Datozen ikasturteetan Sareren jardunaren oinarri izango den dinamika berria aurkeztu dugu gaur, ostirala, maiatzak 22. Dinamika berri honen zergatia eta garrantzia ulertzeko, bizi dugun unea erreparatu eta azken urteetan emaniko urratsak zuekin partekatu nahi ditugu lehenbizi.

30 urte dira, euskal presoei eta euren senideei urrunketa politika ezarri zitzaienetik eta egun tamalez, martxan jarraitzen du. Neurri honek oraindik ere ehundaka seniderengan du eragina, Euskal Herrian, jendartearen zati baten gainean sufrimenduzko egoera bat mantenduz.

Zortzi urte dira ETAk bere jarduera armatua amaitutzat eman zuenetik eta hiru urte igaroko dira bere desagertzetik. Orduz geroztik, hamaika ekimen egin dira elkarbizitza eta bakearen mesedetan. Eta guztion artean pixkanaka elkar harremana eta elkarlana sortzen hasiak gara.

Azken bi urteak bereziki garrantzitsuak izan dira elkarlan horren bidean eta jendartearen gehiengo oso zabal batek kontsentsu sendo bati eutsi dio:

Eremu politikoan, orain arte ez bezala, alderdien gehiengo espetxe politika aldaketa beharraz hitz egiten hasi da, eta ezberdintasunak ezberdintasun, orokorrean aldaketa honen norantzari dagokionean sintonia nabari da; salbuespeneko espetxe politika honekin amaitu beharra dago.

Maila Instituzionalean, mozio ezberdinak onartu dira talde nagusien babesarekin; urrunketa politikaren amaiera eskatzen dutenak, larriki gaixo diren presoen askatasuna eskatzen dutenak, edota aita, ama edo biak espetxean dituzten (motxiladun) haurrak gurasoekin egoteko duten eskubidearen aldekoak. Mozio hauek guretzat balio handia dute, izan udaletxeetan onartutakoak, Batzar Nagusietan edota Gasteizko zein Iruñeako Parlamentuetan. Lanketa honek, jendarte mailako kontsentsu zabala gorpuzten laguntzen duela uste baitugu.

Eremu Sindikalean ere gehiengoaren aktibazioa eta babesa eskuratu dugu. Sindikatu guztiak elkarrekin salbuezpen legedia amaitzearen alde eta elkarbizitzaren eta bakearen alde mobilizatu dira.

Azkenik, eremu sozialean ere ekimen desberdinen bitartez irudikatu dugu kontsentsu hori. Horren erakusle izan da Orain Presoak dinamika. Aipatutako adostasun zabal hori guztia irudikatzeko bide izan da, euskal presoen gaiari dagokionean inoizko mobilizazio anitzenak antolatuz. Horrez gain, azpimarratu nahi dugu, azken urte honetan espetxe aldaketaren beharraren aldarrira eremu ezberdinetako hainbat pertsonak batu izana; hala nola, politika munduan aritu diren kideak edota biktima anitzak.

Azken bi urteak beraz, bereziki emankorrak izan dira adostasunei eta aniztasunari dagokionean, batik bat, bi ardatzen baitan;

1) salbuespeneko espetxe politika honekin amaitzea eta espetxe politika arruntari bide ematea.

Gaur egungo egoerari erreparatuz gero, lehenik eta behin, azken hilabete hauetan bizi dugun Alarma egoeraz hitz egitea dagokigu. Covid-19aren ondorioz ezarritako neurriek espetxeetako egoera nabarmen okertu dute, agerian utziz dituzten gabeziak. Eta bereziki, euskal presoei dagokionean, salbuespen legediak dakarren zigor bikoitza, hirukoitz bilakatu da alarma egoera honetan; bai konfinamendu garaian, baldintzak bete arren, berau etxean betetzeko aukerak ukatuak izan zaizkielako euskal presoen gehiengoari, baita deskonfinamendu unean ere, urruntze politika dela eta bisitak berrezartzeko eskubiderik gabe geratu direnean. Ildo beretik mintzatu dira Europatik, NBEtik eta, aste honetan bertan, mundu mailako ehun pertsona ospetsu. Argi dago Espainiako Gobernuarekiko erantzukizuna eta gizatasuna eskatzea ez dela Sareren kontua, Euskal Herriko gehiengo politiko, sindikal eta sozialak, Europako erakundeek, NBEk eta mundu mailako pertsona ospetsuek bat egiten dute beharrizan horrekin. Egoera honek, dinamika berri honekin aurrera eraman nahi dugun lanketaren beharra areagotu du.

2) Bi Estatuei dagokionean ere, urte hauek eta datozenak bereziki garrantzitsuak izan dira eta izango dira:

Estatu frantsesean, gizarte zibilaren bultzadarekin, Bakegileak Gobernuarekin hasitako bideak fruituak eman ditu, baina oraindik asko dago egiteko. Frantziako Estatu osoan sakabanatuta dauden presoak Euskal Herritik hurbilen dauden espetxeetara (Mont de Marsan eta Lannemezan) hurbildu eta bildu dituzte. Emakumezko presoei dagokienez, dagoeneko onartuta dago kartzela bakar batean biltzea. Gainera, DSP sailkapena kentzen hasi dira kasu batzuetan, lan-baimenak eman dituzte. Baina zenbait egoera konpondu gabe daude oraindik: gaixotasun larriak dituzten presoena edo biziarteko espetxealdia duten presoena. Zoritxarrez, egoera geldituta dago, eta dinamika honekin ere, bide horren amaierara iristen eta harreman horiek berreskuratzen lagundu nahi dugu.

Bestalde, Madrilgo Gobernuari begira jartzen gara. Hilabete batzuk igaro dira bai Sanchez presidenteak baita Marlaska ministroak ere espetxe politikaren aldaketa beharraz eta urrunketa politikaren amaieraren inguruko deklarazioak egin zituztenetik. Orduztik, gutxi batzuk izan dira norabide honetan emandako urratsak. Jada Madrilen Gobernua eratu den honetan, hasitako bidea sendotu eta finkatzeko unea dela uste dugu. Batik bat, kontuan izanik, Madrilen eratu den Gobernu berria osatzen duten alderdiak, hau da PSOE eta Podemos, Euskal Herri mailan salbuespen legediarekin amaitzearen aldeko jarrera erakutsi dutela hainbat era ezberdinetan.

Hori hala, une bereziki garrantzitsu baten aurrean gaudela uste dugu. Datozen urteetan Euskal Herrian askatu nahi genituzkeen korapiloak askatzeko aukera dugu; batetik, egun oraindik indarrean den salbuespeneko legedia bertan behera utzi eta lege arruntaren ezartzea. Honek, bereziki senideak zigortzen dituen urruntze politika bertan behera geratzea ekarriko luke, eta presoei dagokien etxeratze prozesua hasteko bidea zabalduko litzaieke. Bestetik, jada urratsak emanak hasiak gauden arren, oraindik ere itxi gabe diren zauri guzti horien lanketarekin jarraitzea, biktima guztien aitortza eta erreparazioa, eta elkarbizitza eta bakerako urratsak ematea.

Guzti honegatik, ezinbestekoa ikusten dugu hemen lortutako adostasunak eta Gobernu berri batek dakartzan aukerak baliatzea. Jendarte gisa, aktibazioaren bitartez, presoen auzia askatu eta elkarbizitzan sakontzeko beharra erdigunera ekarri behar dugu. Espainiako Gobernuak hilabete hauetan eman dituen urrats xumeak finkatu eta sendotu ditzan, bide izan nahi dugu.