Gaurko agerraldia urtarrileko mobilizazioari begira egingo dugun azkenetarikoa da, azken txanpan sartu baikara. Ezohikoa, ia sinesgaitza eta guztiontzat bereziki gogorra izan den urte hau amaitzear da, apenas geratzen zaizkio hiru egun eta denok desioan gara 2021. urteari hasiera emateko eta bereziki, urte berri honek egungo egoera aldaketa ekartzeko. Baita euskal preso eta senideak ere.

Guk urte berri honi, urtero egiten dugun eran emango diogu hasiera; kalean. 2021. urte honetan ordea, Bilboko kaleak ez ezik beste 216 kale beteko ditugu aldarriz, itxaropenez, eta aldaketa gogoz. 216 herritan, egun berean, ordu berean eta irakurketa beraren baitan antolatutako ekimen parte hartzaile eta handienetakoa izango da, beraz, aurtengo urtarrilean Sarek antolatutako mobilizazio erraldoia. Horrez gain, urtarrilaren 9an goizeko 11.30etan Bilboko Euskaldunan alor sindikal, sozial eta politikoko ordezkariak batuko dituen ekitaldia antolatzen ari gara. Azken urte eta hilabeteetan lau eremu hauetan agertutako adostasunak eta elkarbizitzaren alde emandako urratsak balioan jarri eta bide hau batera egiten jarraitzeko mezua luzatu asmo duen ekitaldia izango da, ordezkaritza zabala batu asmo duena. Izan ere, Sarerentzat kalean herritar anitzek erakusten duten aktibazio eta aldaketa nahi hori bezalaxe, sindikalgintzan, eragileen aldetik, alor politikoan edota instituzionalean lortutako adostasunak berebiziko garrantzia baitute. Guztiok gara giltzarri konponbiderako. Guztiok gara bidea.

Arratsaldean berriz herrien txanda izango da. Anitzak izango dira herrietan aurrera eramango diren mobilizazioak; giza-kateak, mosaikoak, manifestazioak, ekitaldi musikatuak… aniztasuna ez baita falta izaten sekula urtarrileko mobilizazio berezi honetan. Guztiek ordea ekimen bateratu bat eramango dugu aurrera; “argiztatutako bidea”, hau da, mugikorreko argiak baliatuz osatutako argazkia. Berau izango da gure sareetan jaso eta zabalduko dugun irudia, edo hobe esanda, gure sareetan zabalduko ditugun 216 irudi bateratuak. Herri guztiak eta bertan batutako pertsona guztiak bat egingo dugun une berezia izango da, eta baita, iparraldeko kideekin bat egingo dugun unea ere, Baionan ere argiztatuko baitute bidea.

Bi aldarri nagusi gailenduko dira aurtengo mobilizazioetan;

  • Batetik, urruntze politikarekin behingoz amaitzea. Aldaketa batzuk ematen hasiak diren arren, oraindik ere, ez da benetako hauturik egin urruntze politikarekin amaitzeko. Euskal presoek Euskal Herriko espetxeetan egoteko eskubide osoa dute, legeak hala jasota. Ondorioz, aurtengo urtarrilean ere, aldarri hau lehen lerroan ezarri dugu, senideei orokorrean eta bereziki haurrei eta nagusienengan duen eragin zigortzailea ahaztu ezinean.
  • Bestetik, euskal presoei sistematikoki ukatu izan zaien eta etxerako bidea ahalbidetzeko behar beharrezkoa den gradu progresioa ezartzearen eskakizuna. Izan ere, Oraindik 107 dira lehen graduan jarraitzen duten presoak, eskubide ugari murrizten zaizkielarik.

Horregatik, datorren 2021. urte berria, salbuespenezko espetxe politikaren aldaketaren urtea izatea eskatuko dugu herriz herri. Ezinbesteko baldintza baita konponbidearen bidean eta elkarbizitzaren bidean aurrera egiten jarraitzeko. Eta horretarako, gu guztion aktibazioa eta kalean aldarri hau zabaltzea ere behar beharrezkoa dugu. Horregatik jendarte osoari dei egiten diogu, mobilizazioetan parte hartu eta ibiltzen hasiak garen bidearen parte izateko.

 


Zer da, «2€= 2m2» kanpaina? eskuratu zure lekua ? http://sare.eus/2euro2m2/