Euskal presoek mugaren bi aldeetan bizi duten eskubideen urraketa desagerraraztea.

Horrek elkartzen gaitu, iritzi publikoari helarazteko bakearen, elkarbizitzaren eta konponbidearen alde lan egiten jarraitzeko, guztiok batera, dugun konpromisoa.

Horregatik, aurten ere, Pirinioen bi aldeetan, euskal herritarrak berriro elkartuko dira helburu horiek aldarrikatzeko. Urtarrilaren 9an izango da, 17:30ean.

Onartu behar dugu azken hilabeteetan inguruabar itxaropentsuak ikusi eta bizi izan ditugula, Espainian zerbait mugitzen ari baita presoak hurbilago dauden espetxeetara aldatuta, hurbilketa mugatuak badira ere.

Frantziarekin, blokeo inportante baten aurrean topo egin dugu azken urte honetan. Gehiengo politiko eta sozialaren aldarria eta borondateari uko eginez, iraganari kateatuz, bide juridikoak deuseztatzeko apustua egin zuen fiskaltzak.

Fase mobilizatzaile berri baten beharra, partekatu eta gauzatzeko apustua egitera eraman gintuen Ipar Euskal Herrian. Erabat ilundua zegoen tunelari, argitasuna emateko.

Xistor Haramboure-en baldintzapeko askatasunarekin, 2020. urtea itxaropen-izpi batekin bukatzen da. Argi hauskorra, baina etorkizun handikoa egin nahi duguna…

Hegoaldean, hurbilketak izan ditugu ia astero, baina salatu behar dugu gehienak ez direla izan Euskal Herriko espetxeetara eta oraindik ere etxetik ehunka kilometrora daudela.

Beraz, ez gaude urruntze-politikaren amaieran. Familia batzuen egoera arindu da, kilometro gutxiago egin behar baitituzte senide presoa bisitatzeko, baina ezin dugu normalizatutzat jo normalizatuta ez dagoen egoera.

Urruntze-politikaren amaiera egitate bat izango da preso guztiak Euskal Herrian daudenean.

Haien eskubideen urraketa amaitutzat jo ahal izango dugu etxerako bidea hasteko aukera mugatzen ez zaienean, eta, horretarako, gradu-progresioa aplikatu behar zaie.

Eskubideen urraketa amaitutzat jo ahal izango dugu gaixotasun larriak dituzten presoak espetxetik ateratzen dituztenean. Eta adinekoak aske uzten dituztenean.

Baina, zoritxarrez, errealitate hori urrun dago oraindik.

Mobilizatzen jarraitu behar dugu. Ozen eskatu behar dugu egoera hau aldatzeko. Izan ere:

-107 preso lehen graduan daude oraindik, hau da: %57
– 70 preso bigarren graduan : %37
– Eta 9 preso baino ez hirugarren graduan: %6

Halaber, pandemiaren ondorioz, azken 9 hilabete hauetan, 80 neska-mutikok baino gehiagok ez dute aukera izan preso dauden ama, aita edo biak besarkatzeko. Eta bidaiatzeko aukera izan badute, 1.000 kilometrotik gora egin behar izan dituzte.

Normalizazioa berandutzen ari da. Urte asko dira euskal presoei salbuespen-erregimena aplikatzen zaiela.

Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatzen diegu epe hauek gehiago ez luzatzeko. Haien legedia aplikatzeko eta gizatasunez jokatzeko.

Eta politikan, epaitegietan eta komunikabideetan dihardutenei eskatzen diegu ez dezatela erabili indarkeria gaur egun errealitate balitz bezala.

Bakea, normalizazioa eta konponbidea lortzeko oztopo nagusienak iraganean bizi den eta edozein legezkotasun-printzipio bere komenientziaren arabera urratzen duen bloke atzerakoi horrek sortzen ditu.

Osoki mobilizaturik eta erne egon arren, blokeo politikoak etapa berri bati emango diola tokia sinetsi nahi dugu eta gatazkaren ondorioak behin betiko konpontzeko aurrera eginen dela.

Borroka armatuaren bukaera eta hamar urtera, ETA desarmatu eta desegin ondoren, Euskal Herriak ezagutu dituen aurrera pausu atzeraezinak ezagutu eta baliozkotzeko garaia da… Bada garaia gizarte anitza eta konprometitua kontuan hartzeko, bilakaera horren berme delako…

Elkar bizitzarako bidean, zenbat eta denbora gehiago eman, orduan eta bateraezinagoa da presondegiaren nozioa bera bakerako bidearekin. Baldintzapeko askatasunekin eta asmatu beharreko beste mekanismo batzuekin, lehenbailehen, presoen auzia behin betiko konpontzera jo beharko da.

Hori guztia dela eta. Bakea aldarrikatzeko. Bizikidetza eta konponbidea aldarrikatzeko, kalera aterako gara Hego eta Ipar Euskal Herrian, urtarrilaren 9an, 17:30ean.

????? ????? ???? ???? «? €=???» ?????????? #Urtarrilak9 ???????? ???? ?????! http://sare.eus/2euro2m2/