2020ko maiatzaren 12a. Gaur, giza eskubideen aldeko hainbat gizarte erakundek “Covid-19ren testuinguruan Estatuko Administrazio Orokorraren mendeko espetxeetan deseskalatzeko proposamenak” aurkeztu dizkiote Espetxeetako Idazkaritza Nagusiari. Jarduera plan hori bultzatu duten erakundeen arabera, “Beharrezkoa da neurriak hartzea kartzeletan konfinamendua kentzeko eta ‘normaltasunera’ itzultzeko”. Kritikatu dutenez, “astebete baino gehiago da Gobernu zentralak deskonfinamendua egiteko faseak onartu zituela, baina oraindik ez da informazio espezifikorik argitaratu espetxeetan nola egingo den azaltzeko”.

Eskatutako neurrien artean dago “hirugarren graduak kontrol telematikoarekin, telefonikoarekin edo pertsonalarekin ezartzea, presoen kopurua murrizten jarraitzeko”. “Orain arte neurri hori modu eraginkorrean aplikatu da eta emaitza onak eman ditu, bai espetxeetako administrazioarentzat, bai askatasunik gabe dauden pertsonentzat eta haien familientzat”. Hala ere, “askatasunean edo erdi-askatasuna ardatz duten bestelako neurriak ezartzea” beharrezkoa dela azpimarratu dute. Haien esanetan, premiazkoa da, oro har, “neurriak hartzea Espetxe Erregelamenduaren 100.2 artikuluko erregimenean dauden pertsonei begira, 65 urtetik gorakoei begira, haurdun dauden emakumeei edo seme-alabak espetxean dituzten amei dagokionean edo gaixo kronikoei dagokionean, hauek etxeko atxilotze-erregimen irekiak jaso dezaten”. Era berean, nazioarteko erakunde askok bezala, “kondena laburrak dituzten pertsonentzat edo konfinamenduaren aurretik baimenak zituzten pertsonentzat eta kondenaren hiru laurdenak beteta dituzten pertsonentzat hirugarren gradurako progresioak egitea” gomendatzen dute.

Bestalde, “presondegiko bizitza normalizatzeko prozesua hasteko jarduerak suspertzea” ezinbestekoa dela adierazi dute. Tratamendu-jarduerak, prestakuntza-jarduerak edo kanpo-baliabideetara bideratzekoak “espetxeetan berreskuratzen hasi behar dira, jarduera horiek betetzen dutelako askatasunaz gabetzeko zigorraren konstituzio-agindua: presoak birgizarteratzea”. Puntu horretan, azpimarratu dute bereziki garrantzitsua dela “tratamendu-batzarrak egiteko legezko erritmoa berreskuratzea, eta, horrekin batera, presoen sailkapenari, baimenak emateari eta programatutako irteerak egiteari buruzko erabakiak hartzea”. Halaber, funtsezkoa da “programatutako baimenak eta irteerak berrezartzea, tratamenduaren barruan oro har eta espetxe-onura gehiago emateko duten garrantziagatik”.

Komunikaziora bideratutako neurriei dagokienez, proposamen hau bultzatzen duten erakundeek eskatzen dute “askatasunaz gabetutako pertsonen senideekin eta gertuko pertsonekin bideo-deiak mantentzea, bai eta konfinamenduan adostutako ezohiko deiak eta dei arruntak ere”. Era berean, “espetxean senideen bisitak pixkanaka berrezartzeko plan bat egitea eta gauzatzea ezinbestekoa” dela adierazi dute. Hori egungo osasun-egoeraren arabera egin ahal izateko, hau eskatzen dute: “senideen bisita-egunak luzatzea, espetxeetako sarreretan pertsona gehiegi zain egon ez daitezen”, eta “senideei eta hurbilekoei espetxeetara bisitak egiteko lekualdatzeko baimena ematea, eta, nolanahi ere, polizia-kidegoekin koordinatzea, bisitetara joaten diren pertsonek inolako zigorrik jaso ez dezaten”.

Azkenik, erakundeek Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiari eskatzen diote “presoek tratamendu-jardueretan eta programetan parte hartzerik izan ez duten denbora konpentsatzeko neurriak aztertu ditzala, ziurtatuz honela, askatasun gabetzearen zigorrak dituen helburuak behar lukeen zentzu positiboa bermatzen duela”. Era berean, “Covid-19aren aurrean antigorputzak garatu dituzten eta askatasunaz gabetuta dauden pertsonen ehunekoa aintzat hartzen duen seroprebalentzia-azterketa” egiteko eskatu dute.

Ohar honen sinatzaileak:

Altsasu Gurasoak,
Asociación Libre de Abogadas y Abogados,
Asociación Libre de Abogadas y Abogados de Zaragoza,
Asociación Pro Derechos Humanos de Andalucía (APDHA),
Centre Irídia,
Comisión de Asesoramento Xurídico Penitenciario de Ourense,
Comision Legal Sol,
Etxerat,
Grupo Derechos Civiles 15-M Zaragoza,
Ilustre Colexio da Avogacía de Ourense,
Observatorio del Sistema Penal y los Derechos Humanos de la Universidad de Barcelona,
Oteando,
Red Jurídica,
Salhaketa Araba,
Salhaketa Bizkaia,
Salhaketa Nafarroa,
Sare Herritararra – Red ciudadana Sare.