Berriozartik, Iruñeko espetxera “Iluntasunari etxerako argia” lelopean mobilizazioa egin du SAREk

Berriz ere mobilizatu gara. Espetxe honen magalean bukatu nahi izan dugu gaurko manifestazioa. Elkartasun eta maitasun keinu bat lehenik, horma horien atzean dauden preso guztiei, eta bide batez, espainiar zein frantziar espetxetan diren ehundaka euskal herritarrei ere gure elkartasuna eta maitasuna.

Espetxe honek adierazten digun sentsazio iluna, espetxe guztiek sortzen diguten sentsazio bera, espetxe politika krudel honek sortzen duen sufrimendu ilun hori, urrunketaren gordintasun ilun hori, aita, ama edo biak espetxean dituen umearen iluntasun hori, larriki gaixorik den presoaren egoera ilun hori, espetxe urteak preso eta senideen bizkarrean pilatzen ari den zama gogor eta ilun hori, …
Denek adierazten digute oraindik zenbat sufritzen ari den herri honetan. Iluntasun guzti horiek adierazten digute itxi gabeko zauriak zabalik dituela herri honek.

Baina gaurko ekimen honetan argiztatu nahi izan dugu iluntasun hori. Urratsak ematea posible dela sinetsita gaude, ari dira urratsak ematen. Agian ez guk nahi ditugun erritmoan, baina bai, azken astetan ikusten ari da mugimenduak badirela. Ez dira nahikoak borondate politiko garbi bat adierazten ez duten bitartean. Argi adierazi nahi dugu ematen ari diren mugimendu horiek ez dutela urrunketa politikarekin amaitzen. Urrunketa politikarekin amaitzea preso guztiak haien jaiolekutik gertuen dagoen espetxean egotea da, eta gaur gaurkoz hori oso kasu gutxitan ematen ari da.

Baina sinestu dezagun presoen korapiloa askatzeko momentua dela eta bultza dezagun elkarrekin norabide horretan. Eta lehenengo urrats bezala, hori eman behar da: Urrunketarekin amaitu eta euskal presoei aplikatzen zaien salbuespenezko legedia bertan behera uztea.

Jakina! Hor ez da amaituko gure borroka. Preso eta iheslari guztiak etxeratzea delako gure helmuga. Preso eta iheslaririk gabeko herri bat delako amesten duguna.
Gaur gaurkoz, Ipar eta Hego Euskal Herriko jendartearen gehiengo oso zabalak presoen etxeratzea elkarbizitza demokratikorako beharrezkoa eta onuragarria dela deritzo. Guztiz marjinalak dira gatazkaren logika betikotu nahi duten sektoreak. Gaur da eguna zeinean jendartean hain errotuta dagoen borondate honek oztopoz beterik zegoen bidean argiz beteriko bidezidorra irekitzea lortu duen.

Orain, etxerako bidean iluntasunari irabazi diogun argitasun eremu hori guztiz zabaltzeko momentua da; Etxerako bidea bidezidorra izatetik lau karriletako autopista izatera pasa dadin.

Bitartean, gaur bezala, iluntasun guzti horiek argiztatzen jarraitu behar dugu. Kaletik eta aktibaziotik, herri eta auzoetan egiten diren dinamiketatik, ikastetxetatik, lantokietatik, instituzioetatik, … urtarrilaren 9an Euskal Herriko herri eta auzoetan eginen diren ehundaka mobilizazioak dira gure hurrengo erronka. Preso eta iheslariak etxeratzeko bidearen parte izan nahi dugun herritar guztion zita garrantzitsua. Zatoz gurekin, Izan Bidea, preso, iheslari eta deportatuak ETXERA!