Sarek “Jendartea, espetxe politikaren aldaketarako motorra” jardunaldiak antolatu ditu

Iaz abiatutako ekimenari segida emango dion bigarren edizio honek jendarteak duen eta izan behar duen protagonismoa aldarrikatu nahi du

Sare Gasteizek antolatu dituen jardunaldien bigarren edizioa “Jendartea, espetxe politikaren aldaketarako motorra” aurkeztu du, mugimendu sozial eta sindikalen eragilekin batera.  Jardunaldi hauek iaz abiatutako ekimen bat dira eta iazkoak izandako harrera ona dela eta aurten ere errepikatzea erabaki dugu. Bai iazkoan bai aurten Gasteizko udalaren laguntzarekin kontatu dugu ekimen hau aurrera eramateko.

Hiru helburu nagusirekin abiatu ziren iaz, eta hiru helburu nagusi horiek mantentzen dituzte aurten ere. Lehenik, giza eskubideen alde jendartearen parte hartze iraunkorra sustatzea; horrez gain, giza eskubideen urraketaren berri ematea eta hauekin amaitzeko proposamenak aztertzea eta, azken helburu bezala, bizikidetza sustatzeko ekarpena egitea.

Hiru hitzorduen xedea “Jendartea, espetxe politikaren aldaketarako motorra” leloa esanahiez osatzea da; jendarteak bere protagonismoaz jabetu eta ahalduntzea giza eskubideak urratzen dituen espetxe politika aldatzeko, alegia. Horretarako, aurten zehazki, komunikabideek alor honetan egin dezaketen ekarpena aztertu nahiko genuke. Horrez gain, dispertsioa pairatzen duten umeen kasuan sakondu nahi dugu, motxiladun umeak deitutakoen egoera ezagutzera eman era hurbil batean. Azkenik, bakearen artisauek armagabetzean egindako ekarpena aztertu nahiko genuke, ostean, presoen eremurako ondorioak atera ahal izateko.

Jardunaldiak hiru eguneko iraupena izango dute: azaroaren 21, 22 eta 23, hau da, hurrengo asteko astearte, asteazken eta osteguna. Ordutegiari dagokionez, 19etan hasi eta 21ak aldera bukatuko diren saioak izango dira. Lehen bi egunak Goiuri jauregian egingo ditugu eta hirugarrena Gasteizko Europa Jauregian; “Gasteiz aretoan”, hain zuzen.

Lehen egunak, Azaroak 21, “Komunikabideak eta elkarbizitza eskenatoki berrian” gaia jorratzeko balioko du. ETAk hartutako aldebakarreko erabakien ondoren, elkarbizitza guneak sortzeko bidean komunikabideek duten papera aztertuko da. Bertan Edurne Portela idazlea; El País-eko kazetaria den  Luis Aizpeolea; Garako zuzendaria, Iñaki Soto eta idazle eta EHUko irakaslea den Laura Mintegi arituko dira hartu-emanean, Naiz-eko kazetari den Ion Telleriaren dinamizazioarekin.

Bigarren egunak era bereziki gordinean dispertsioa pairatzen duten umeen kasua ezagutzeko balioko du. Era hurbilean landuko da gai hau; motxiladun umeak dokumentala ikusi ahalko dugu, eta ostean solasaldia egingo da. Bertan parte hartuko dute Kontxi Ibarreta (Izar-en amona), Peru del Hoyo (espetxean hil den Kepa del Hoyoren semea) eta Maite Diaz de Heredia preso ohia, espetxean ama izandakoa eta bere semea, motxiladun haur bat dena. Belen Arrondok, EH Bilduko biltzarkide ohia eta egun irakaslea dena izango da moderatzailea, Sareko kideek azaldu duten bezala egun hau bereziki interesgarria izan daitekelako hezkuntza munduko lagunentzat.

Azken eguneko izenburua “Bakearen artisauak: Gizarte zibila bakearen konponbidean” da. Gizarte zibilaren ekarpena ETA-ren armagabetzean ikusita, presoen eskubideen defentsan eta zehazki dispertsioaren bukaeran jendarteak egin lezaken ekarpena aztertuko da. Horretarako Agus Hernan, Foro Sozialeko koordinatzailea, Anaiz Funosas, Bake Bidean-eko presidentea, Fernando Armendariz, Giza Eskubideen aldeko aktibista eta arlo honen eta nazioarteko gaien irakasle, eta Joseba Azkarraga Sareko bozeramalea gonbidatu ditugu. Egun horretan Teresa Todak, kazetari, aktibista eta Egin egunkariko zuzendari ohia, gidatuko du saioa