IZAN BIDEA DINAMIKA 

“Izan bidea, ibiltarien sarea” Sarek abian jarriko duen dinamika berria da. Dinamika honen oinarrian, preso eta iheslarien auziari behin betiko aterabidea emateko urratsak eman, jendarte aktibazioan sakondu eta herri honen aniztasun eta zabaltasuna batzea dago.

Finean, bakerako eta elkarbizitzarako bidea, konponbidea, guztion artean gauzatu beharreko ibilbide gisa gauzatzea da gure asmoa.

Horretarako, herritarren aktibazioa eta baita alor politiko, sindikal eta sozialaren inplikazioa eta parte hartzea bide beraren baitan kokatu asmo dugu, guztion urratsak beharrezkoak direlako etorkizun hobe bat eraikitze bidean.

HELBURUAK

Orain da momentua: datozen urteetan presoen egoerari aterabidea eman behar diogu. Auzia konpontzeko aukera ireki da eta egun bizi dugun egoerak inoiz baino argiago utzi du espetxeetan bizi den egoera eta salbuespen legediak dakartzan ondorio krudelak.

Helburu orokorra: gizarte aktibazioa handitu eta zabaldu Gobernuek abiatutako bidea finkatu eta oraindik orain irtenbide beharrean dauden auziak konpontzeko. Horretarako, iraganeko zauriak konpontze bidean ere urratsak emango ditugu.

IBILTARIEN SAREAREN PRINTZIPIOAK

1. Gure iragan bortitz hurbilenaren ondorioak eta, bereziki, oraindik ere ehunka preso eta erbesteratu dituen egoera hau behin betiko gainditzea nahi dugun ibiltariak gara.
2. Eragile aktibo izan nahi dugu. Euskal preso eta erbesteratu guztiak etxeratze prozesua garatu ahal izateko adostasun politiko eta soziala lortu nahi dugu.

3. Elkarbizitzan eta erabateko eta behin betiko bakean oinarritutako aro berri batera eramango gaituen bidea elkarrekin egin nahi dugun ibiltariak gara.

Bide hau garatzea guztion onurarako da; euskal gizartearentzako onuragarria, herri oso batentzako onuragarria.

DINAMIKAREN IZAERA, OINARRIAK eta EZAUGARRIAK

Dinamika hau erronka batean oinarritzen da; 3.127.326 km egitea! Euskal Herriak duen biztanle-kopurua. Hiru milioi kilometro egiten hasiko den hiru milioi biztanleko herri bat, xede batekin: bidea egitea; etxerako bidea, elkarbizitzarako bidea, bakerako bidea.

Gure herriko biztanle bakoitza ibiltari izatea nahi dugu, bidea izatea. Izan norbanako moduan, edota era kolektiboan, hala nola dantza talde gisa edo sindikatu baten baitan…

Ideia eder bati jarraiki egin nahi dugu bide hori: euskal herritarrak bidea egiten hasi dira historia egiteko, behin betiko erabateko bakea lortzeko.

Ekimen honen bidez, dagoeneko saretzen ari diren adostasunak era ikusgarriago batean plazaratu nahi ditugu. Erronka honek pizgarri bat izan nahi du; ilusioz eta determinazioz. Aktibazioa oinarri, herritarrak bere etorkizuna eraikitzeko protagonista bilakatu nahi ditugu.

Dinamika honen elementu nagusia: bakearen eta bizikidetzaren bidea egin nahi duen edonork parte har dezakeela. Guztiok batera edo banan-banan egin dezakegu, baina guztiok norabide berean.

Alde horretatik, Spotean ikusi dugunez, originaltasunez eta bakoitzak gehien gustatzen zaiguna eginez, dinamikapean eta Izan Bidea lelopean egiten ditugun kilometroak zenbatzen joan nahi dugu. Horretarako, gaurtik aurrera, mugikorrerako aplikazio bat jarriko dugu martxan (hurrengo egunetan prest egongo da), eta, horren bidez, aldarrikapen horretan parte hartu nahi duen pertsona edo elkarte orok izena eman ahal izango du eta bere kilometroak egin ahal izango ditu, gainerako biztanleenarekin bat eginez. Herritarrek eginiko ekintza guztiak ez direnez kilometroetan oinarrituko, ematen ditugun urratsak ere zenbatuko ditu aplikazioak, hala, antolatzen duguna zumba-maratoi bat bada edo dantzaldi bater Izan Bidea kamisetarekin joatea erabakitzen badut, aplikazioak jardueran zehar zenbatuko diren urratsak kilometro bihurtuko ditu. Izan ere, dinamika horren benetako helburua da konponbidearen, bizikidetzaren eta bakearen alde aurrera egitearen alde gauden guztiok ibiltari-sare handi bat sortzea (= mugimenduan).

Kilometroen kontadorea maiatzaren 29an jarriko da martxan, herrietan Sarek antolatutako lehen ekimenak hasiko diren egunean. Bitartean, jendartea aplikazioa deskargatu, izena-eman, frogak egin eta gure web orrian jarri dugun dinamika berriaren merchandisinga begiratzera gonbidatzen dugu http://sare.eus/izan-bidea/

Bukatzeko, dinamika honetarako aukeratutako sinbologiaren zergatia azaldu nahi genuen: gezia. Gezi hau, irteera markatzen duten gezietan, jarraitu beharreko bidean eta errepideetako seinaleztapenean inspiratua dago. Aurreranzko bidea izan nahi du, urratsez urrats dinamika berri honekin lortu nahi dugun aurrerapen hori. Sinbolo erraza, ulerterraza, bisuala eta denek ezagutzen dutena. Aurreranzko bidea markatzen digun gezi bat, etorkizun hobe baterantz, bakean eta bizikidetzan oinarritua, eta etxera itzultzeko bidea markatzen duena.

#IzanBidea #IbiltarienSarea