Gaur hemen batu garen pertsonak bakearen, elkarbizitzaren eta konponbidearen alde aurrera urratsak emateko prest gauden herritarrak gara. Izan ere, horixe da Sare Herritarra osatzen dugunak dugun konpromisoa, presoen auziari aterabidea eman eta sufrimendurik gabeko etorkizun baten alde aurrera egitea. Herri gisa aurrera egin, elkarbizitzan sakondu eta presoen auziari aterabidea emateko herritarron aktibazioa eta konpromisoa ezinbestekoa dela adierazi nahi dugu gaur.

Sare lanean aritu den bost urte hauetan jendarte multzo zabal eta anitzaren atxikimendua saretu dugu, baita instituzioen zein alor politiko, sindikal eta sozialaren babesa artikulatu ere. Zentzu honetan, salbuespeneko espetxe politikarekin amaitzearen alde lortutako akordioak balioan jartzeko eskatu nahi diegu instituzio eta alderdi politikoei. Urrunketarekin amaiera eta larriki gaixo diren presoen etxeratzearen alde EAE eta Nafarroako instituzio nagusietan akordio sendoak lortu dira, alderdien gehiengoaren babesarekin. Adostasun horiek jendartearen %85a inguru  rdezkatzen dute, eta hain zuzen ere, Gobernu espainiarrean eragin eta salbuespeneko espetxe politika hau aldatzeko inpultsua egiteko, gehiengo hori erabiltzeko eskatu nahi diegu alderdiei.

Gaur hemen, kalean mobilizatu garen herritarrak eta baita alor instituzionalean adierazpen ezberdinen bitartez erakutsitako adostasunak, espetxe politika honekin amaitzeko nahia eta beharra duen herri bat ordezkatzen dute. Inongo pribilegiorik eskatu gabe, ezohiko legedia baztertu eta legea errespetatuz preso eta iheslariei etxerako bidea egiten uzteko aldarria egiten ari gara. Finean, mendekua alboratu eta etxerako bidea, dagokien gisara egiteko tresnak martxan jartzeko eskatzen ari gara.

> GASTEIZ, ABUZTUAK 03KO MANIFESTAZIOREN HITZARTZEA:

» https://bit.ly/2GHzU18