Herritar ugari elkartu dira gaur arratsaldean Errenteria-Oreretan, mosaiko erraldoi bat irudikatuta, Aitzol Gogorzari 100.2 artikulua aplika diezaioten eskatuz. Larriki gaixorik dago preso politiko oreretarra, Basauriko espetxean. Hona hemen ekitaldian irakurri duten testua:

Orereta Errenteriako herritarrak gara eta bakoitzaren ideologia alde batera utzita pertsona guztientzako ezinbestekoak diren giza eskubideak defendatzeak batzen gaitu.

Osasunerako eskubidea, oinarrizko eskubidea da,baina, horrez gain, eskubide unibertsala, ere, bada. Pertsona guzti guztiei zor zaie, aske zein preso egon. Inongo lege eta arautan ez da esaten pertsona batek, aske ez egoteagatik, osasuna eta tratu duina izateko eskubiderik ez duenik.

Hori kontutan hartuta, gure kezka adierazi nahi dugu gure bizilaguna den Aitzol Gogorzak bizi duen egoeragatik. Gaixotasun psikologiko larria eduki arren, espetxean mantentzen dute. Gure ustetan, Aitzolen egoera ez dator bat bere espetxeko egonaldiarekin. Legearen arabera, 100.2 artikuluaren arabera hain zuzen ere,larriki gaixo dauden presoek espetxealdi arin bat edukitzeko eskubidea dute, haien gaixotasunarentzat aproposa den tratamendua jaso dezaten.

Egia da gaixotasun larria duen pertsona bat espetxetik ateratzeak ez duela gaitz sendaezin bat bermatuko, baina pertsona horrek hobera egin dezan eta bilakaera geldoago bat izan dezan lagunduko du, zalantzarik gabe.

Aitzolek eta bere gertukoek pairatzen duten sufrimenduarekin amaitu behar dugu. Horregatik, AItzoli 100.2 artikulua ezartzea eskatzen dugu; espetxetik kanpo eta bere ingurune afektiboan tratamendu egokia jaso dezan. Giza eskubideen defentsan artisau asko beharko dira. Ezberdinen arteko zubiak eraikiz eta indarrak batuz, hain beharrezkoa zaigun, hainbestean amestu dugun konponbidea lortuko dugu.
Ez ahaztu Eduardo Galeano idazle uruguaidarraren hitzak: “Jende txiki askok leku txikietan gauza txikiak eginez, mundua alda dezake.”

LORTUKO DUGU!

AITZOL ETXERA!

*Ekitaldiko argazki galeria ikus dezakezue Oarsoaldeko Hitzan: http://oarsoaldea.hitza.eus/2017/07/01/sare-aitzolek-eta-bere-gertukoek-pairatzen-duten-sufrimenduarekin-amaitu-behar-dugu/

Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!

Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!

Izan Sare