Bi hilabete daramatzate motxiladun haurrak euren gurasoak ikusi gabe, espetxe-bisiten debekua ezarri zenetik

  • Iratiren kasua bereziki aipatu nahi dugu, Bea Etxeberria eta Iñigo Zapirainen euskal presoen alaba; Iratik bi urte ditu eta gurasoekin espetxean egotea dagokio, baina larrialdi egoera honek aiton-amonekin (espetxetik kanpo) harrapatu zuen eta, oraindik orain, amarengana itzultzea debekatua du, konfinamendua dela medio.

  • Gaur jakin dugunez, BOEren publikazioaren arabera, preso diren pertsonak irteera baimenak eta lokutorio bidezko bisitak berreskuratzen hasiko dira. Berri pozgarria da hau, baina gogorarazi nahi dugu, euskal presoen senideen kasuan, salbuespen legedia dela eta senideengadik ehundaka eta milaka kilometrotara preso dauden pertsonez hitz egiten ari garela, eta beraz, zirkulazio mugimenduaren debekua dela eta, baimen honen aplikazioa nolakoa izango denaren zain gaude. Beste behin ere, urrunketa politika hau salatu eta presoak Euskal Herriko espetxeetara gerturatuak izan behar dutela exijitzen dugu. Senide eta haur hauek larrialdi egoera honen erdian, gurasoak ikusi ahal izateko, bidaia luzeak egin eta hainbat probintzia zeharkatu behar izango baitituzte, errepidean ibiltzearen arriskuari Covid-19aren kutsatze arriskua gehituz.

Saretik, beste behin, gure kezka adierazi eta salaketa errepikatu nahi dugu, oro har euskal presoek eta, bereziki, seme-alaba txikiak dituzten euskal presoek bizi duten egoeraren aurrean.

100 haur baino gehiago dira, gaur egun, ama edo aita, edo haietako hamabost baten kasuan, bi gurasoak kartzelan dituztenak.

Jasaten ari garen pandemiaren aurretik, haur horiek ehunka kilometro egin behar zituzten, beren gurasoak espetxean ikusi ahal izateko. Bidaia luzeak, irteerak ostiraletan eta itzulerak igande gauetan, eta horrela urteetan zehar.

Covid-19a dela eta ezarritako alarme egoeraren ondorioz, bi hilabetet luze hauetan haurrek ezin izan dituzte euren gurasoak bisitatu, eta, kasu askotan, bideokonferentzia bidez ere ezin izan dituzte ikusi. Hori da, hain zuzen ere, euskal presoen kolektiboari aplikatzen zaion salbuespen legediak eragiten duen beste errealitateetako bat; hain zuzen ere, senideengan eragin zuzena duen zigor gehiagarri bat, are gogorragoa dena haur txikientzat.

Gaur jakin dugu, BOEn argitaratuz, presoen irteera-baimenak eta lokutorioko bisitak berriro ere baimentzen hasiko direla. Sarek pozez hartu du erabakia, baina baita kezkaz eta zuhurtziaz; izan ere, euskal presoei ezarritako urruntze-politika dela eta, eta gaur egun Espainiako Estatuko egoiliar guztientzat indarrean dagoen zirkulazio askearen debekuaren aurrean, ez baitakigu euskal presoen senideek (eta presoen haurrek) bisita horiek egin ahal izango dituzten. Horrek, alde batetik, agerian uzten du beste behin ere, salbuespen legediarekin behingoz amaitzeko beharra, eta, bereziki, euskal presoei ezarritako urruntze-politikarekin. Bestalde, gogorarazi nahi dugu urruntze-politika hori arrisku egoera bat dela presoen senideentzat eta, bereziki, presoen seme-alabentzat; izan ere, errepideko bidaia luzeek dakartzaten arriskuei aurre egiteaz gain, orain Estatuko hainbat probintzia gurutzatzeko beharra gehituko litzaieke, Covid-19az kutsatzeko arriskuari ere aurre eginez. Zentzu honetan, Sarek, Espetxe Zuzendaritzen Idazkaritza Nagusiari, euskal presoei ezarritako urruntze politikak dakarren egoera berezitua haintzat hartu eta bisiten berrezartzean ezinezkotasun horri irtenbidea emango dion proposamena helarazteko eskaria luzatua zion jada. Gaurko Boletinean ordea, ez da kasuistika honi begirako adierazpenik barnebiltzen.

Bea Etxeberria eta Olatz Lasagabasterren kasu zehatzak

Prentsa-ohar honen bidez, bi euskal presoren (ama direnak) egoera ere ezagutzera eman nahi dugu: Bea Etxebarria eta Olatz Lasagabaster.

Bi presoak Aranjuezko espetxean daude, beraz, euren herritik ehunka kilometrora.

Bea Etxebarriaren kasuan, berak eta Irati alabak bizi duten egoera aipatu nahi dugu: Iratik bi urte ditu eta gurasoekin espetxean egotea dagokio, baina larrialdi egoera honek aiton-amonekin (espetxetik kanpo) harrapatu zuen eta, oraindik orain, amarengana itzultzea debekatua du, konfinamendua dela medio. Martxoaren 1ean irten zen Irati aiton amonekin eta Martxoaren 7an, berriro amarena itzuli behar zuenean, ezinezkoa zela jakinarazi zieten COVID19 delakoaren ondorioz neurriak jada ezarri baitzituzten.

Bea Etxeberria 2011n atxilotu zuten, Iñigo Zapirain bikotekidearekin batera. Biek bederatzi urte daramatzate kartzelan.

Olatz Lasagabasterren egoera ere antzekoa da. Olatz, Xua alabarengandik banandu zuten urtarrilean, honek hiru urte betetzean. Aita ere, Patxi, kartzelan dago. Olatz Lasagabaster berriro haurdun dago eta hamaika hilabete barru Auzitegi Nazionalak ezarritako 12 urteko zigorra beteko du. Hala, Olatzek, aspaldi egon beharko luke baldintzapeko askatasunean, zigorraren 3/4ak beteak izanda.

Espainiako Gobernuak publikoki adierazi du argibideak eman direla amek espetxez kanpoko bizitza-erregimenak eskuratu ahal izan ditzaten, haien eta seme-alaben osasuna bermatzeko, baina, beste behin ere, adierazpen horietatik baztertuta geratu dira espetxean seme-alabak dituzten euskal presoak.

Sare Herritar Sarean, presako irtenbide bat kudeatzen ari gara Espetxe Erakundeetan, talde urgente horri behin betiko irtenbidea eman ahal izateko.