Gaurko agerraldi hau datorren larunbatean, abuztuak 3, Gasteizko jaien testuinguruan, Korapiloak askatzeko unea da, denok batera presoak etxera! Lelopean antolatu dugun manifestazioaren berri emateko deitu dugu.

Dakizuen moduan, Sare Herritarrak bost urte bete ditu aurten. Bost urte hauetan gure sarea hedatu eta sendotzen aritu gara, eta preso eta iheslarien eskubideen aldeko jendarte olatu anitz eta zabala aktibatu dugu. Milaka eta milaka herritarrekin batera aritu gara bakearen, elkarbizitzaren eta konponbidearen alde lanean Sareren baitan antolatu ditugun mobilizazioetan. Maila instituzional, politiko, sindikal eta sozialean ere gure aldarrikapenak babesten dituzten akordioak lortu ditugu, hala nola, Gasteizko eta Iruñeko Parlamentuetan eta Batzar Nagusietan zein Udaletan.

Gaur, esan dezakegu, instituzio hauetan jasotako babesak, euskal jendartearen %85a baino gehiago ordezkatzen dutela. Horregatik diogu, gero eta gehiago garela, gure ideologia politikoa oztopo izan gabe, euskal preso eta iheslariek jasaten duten eskubideen urraketaren aurrean isilik geratu nahi ez dugunak.

Instituzioetan edo kalean, lan munduan edo unibertsitatean, kultura edota kirol arloan… gero eta gehiago gara espetxe politika honekin amaitzeko aldarria egiten dugunak.

Gure bostgarren urteurreneko ekitaldian esan genuen moduan, garai berri baten aurrean aurkitzen gara.

ETAren desagerpenak, presoen kolektiboak hartutako erabakiak eta emaniko urratsak, Ipar Euskal Herrian Bakegileek Estatu frantsesarekin abiatutako prozesuak eta baita, hemen, Hegoaldean lortutako babes instituzional, politiko, sindikal eta sozialak egoera berri bati ateak zabaltzeko aukera ezin hobea sortu dute. Urte luzeetan sortu diren min eta korapiloak askatu eta elkarbizitzarantz eta bakerantz bidea egiteko aukera dugu esku artean. Ekin diezaiogun bide honi guztiok batera. Izan ere, gutako bakoitza auzi honi aterabidea emateko subjektu aktibo izatea ezinbestekoa da. Eta elkarbizitzaren alde lan urratsak emango ditugun pertsona multzo horren barruan sartzen dira ere euskal presoak eta herri honetan jasandako indarkeria mota guztiek sortutako biktima oro. Guztion artean egingo dugu.

Eta horixe da hain zuzen ere, datorren larunbatean antolatu dugun manifestazioan aldarrikatu asmo duguna.

Azkenik, gaurko agerraldia probestuz, egungo Gobernu espainiarrari dei egin nahi diogu; Gobernu eratze arazoak ez daitezela aitzakia bihurtu egungo espetxe politika mantendu eta sufrimendua baino eragiten ez duen egoera hau luzatzeko. Iazko ekainean adierazi zuten moduan, euren konpromisoak bete ditzatela eskatzen diogu; hainbatetan adierazi duten moduan, espetxe politika honen aldaketa praktikara eraman dezatela.

Ausardia eta ardura eskatzen diogu Gobernuari. Mendekuan oinarritutako espetxe politika honen amaiera ekarriko duen bidean lagun izango gaituzte, ez ordea, sufrimendua luzatzen jarraitzea erabakiz gero. Jendarte honen gehiengoak argi adierazi du azken urte hauetan zein den bere nahia, baita berau ordezkatzen duten instituzioek ere. Sarek bost urte hauetan luzatutako eskariak, gehiengo baten eskariak dira:

  • Urruntze politikaren amaiera
  • Larriki gaixo diren presoen etxeratzea
  • Eta, egoera hau ahalbidetzen duen salbuespeneko legedia bertan behera geratzea.

Agerraldiari amaiera emateko, dei egin nahi diegu egoera honekin amaitu nahi duten herritar guztiei datorren larunbatean, abuztuak 3, arratsaldeko 19:00etan Andra Mari Zurian gurekin bat egitera. Desmond Tutturen hausnarketa gure eginez, bertaratzera gonbidatzen zaituztegu, “injustizia egoeren aurrean neutral izateak” sufrimendua sortzen ari dena baino ez duelako indartzen.