Gaurko agerraldian, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako kideak batu gara, iaz egin genuen moduan, aurten ere, Gabonen testuinguruan, hiriburuetan antolatu ditugun mobilizazioen berri eman eta bertaratzeko deia egiteko.

Duela ia hilabete egin genuen publiko aurtengo urtarrileko mobilizazioa. Bertan, bizi dugun egoera dela, eta Bilbon bildu ohi garen pertsona kopurua masiboa dela eta, herriz herri eta auzoz auzo mobilizatzeko deia egin genuen. Agerraldi horretan, “bidea gara” lelopean, herri-aktibazioaren garrantzia azpimarratu genuen:

– Batetik, bizi dugun egoerak espetxean diren pertsonengan eta euren senideengan izaten ari den eragin larria dela eta. Horren adibide da aita, ama edo biak espetxean dituzten hainbat eta hainbat motxiladun haur bizitzen ari diren egoera, umezurtz daudelarik gurasoak ikusi eta besarkatu gabe jada 9 hilabetetik gora baitaramatzate. Edota, Ibon Fernandez Iradiren kasua, larriki gaixo egon arren espetxean mantentzearen ondorioz, Covid-19ak kutsatua izan delarik, bere bizia ekidin zitekeen arrisku baten aurrean kokatuz. Zer esanik ez, urruntze politikari Covid-19a gehitzean, gaixotasun honen aurrean zaurgarriak diren senideek bizi duten egoerari dagokionez, bidaiak egin eta senideak ikusi ezinik daudelarik. Adibide soilak dira, beste hainbeste egoera mingarri sortu baititu salbuespeneko espetxe-politika honi pandemia egoera gehitu zaionean.

– Bestetik, behin eta berriro errepikatu dugun moduan, egun lortutako adostasun eta babes politiko, instituzional, sindikal eta sozialak eta bai frantziar estatuaren partetik, baita espainiar estatuaren partetik, txikiak eta ez orokortuak izan arren, ematen ari diren urratsek ireki duten aukera eta egoera berria probestu eta bultzatzeko beharra. Presoen egoerari aterabidea eman eta salbuespen legedia bertan behera geratu dadin, ezinbestekoa baiteritzogu gutako bakoitzaren ekarpenari.

Hori hala, urtarrilaren 9ra itxaron gabe, gabonetan ere kaleak aldarriz bete nahi ditugu. Gure senideekin elkartzeko aukera kolokan dagoen gabonen testuinguru honetan, ezin ahantzi baitezakegu urte luzeetan gure herrikide askok euren senideengandik urrun igaro behar izan dituztela data berezi hauek, aulki hutsez inguratuta, ehudaka edota milatik gora kilometrok bereizita, bidaia luzeak eta ospakizunak bateraezinak baitira.

Horregatik, lau hiriburuetan mobilizazioak antolatu ditugu abendu honetan: Iruñean, Bilbon abenduaren 19an, Gasteizen abenduaren 24ean eta Donostian eta Basaurin, berriz, abenduaren 26an. Eta mobilizazio hauek lau aldarri nagusiren baitan egingo ditugu;
– motxiladun haurrak gurasoekin egon behar dutela aldarrikatuko dugu
– etxeratze prozesua ahalbidetzen duen gradu-progresioa preso guztiei aplikatu behar zaiela aldarrikatuko dugu
– urruntze politikarekin behin betiko amaitu behar dela aldarrikatuko dugu
– eta larriki gaixo diren presoak etxean egon behar dutela aldarrikatuko dugu

Dei egiten dizuegu, beraz, guztiei datorren abenduaren 19an eta 26an egingo diren mobilizazioetan parte hartzera. Guztion bultzadaz soilik lortuko baitugu auzi honi aterabidea ematea eta elkarbizitzaren bidean urratsak egitea.
Izan zaitez zu ere bidearen parte.

DEIALDIAK:
abenduak 19 – Nafarroa – Iruñea – Espetxera martxa, 17.30ean, Berriozarretik (Euskal Herria plaza) “iluntasunari etxerako argia” lelopean
abenduak 19 – Bizkaia – Bilbo (Arriaga) – 19.00 – Mobilizazioa “bidea gara” lelopean
abenduak 24 – Araba – Gasteiz – 19:00 – Ahateen iturria plazatxoa
abendua 26 – Bizkaia – Basauriko anbulategitik espetxera ibilaldia.
abenduak 26 – Donostia – 11.00 – Martuteneko espetxetik irtenda Loiolaraino, motxiladun haurren gaia landuko duen mobilizazioa “urrunketa + covid 19 = umezurtz” lelopean