Apirilaren 22an plazaratu genuen #SOSPresoakCovid19 kanpaina, Salhaketa Nafarroak, Etxeratek, Altsasuko Gurasoak plataformak eta Sare Herritarrak elkar hartuta abian jarri duguna. Kanpainaren bitartez dei egin genion Nafarroako gizarteari babes zezan Espainiako Gobernuari helarazi diogun eskaera: Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak presoen eskubideak errespetatzen dituzten neurriak har ditzala COVID-19ari aurre egiteko.
Gaurko ekitaldi honetan ezagutzera emango ditugu gaur arte jaso ditugun atxikipenak, eta eskerrak eman nahi dizkiegu, batetik, gure proposamena babestu duten elkarte eta taldeei -…. baino gehiago dira-, eta, bestetik, manifestuarekin bat egin duten sindikatuei eta alderdi politikoei.

Orain, itxura denez osasun krisia beste fase batean sartu, eta konfinamendua arintzen hasia delarik, berriz exijitu nahi diogu Espetxeetako Idazkaritza Nagusiari presoen eskubideak errespeta ditzala eta deskonfinamendua aske dagoen gizartean egiten den aldi berean eta irizpide berberekin egin dadila kartzeletan ere.

#SOSPresoakCovid19 ekimeneko kideok txosten labur bat prestatu genuen bertan neurri batzuk biltzeko, gure ustez kontuan hartu beharrekoak kartzeletako deseskalatzea egitean; duela bi aste eman genion txostena bai Justiziako kontseilariari bai Herritarrekiko Harremanetako kontseilariari. Hori ere plazaratu nahi dugu gaur, eta zenbait puntu nabarmentzeko baliatu, Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak aipatzen ez dituenak edo aintzat
hartzen ez dituenak bere deseskalatze planean, maiatzaren 13an EAOn argitaratu zen horretan:

1. Jarraitzen dugu eskatzen kartzelatik atera ditzatela Covid19aren kutsapenaren aurrean bereziki ahulak diren taldeetako presoak: 65 urtez gorakoak, gaixotasun kronikoak dituztenak, haurdun dauden emakumeak edo haiekin batera kartzelan preso seme-alabak dituztenak. Eskatzen dugu, halaber, aske utz ditzatela zigor laburrak dituztenak, alarma egoeraren aurretik ere irteteko baimenak zituztenak eta zigorraren hiru laurdenak beteak
dituztenak.

2. Egia bada ere berriz hasi direla familiako eta gertukoekiko komunikazioak, kristala tarteko, bai eta espetxeetako baimenetako irteerak ere, bi kasuetan baldintzatuta daude, mugikortasunerako ezarritako mugak bete behar baitira nahitaez (probintziatik ez ateratzea). Horren ondorioz, zigorra bere jatorritik urrun dagoen kartzela batean betetzen ari denak ez du praktikan bisitarik jasoko, ez eta baimena hartzeko aukerarik izango ere.
Horregatik, eta kontuan hartuta Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak presoen eskubideak urratzen dituela, ez baitu betetzen lege agindua, hau da, presoek errotuta dauden tokiko kartzelan betetzea zigorra, eskatzen dugu salbuespen gisa baimena eman dadila joanetorri horietarako, presoek ateratzeko baimena izan dezaten eta familiakoek eta gertukoek bisitak egin ditzaten.

3. Dena dela, arestikoa esanda, agerian gelditu da berriz ere presoen eskubideak are gehiago urratzen direla erroturik dauden tokitik urrun daudenean kartzelaturik. Horregatik, urgentea da oraindik ere Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak legea betetzea eta behar diren neurriak hartzea preso dauden guztiek erroturik dauden tokitik gertuen dagoen espetxean bete dezaten zigorra.

4. Deseskalatze planean jasotzen da, orobat, kartzela barruko jarduerak hasi behar direla berriz, eta hala da joan zen ostegunaz geroztik. Iruñeko kartzelan, ordea, ez dira oraindik berrezarri jarduerak, eta elkarte batek ere ez du baimenik bertara sartzeko. Kalean aukera baldin badago lan jarduerak eta zeregin sozialak betetzeko, ez dago arrazoirik kartzelan horiekin ez hasteko behar diren osasun neurriak hartuta (eskularruak, maskarak, gel
hidroalkoholikoa).

Beste behin ere esan behar dugu borondate politikoa dela kontua, eta garai hauetan, inoiz baino gehiago, borondate politikoak herritar guztien osasunaren eta bizitzaren esanetara egon behar duela. Preso daudenen kasuan ere bai.

Argazkiak ekinklik.org