“2€=2m2” kanpaina ekonomikoa martxan jarri dugu

Guztiok dakizuen moduan, ez da urte erraza izaten ari inorentzat. Etxean itxita egotea egokitu zaigu, gure senideengandik urrun, hauekin pantaila atzean edo distantzia bat mantenduz komunikatu behar izan gara eta musuak, laztanak eta besarkadak debekatu zaizkigu. Hau gutxi balitz, ekonomikoki ere urte gogorra izaten ari da.

Urtea amaitzen ari den honetan, guztiok gaude urte berri eta hobe bat hasteko desioan, hoberako izango denaren esperantza eta gogoz. Baita gu ere. Izan ere, aipatutako egoera gogor hori are gogorragoa izaten ari da, jada, guk aurten bizi izan duguna aurrez bizi zuten preso eta iheslarien senideentzat. Distantzia eta senideak ikusteko ezintasunei, pandemiak ekarritako muga are zorrotzagoek bereziki latza egin baitute 2020. urtea.

Guretzat, urte hasiera beti izaten da berezia eta baita esperantzagarria ere. Urtero, urtarrilean, milaka pertsona batzen gara Bilbon, salbuespeneko espetxe politikarekin amaitu eta etxeratze prozesuaren, elkarbizitzaren eta bakearen aldeko aldarria zabaltzeko. Ideia, atxikipen eta bizipen anitzak dituzten pertsonak mezu beraren baitan batzeak urtea indarrez hasteko bultzada eman ohi digu. Baina baita bertan batzen garen milaka pertsona guzti horiek egiten duten ekarpen ekonomikoak ere.

Bai, hala da, Sare Herritarrak urtean zehar preso eta iheslarien etxeratze prozesuaren alde eta, baita, elkarbizitzaren alde egiten duen jarduna bizirik mantentzeko Bilbon batzen garen bertako zein kanpoko herritarrok egiten dugun ekarpen ekonomikoa ezinbestekoa izaten da. Kalean gizarte aktibazioa bultzatzeko, alderdi, sindikatu, eragile sozial eta instituzionalekin egiten den lana egiten jarraitu ahal izateko, bizipen ezberdinak dituzten senide, biktima eta bestelako pertsonekin harremanak garatu ahal izateko, konferentzia, topaketa, bideo informatibo, mobilizazio zein bestelako ekimen oro aurrera ateratzeko, gustatu ala ez, diru-laguntza behar beharrezkoa baita.

Aurten, dakizuen moduan, ezin gara Bilbon elkartu eta ondorioz, bertan jasotzen dugun diru-ekarpen masiboa ere ezingo dugu jaso. Honek, kinka larrian kokatzen gaitu, esan bezala, lanean jarraitzeko ezinbesteko ekarpena baita Bilbon egiten duzuena. Aurrera egin aurretik, eskerrak eman nahi dizkizuegu, urtez urte Bilbora etorri eta zuen borondatez egindako ekarpen guzti horiengatik, zuek, herritarrak, izan baitzarete dinamika guzti honen sostengua. Milesker.

Gauzak hala, aurten egoera berezi honetan ospatuko dugun urtarrileko mobilizazioari begira, ekarpen ekonomiko eta sinbolikoa egiteko kanpaina xume bat jarri dugu abian, bi helburu izango dituena:

• Batetik, esan bezala, Bilbon jaso ohi dugun laguntza jaso ahal izatea, bertan egin ohi dugun ekarpena, herriz herri edota online eginez.

• Bestetik, bizi dugun egoera ezohiko honek ekarritako murrizketa eta zailtasunak medio, Bilbora atxikitzen ziren hainbat eta hainbat herritarrek euren parte hartze sinbolikoa bermatu dezaten. Izan ere, badira pertsona ugari, Euskal Herritik kanpo daudelako, gaixo edo konfinatuak daudelako edota arrisku maila altukoak direlako, urtarrilaren 9an mobilizazioan parte hartu ezin izango dutenak, baina euren atxikimendua eman nahiko dutenak. Haiei begira ere osatu dugu kanpaina hau, erosketa sinboliko baten bidez, euren parte hartzeko nahia jasoa gera dadin, eta presentziaz egin ezineko ekarpen hori, modu sinboliko honetan egina gera dadin, presentziala bezain garrantzitsua baita.

Helburuak hauek izanda, “2€=2m2” kanpaina abiatuko dugu, herriz herri egingo diren mobilizazioetan egingo dugun kale okupazioari aintzat hartuta, gutako bakoitzak gure herriko plazan okupatuko dugun m2-ari erreferentzia eginez. Esan bezala, erosketa sinbolikoa da, diru-laguntza batu eta bertaratu ezin direnen m2 sinboliko hori kontabilizatu dadin, bertan izango balira moduan. M2 sinboliko hori eskuratu eta ekarpena egiteko sare.eus/2euro2m2/web orrialdean online sistema ezarriko dugu eta mobilizazioak garatuko diren herrietan ere, bilketa egiteko sistemak ezarriko dira, leku batzuetan aurrez, beste batzuetan egun bertan (urtarrilaren 9an).

Honez gain, gogorarazi nahi dugu ere, Sareren jarduna modu jarraituan babesteko Bazkide egiteko aukera ere eskuragarri dagoela, hileroko ekarpena eginez. Ekarpen hau oso baliotsua da gure eguneroko jardunaren sostengu iraunkorra izateko. Horregatik, gaurko agerraldi hau ere probestu nahi dugu dei egiteko herritarrei bazkidetza egitera. Bazkide egiteko zure herriko Sareko taldearekin harremanetan jarri edota Sare.eus web orrian erregistratu zaitezke.