen eta sakabanaketaren bidegabekeriak, eta tratu humanitarioa izan dezatela gaixo dauden presoek. Bestetik, argi salatu nahi dugu Nafarroako presoei edo Nafarroan sustraitutako presoei aplikatzen zaien espetxe-politika, presoak etxetik urrun edo sakabanaturik edukitzeko helburu duena, Espainiako eta Frantziako legeak ez ezik nazioartean arlo honetan indarra duten arau eta iradokizunak urratzen baititu.

Eta, hain zuzen ere, eskubideak betetzen dituen tratu humanitario eta errespetuzkoak ondorio hauek izan behar ditu: kartzelatik ateratzea gaixotasun larriak dituzten pertsonak, eta presoentzako eta haien familiak eta lagunak zigortzeko salbuespen-legeriari uko egitea. Beharrezkoa eta premiazkoa da lehenbailehen etetea sufrimenduaren katea, metatutako minari sufrimendu gehiago ez gehitzea, pertsona guzti-guztien duintasuna uneoro errespetatuz. Modu bakarra dugu helburu hori lortzeko: borondate politikoa eta legeriaren aplikazioa uztartzea, betiere, inolako bidegabekeriarik gabe, zorrotz-zorrotz bermatuz giza eskubideak.

Horrela baizik ez da lortuko erabat errespetatzea Nafarroako gizartearen gehiengoak defendatzen dituen giza eskubideak.


SINATZAILEAK:

  • Ioseba Lima Pagola
  • Mikel Mundiñano Larraza
  • Maite Lanpreabe Juanbeltz
  • Carlos Aitor Yuste Arija
  • Andoni Serrano Zabalza
  • Juana García Santa
  • Fernando Viedma Molero
  • Kevin Lucero Domingues
  • Ainhoa Azkarate Etxaniz
  • Xabier Morrás
  • Miren Aranoa Astigarraga
  • Oier Morrás Aranoa
  • Luis Zazpe Ancin
  • Amaia Izko Aramendia
  • Aitor Etxeberria Iturriza
  • Fernando Armendariz Arbizu
  • Felix Jiménez Morales
  • Natalia Nilo Ferrari
  • Beatriz Villahizán Lagunas

Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!

Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!

Izan Sare